Atzerako ispilua
Aspaldi erakutsi ziguten auto gidari onaren ohituren artean atzerako ispiluaren erabilera egokia zein garrantzitsua den. Ikasi genuen atzerako ispilua, atzeraka egiteko baino, aurrera zuzen eta segurtasunez egiteko beharrezkoagoa zela. Atzerako ispiluari begira, behar baino atentzio gehiago emanez gero, aurrekoarekin talka egiteko arrisku handiegia legokeela.
Metaforak balio lezake Eusko Jaurlaritzak, Bake eta Bizikidetza idazkariaren ahotan jarri duenari kontu hartzeko. Izan ere, ezker abertzaleak epaitegietan lotu berri duen akordioari erreparatu behar izan dionean, aurrera begira baino atzerako ispiluari jarri dio begirada. Hogeita hamar urte egin dio atzera oroimenak eta urte horietan antzekorik egin ez izana leporatu nahi izan dio ezker abertzaleari.
Egindako akordioa aurrera begira egina dagoela ukaezina da. Iragana atzean utzi eta inoiz gehiago “justiziaren” erabilera politiko interesatuak inor gehiago kartzelara eraman ez dezan bide bat irekitzera bideratua dagoenean, ez du Eusko Jaurlaritzak atzerako begirada hauspotzea baino burutapen hoberik izan.
Burutapen setatsua eta mingarria askorentzat, bizikidetzaren gidari on izan nahi duen edonorentzat hanka sartze larria eta zoritxarrekoa. Bizikidetzak konfiantzak eta konplizitateak bilatzea eskatzen du, baina Eusko Jaurlaritzak oraingoan erakutsi duen talantea jostailua kendu dioten haur baten egoskorkeria eta kasketatik gertuago dago, heldutasunak eskatzen duen ongi eginaren aitortzatik baino.
Gehiegi dira, bestela ere, ezker abertzalea konponketaren alde egiten ari den ahalegina zangotrabatzeko dauden interesak, Cuatro telebista espainiarra egiten ari den intoxikazio kanpaina lekuko, aurrera begira emandako urrats bakoitzeko Eusko Jaurlaritza ere jeloskor jokatzeko. •
