Gorka Elejabarrieta

Bidea eta oinetakoak

Aurreko asteburuan Utrechten egon nintzen, New World Summit nazioarteko erakundeak antolaturiko konferentzian. Rojavako egoera eta kurduen estaturik gabeko demokrazia –eta horri loturik proposatzen duten eredu konfederala– abiapuntu harturik, Irlanda, Palestina, Islandia, Eskozia, Herrialde Katalanak, Filipinak, Euskal Herria eta beste herrialde askotako ikuspegi eta proiektuak aztertu genituen. Ariketa interesgarria eta aberasgarria, dudarik gabe. Nahiz gauza jakina izan, azpimarratu behar da ez daudela bi egoera berdin, bi prozesu berdin, eta, ondorioz, ez dagoela erantzun bakar bat errealitate ezberdin horiei guztiei erantzuteko. Prozesu bakoitzak bere bide propioa erabaki eta egin behar du. Ingelesez esaten den bezala, ez dago “one size fits all” konponbiderik.

Estatuen jarrera eta izaerak ere ezberdinak dira, demokratikoagoak edo irekiagoak diren estatuetatik batere demokratikoak ez direnetara; beltz eta zurien artean badira grisak ere. Izaerok ez dira estankoak, zenbait kasutan moldatu, aldatu egiten dira. Nazio askapen mugimenduak ere askotarikoak dira; ez daude bi mugimendu berdin. Hori bai, eta kasuak banan-banan aztertzen jarrita, estatu guztiek helburu berdintsuak dauzkate: statu quo-a eta haien lurralde batasuna mantentzea. Era berean, nazio askapen mugimenduek ere antzeko helburuak dituzte, askatasuna, berdintasuna eta justizia sozialari oso loturikoak. Estatuen jarrera, izaera, historia eta momentuko egoeraren arabera, nazio askapen mugimenduak haien taktika eta epe ertaineko helburuak moldatzen doaz.

Hala ere, iruditzen zait, orokorrean, nazio askapen mugimenduen borroken eskemetan antzeko progresio bat ematen ari dela. Eskema klasiko batetik –konfrontazioak negoziazioa eta akordioa ekarriko zituela eta akordioak, hau da, sinaturiko dokumentu horrek, izan genitzakeen aldarrikapenei erantzuna eta konponbidea emango zizkiela zioena–, beste eskema batera pasa garela –zeinetan jada ez den bilateraltasunean sinesten–. Bide berri horretan helburu eta aldarrikapen horien aldeko gehiengoak eraikitzeari ematen zaio bereziki indarra. Nork bere herrian, alde askotariko prozesu parte hartzaile, plural, eraikitzaile eta akumulatzaileak martxan jarriz, estatuen jarrera noiz aldatuko den itxaron gabe. Prozesu horiek, Eskoziako adibideak erakutsi digun bezala, estatuen jarrera aldatzea ere lor dezakete, akumulazioa eta parte hartzea akordioen eta konponbideen motor berria izatera helduz. Eta Estatuaren jarrera aldatzea lortzen ez badu ere, Katalunia erakusten ari zaigun bezala, independentzia bururaino eramateko balio dezake.

Gure egoera Eskozia eta Kataluniarekin konparatzen dugu maiz, eta herriotako bideak jarraitu beharko genituzkeela aldarrikatzen dugu askotan, baina ezin dugu ahaztu gureak Irlandarekin eta antzeko herrialdeekin ere parekotasun handiak dituela. Horri loturik doa bigarren elementu nagusia: konfrontazio armatua izan duten edo oraindik daukaten kasu gehienetan, nazio askapen mugimenduetako erakunde armatu gehienek konponbide prozesu elkarrizketatu eta negoziatuen aldeko apustu garbia egin dute. ETA ez zen lehenengoa izan, ezta azkena ere, bere ondoren beste horrenbeste etorri baitira. Badira egoera berri horren arabera haien jarrera moldatu duten estatuak, Erresuma Batua, Kolonbia, Burma, eta abar. Baita batere aldatu ez dutenak ere, espainiar Estatua bera edo Turkia, batzuk aipatzearren. Garrantzitsuena, nire ustez, momentua iritsita behar diren erabakiak hartzea da; eta zailena, behin erabakia hartuta, zure mugimendua eta herria bera egoera berri horrek eskatzen dituen praktika politiko berrietara egokitzea.

Horiek dira gako nagusiak nire ustez, eskema edo bide orri berriak, aurrekoak zaharkituta eta baliorik gabe geratu direlako. Eta bide orri berri horiek behar bezala ibiltzeko oinetako aproposak behar dira, hau da, praktika eta diskurtso politiko egokiak. •