«Gure haurrak ez dira okerreko gorputzean jaio; okerrak ez dira gorputzak, kanpoko begiradak baizik»
Jaiotzeko orduan genitalei begira zehazten da pertsonen sexu identitatea. Batzuetan, baina, inposatutakoa eta benetako identitatea ez datoz bat. Transexualitate egoeran dauden adingabeen gurasoak bildu dira Chrysallis elkartean, seme-alabei samurra ez den bidea egiten laguntzeko. Jendarteak ere badauka zeregina: begiratzeko modua aldatzea.

Badira zakila duten neskak eta alua duten mutilak. Ez dirudi ulertzen zaila, baina oso korapilatsua gertatzen zaio “zakila berdin gizona” eta “alua berdin emakumea” zutoin zurrunen gainean eraikitako jendarteari. Hain korapilatsua eta ezezaguna, kalkulatu ezineko mina sortzeko gai dela. Transexualitate egoeran dauden pertsonen suizidio saiakera tasa %41 ingurukoa da. Bistaratzen ari den errealitatea da, urte luzez ezkutuegi gorde dena eta modu aldrebesean ulertu. Aste honetan bertan jakin da transexualitate egoeran dagoen 4 urteko ume baten izen aldaketa onartu duela Tolosako epaitegi batek, Gipuzkoan lehena.
Chrysallis Euskal Herriko adingabe transexualen familien elkartea hasi berria da, artean ez du urtea bete, eta aurretik dauka ibili beharreko bide luzea. Luzea eta itxaropentsua, egiteko asko dagoelako. EAEn 2012. urtean onartu zen transexualitatearen inguruko legea eta oraintxe pertsona transexualen arretarako gida integral batean ari dira lanean Chrysallisekin elkarlanean, bizitzaren arlo desberdinetan sor daitezkeen korapiloak askatzeko bidean jartze aldera. Esandakoa, luzea izanagatik, ibili beharreko bidea.
Elkarrizketa proposatu genizunean baiezkoa bidali zenigun bueltan, eta baita ekidin beharreko esamolde eta ideia okerren zerrenda ere. Ezezagutzak min handia egin dezake, ezta?
Konturatuta ginen komunikabideetan transexualitate egoeran dauden haurren gaia lantzen zenean, ezezagutza zela-eta, maiz esaten ziren gauzak ez zirela zuzenak eta, gainera, mingarriak zirela. Euskal Herrian elkartea iazko martxoan eratu genuen, ez dugu urtea egin, eta Estatu espainolean Chrysallisek bi urte daramatza. Arlo askotan ari gara lanean, baina ikusi dugu bereziki garrantzitsua dela ezagutza haur hauen bizitzan bidelagun izateko. Eta errealitatea ezagutzeko hitzak oso garrantzitsuak dira. Gure buruetan badira aurretik ezarritako zenbait ideia, eta errealitate honetara hurbiltzeko beharrezkoa da ideia oker horiek guztiak desmuntatzea.
Egin dezagun desmuntatzeko ariketa hori.
Deseraiki beharreko oinarrizko ideia ondorengoa da: “zakila berdin mutila” eta “bulba berdin neska”. Eta ideia hori eskola liburuetan agertzen da, jendartean etengabe presente dago... eta deseraiki beharra dago. Errealitatearen behaketak sortzen duen sinplifikazio bat da hori. Mutil gehienek zakila dute eta neska gehienek bulba dute, eta horrek eramaten gaitu pentsatzera –eta hau sinplifikazio bat da– mutil guztiek dutela zakila, eta, neska guztiek, alua. Alegia, sinplifikazio horrek genitalak eta identitatea bat datozela pentsatzera garamatza. Gaur egun dauzkagun datuen arabera, 1.000 pertsonatik bat transexualitate egoeran egongo litzateke. Ikerkuntza mailan gauzak ez daude argi, ikerketa zehatzagoak eta hobeak egin behar dira. Gehien aipatzen diren ikerketen arabera, 10.000 pertsonatik bat da. Baina ikerketa berriagoek eta errealitateak erakusten dute hori ez dela zuzena, eta segur aski 1.000 pertsonatik bat izango da zakila duen neska edo bulba duen mutila. Horregatik nahitaezkoa da ideia oker hori deseraikitzea. Hartara, elkartetik zabaltzen dugun leloa honako da: “Badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutilak”.
Deseraiki beharreko beste ideia bat: «Gorputz okerrean jaiotako pertsonak. Mutiko baten gorputzean jaiotako neskatoa (edo alderantziz)».
Gure kulturan transexualitatea ulertzeko edota azaldu ahal izateko moduetatik datoz esamolde horiek. Baina egun daukagun ezagutzari esker, adierazpen horiek guztiak gainditu egiten ditugu, ez direlako zuzenak eta, gainera, ez dutelako ulertarazten zer den transexualitate egoera.
Gure haurrak ez dira okerreko gorputzean jaio, gure neskak neskak dira, eta, gure mutilak, mutilak. Gure haurrak bere gorputzean daude eta gorputzak ezin dira okerrekoak izan. Okerrak ez dira gorputzak, okerrak kanpoko begiradak dira.
«Neskatoa izan nahi duen mutikoa (edo alderantziz)».
Nire alaba ez da neska izan nahi duen mutila. Bera neska da, eta nahi duen eta behar duen bakarra da gainontzekook ere halaxe ikustea, neska bat bezala. Gainera, ez da aukeratu edo erabaki duen zerbait, bera horrelakoa da, eta hori aniztasunaren baitan kokatzen da. Beren gorputza berezia da, guztion gorputza berezia den bezala. Ez daude bi gorputz berdin.

Diozunez okerrak ez dira gorputzak, okerrak kanpoko begiradak dira.
Pentsa, duela hamarkada batzuk ezkerrak zirenei esaten zitzaien kapritxo bat zela, ohitura txar bat, deskubritu zuten arte ezkerra edo eskuina izatea burmuinaren lateralizazio kontuekin lotuta zegoela. Alegia, ezin duzula erabaki ezkerra edo eskuina zaren, baldin eta ez baduzu zure gorputza behartzen.
Homosexualitatearekin ere berdintsua gertatu zen XX. mendean; lehendabizi bizio bezala hartzen zen, bekatu bezala, gaixotasun bezala... Eta gehiago erakartzen banaute mutilek edo gehiago erakartzen banaute neskek, ez da nik horrela erabaki dudalako, ni horrelakoa naizelako baizik. Aniztasunaren adierazpen bat baino ez da. Eta aniztasun horren baitan, badira zakila duten neskak eta alua duten mutilak.
Begirada okerrak, ezezagutza, ezin ulertua... sufrimendu asko eragiten duen egoera da, ezta?
Aurreko hamarkadetan –oraindik ere akaso, nahiz eta gauzak aldatzen ari diren– desira homosexuala zuten pertsona askok bere orientazioa ezkutatzen zuen eta ahal zuen bezala bizi zuen bere bizitza, horrek dakarren sufrimenduarekin. Pertsona transexualen kasuan ez da desira ukatzen dena, identitatea baizik. Eta sexu identitatearen gainean eraikitzen dugu pertsonaren izate osoa. Beraz, gizona izan eta emakume bezala bizitzea, edo emakumea izan eta gizonezko bezala bizitzea –eta benetan zarena ezkutatu behar izatea–, kalkulatu ezineko sufrimendua da. Gure pertsonalitatea beti eraikitzen dugu besteen begiradaren ispiluan. Ni neska banaiz eta inork ez banau ikusten neska bezala, benetan ez naute ikusten. Eta ikusia ez izatea, besteek ikusten ez zaituztela bizitzea, izugarri latza da izaera eraikitzeko orduan. Hori kaiola bat da, ez zaituztelako ikusten eta, gainera, ez dizutelako uzten benetan zarena izaten.
Noiz adierazten du haurrak jaio zenean genitalei begira ezarri zioten sexua ez dela berea?
Haurrak bere identitatea adierazten hasten dira hitz egiten hasten direnean, 2 urte inguruan. Kasu gehienetan, direna adierazten dutenean, esaten zaie ezin direla izan mutil alua dutelako edo ezin direla izan neska zakila dutelako. Mezua garbia da: ezin duzu izan benetan zarena zure genitalengatik, hanka artean daukazunagatik. Mezu hori behin eta berriz errepikatzen da etxean, eskolan, jendartean, telebistan... Ondorioz, haurrak ez du ulertzen zer den, berak gauza bat sentitzen duelako baina kanpotik beste bat esaten diotelako.
Bestetan, eta ikaragarria da, muturreko egoerak gertatzen dira, haurrak sentitzen baitu ezin duela izan bera dena bere genitalen ondorioz eta horiek anputatzera ere irits baitaiteke. Horrelako kasuak kontatzen dituzten gurasoak entzunda bihotza hausten zait. Egoera horrek, gainera, asko zail dezake gerora gorputz propioaren kudeaketa, bereziki genitalena.
Chrysallis elkarteak, esan duzunez, bi urte daramatza Estatu espainolean eta Euskal Herrian urtebete baino gutxiago. Hasi berriak zarete eta bide luzea dago aurretik, ezta?
Fenomeno berri baten aurrean gaude; azken urteotan Estatu espainolean –eta Mendebaldean esango nuke– bagara familiak gure haurren transexualitate egoera onartzen dugunak eta lagundu egiten diegunak. Hori lehen ez zen ematen, edo ez zen behintzat publikoki eta komunitate mailan ematen. Hau fenomeno berria da, oso interesgarria, eta ikertu egin beharko da zer emaitza ematen dituen. Gure haurrak izango dira lehen belaunaldia haurrak direnetik beren sexu identitatearekin biziko direnak, jaiotzaren orduan eman genien identitatearen desberdina den identitatearekin. Orain artean helduaroan beren sexu identitatearekin bizi diren pertsona transexualen erreferentzia baino ez dugu izan. Pertsona horien gehiengoak esaten du haurtzaroan ezin izan zirela bizi direnaren arabera eta asko sufritu zutela. Horregatik da berria fenomeno hau.
Bestetik, beste berritasun bat da familia batzuek aukera izan dugula gure haurrei ez ezartzeko beren genitalen kontrako jarrera, ez baitira bata edo bestea beren genitalen arabera. Oso interesgarria da, beren identitatearekin bizi diren eta beren genitalekin inolako arazorik ez duten haurrak ikusten ari garelako. Ikusiko dugu beren bizitzaren garapenean baldintza horiek zer-nolako eragina duten, baina pentsatzekoa da aurreko belaunaldietako pertsona transexualen bizipen oso desberdinak izango dituztela. Eta pentsatzekoa da beren gorputzaren kudeaketa ere desberdina izango dela. Beste gauza bat da gure haurrek beren gorputzarekin zer egin nahiko duten, baina guk gure partetik ahal dugun guztia jarriko dugu haiek beren gorputza den bezalakoa maita dezaten.
«Gure haurrek erabakiko dute beren gorputzekin zer egingo duten». Jendarte honetan ez da samurra rol estetikoen mandatuetatik ihes egitea.
Jendartea kontu estetikoekin gero eta zorrotzagoa da. Diskurtso sozialean aniztasuna baloratu beharreko gauza bat bezala ari da zabaltzen, badaude horren aldeko diskurtsoak, baina, era berean, edertasun estetikoaren aldetik gero eta inposizio zorrotzagoak daude; emakumeen gorputzak nolakoak eta gizonezkoenak nolakoak izan behar duten zorrotz markatzen dutenak. Zentzu horretan, aurrera joan beharrean eta ikuskera zabaldu beharrean, ixten ari gara.
Esaterako, emakumeek ezin dute ilerik eduki inon, ez bada buruan. Aurpegian, batere ez. Jokaldia oso maltzurra da. Ezaugarri maskulinoak eta femeninoak markatzen dira eta ezaugarri maioritario horiek inposatu egiten dira. Adibidez, emakume gehienek gizon gehienek baino ile gutxiago daukate aurpegian. Beraz, inposatzen da emakumeek ezin dutela ilerik izan aurpegian. Eta badira aurpegian ilea duten emakumeak. Bularrekin, berdin, zorrotz markatzen da nolakoak izan behar duten, baina emakume guztiek ez dituzte horrelako bularrak, ezta? Eta non geratzen da aniztasuna?
Transexualitate egoeran dauden haurrek rol zorrotz horietan sartzen nahiko lan.
Gure umeek hori guztia eztandarazten dute. Zakila duen neska batek edo bulba duen mutiko batek inposizio horien oinarrian dagoen genitalen logika hankaz gora jartzen du. Inposizio horiek ez baitira sortzen emakume identitatearen edota gizon identitatearen gainean, genitalen gainean baizik. Eta gizarteari sekulako kontraesanak sortzen dizkio.
Kontraesanok egoera askotan azalarazten dira, ezta?
Kontraesanok leku askotan ematen dira, bai, kasik guztietan esango nuke. Aniztasunaren alde egiten duten mugimendu sozialen eta hausnarketa politikoen baitan ere kontraesan handia sortzen dute gure haurrek. Rolen inposizioaren aurka borrokan ari diren mugimenduek binarismoa hautsi egin behar dela esaten dute. Eta mugimendu horietan gure haurrek planteamendu asko hausten dituzte. Bada diskurtso bat esaten duena generoa eraiki egiten den zerbait dela, eta gure haurrek ideia hori goitik behera puskatu egiten dute. Gure etxean gure alaba eraiki genuen mutil bat bezala –oso modu askean, hala ere– eta bere identitateak hautsi egin zuen hori, gainditu egin zuen eraikuntza. Horrek ez du esan nahi sozialki ez direnik eraikitzen generoaren inguruko gauza asko; baina identitatea ez da eraikitzen, hori barrutik dator.
Eta hausten dute, era berean, mutilak eta neskak ez direla existitzen esaten dutenen diskurtsoa, hirugarren sexu bat egon daitekeela esaten dutenena. Gure haurrek ez dute esaten hirugarren genero batekoak direnik, ez neska ez mutila. Gure haurrek garbi esaten dute “ez naiz mutila, neska naiz”, edo alderantziz. Gure haurrek garbi esaten digute neskak edo mutilak diren, hori bai, hortik aurrera utz diezagutela emakume edo gizon izaten nahi dugun moduan. Ez diezagutela inposatu emakume edo gizon izateko modua eta utz diezagutela maitatzen nahi dugun moduan.
Intersexualitatearen kontzeptua ere hor dago.
Intersexualitatea gaur egun askotan aipatzen da genital anbiguoak dituzten haurrei buruz hitz egiteko. Eta pena bat da hori definitzeko erabiltzea, horrekin berriro sexualitatea genitaletan jartzen delako.
Sexologian, berriz, intersexualitatearen kontzeptuak mende bat inguru darama zirkulazioan eta oso emankorra da aukera ematen digulako errealitatea osotasunean ikusteko. Kontzeptu horrek adierazten du pertsona orok bi sexuetako ezaugarriak ditugula, maskulinoak eta femeninoak. Bi sexu zergatik? Ikusten dugulako gure jendartean eta baita munduko beste jendarte batzuetan ere munduan egoteko bi modu desberdinekin identifikatzen garela gizakiak. Nahi duzun hitzekin jarrita.
Denok ditugu ezaugarri maskulinoak eta femeninoak –nagusiki gizonezkoekin edo nagusiki emakumezkoekin lotzen diren ezaugarriez ari naiz, ez da kontu esentzialista bat–, finean, dena neurri kontua da. Identitatea soilik singularrean eta lehen pertsonan adierazten da: ni naiz. Sexu identitatea lehen pertsonan adierazten da eta oso lotuta dago hizkuntzarekin. Oso lotuta dago pentsamenduarekin eta autokontzientzia bat da.
Kontzeptuak aparte, gatozen egunerokora. Transexualitate egoeran dagoen haurraren gurasoek zer egin dezakete?
Prozesu pertsonala oso indartsua da. Guraso bezala, denok dauzkagun eskema horiek guztiak hautsi egin behar ditugu. Horretarako, nahitaezkoa da informazioa eta ezagutza. Gaur egun, zorionez, beste gurasoen babesa ere hor dago. Lehen gauza gure haurrak esaten diguna entzutea da eta berak esaten duena horrela dela jabetzea. Ez da erraza, askotan pentsatzen baita oraindik oso txikia dela, gero akaso aldatuko dela... Tira, une honetan zure haurra gauza bat esaten ari zaizu, entzun nahi diozu? Bai ala ez?
Eta haurrak ez entzuteko joera orokorra da, gainera. Badira beste haur batzuk, transexualitate egoeran ez daudenak, mutilak direnak eta printzesen soinekoak nahi dituztenak; edo azazkalak margotu nahi dituztenak; edo futbolean jokatu nahi duten neskak eta zuhaitzetara igo nahi dutenak. Jendarte bezala ez al gara gai izango haur horiek zoriontsu izaten uzteko? Ze tristea, ezta?
Transexualitate egoeran dauden haurren kasuan lehen gauza entzutea da, gure hitz jarioa eta gure pentsamendu jarioa eten eta haurra entzun: “zer esan dit?”. Hortik aurrera, bidelagun izatea da gakoa. Eskema zaharrak eta baliorik ez dutenak baztertu, eta gure seme-alaben bidelagun izan.
Nola izan bidelagun?
Niretzat bidelagun izatea alboan joatea da; ez aurrean bidea zein den seinalatuz, kasik hobeto urrats bat atzerago eskuak zabalik, bere bidea egin dezan atzean gurasoen babesa sentitzen duela. Hori oso abstraktua izan daiteke. Egunerokoan, zer? Olentzerori panpina bat eskatzen badio, zergatik ez dio ekarriko? Eta esaten badu ilea luzea nahi duela, zergatik inposatu ilea moztea?
Bidelagun izate horretan bada eman beharreko urrats handi bat. Transexualitate egoeran dauden haurren kasuan, une batean beharrezkoa da gure begirada aldatzea. Hau da, mutil bat ikusten duzun tokian neska bat ikustea, edo alderantziz.
Zuenean eman duzue urratsa.
Gure kasuan, nik uste nuen mutil bat nuela, eta mutil bezala ikusten nuen bitartean ez nuen bera ikusten. Jauzia ematea, mutil bat ikustetik neska bat ikustera pasatzea, funtsezkoa izan da. Gure etxean beti utzi izan diogu nahi duen bezala janzten, nahi duen jostailuekin jolasten... Mutil bat ikusten genuenean ere soinekoak janzten zituen. Garai hartan jendartearen begirada zentsuratzailea jasan behar izan genuen soinekoak eta diademak janzten zituen eta mototsak zituen mutil bat izateagatik. Guk gizarteari aurre egin behar izan genion garai hartan semea zela uste genuena nahi zuen bezala janzten zelako. Zergatik inposatu behar zion inork nola jantzi eta zertara jolastu?
Baina ez zen nahikoa. Gure txikiak, bi urtetan zehar, goizero-goizero negar egiten zuen ispiluaren aurrean. Berak gizartearen begiradaren aurrean neska bat zela adierazteko beharra zuen, baina denok mutil bezala ikusten genuen, nahiz eta soinekoak jantzi.
Lau urteko prozesu luze baten ondoren, azkenean neska bat genuela konturatu ginen, berak beti esan izan zuen bezala, eta begirada aldatu genuen. Inguruko guztiei jakinarazi genien. Nire emaztea auzoko dendetara joan zen eta garbi hitz egin zien: «Gure alabak zakila dauka eta neska bat da». Horrek, noski, krakateko izugarria sortu zien guztiei. Hori pasa eta bi aste baino lehenago gure alabak ispiluari begiratzeari utzi zion eta aspaldi jantzi gabeko arropak janzten hasi zen. Berak dagoeneko ez zuen adierazi behar besteen begietara zer zen arroparen bidez, eta lasaitu egin zen. Berak dagoeneko ez du egunero borrokatu behar besteek garbi ikus dezaten bere identitatea.
Ez dirudi prozesu samurra begirada aldatzea.
Oso zaila da; sexologiak berak ikertzen duen gaia da. Gure burmuinak pertsona bat neska edo mutil bezala etiketatzen duenean, oso zaila da aldatzea. Eta ez da borondatez egiten dugun zerbait, kaletik goazela gure burmuinak etengabe egiten du pertsonak etiketatzeko ariketa hori. Eta burmuinak identifikatzen ez duen norbait topatzen baduzu, nahiz eta zuk nahi ez izan, burmuina martxan jartzen da detaileak topatu nahian; bularrak, ileak non, zintzur-korapiloa...
Nik hori ez dut txartzat hartzen, txartzat hartzen dut emakume baldin bada gaizki tratatzea edo gizonezkoa bada soldata hobea izatea. Nik horren kontra borrokatuko dut.
Horregatik da zaila neska bezala etiketatu duzun haurra bat-batean mutil bezala ikustea. Denbora eta borondatea behar dira, ahalegina egin behar da. Prozesu horretan gurasoak eskuzabalak izan behar dugu gure buruarekin, denbora hartu eta ez zigortu gure burua ondo edo gaizki ari ote garen epaitzen.
Pentsatzekoa da elkartera gerturatzen diren familiek ikuskera zabal samarra dutela. Bestelakoak ere izango dira, ezta?
Guk kalkulatzen dugu Hego Euskal Herrian hemezortzi urtez azpiko 400 haur eta gazte daudela transexualitate egoeran. Elkartean uneotan hogei familia gaude eta beste hamar-hogei familia ezagutzen ditugu. Asko jota, guztira 40 familia. Horrek esan nahi du 300 familiatik gora daudela –eta horietako batzuk seguru beren prozesua egiten ari direla–, haurrek adierazten dutena ez dutena ulertzen, beren seme-alabak ez dituztenak entzuten. Eta pentsatzekoa da haur horiek ez direla batere egoera samurra bizitzen ari.
Eskoletan ere lan egin behar.
Elkartea sortu genuenetik trantsitua egiten ari diren haurren eskolekin lanean ari gara. Trantsitua esaten diogu gizartearen aurrean mutil bezala agertzen zen haurra neska bezala agertzen hastea –edo alderantziz–, bere identitatearekin bat. Eta trantsitua egiterakoan, toki garrantzitsua da eskola.
Chrysallis elkartetik formakuntza saioak egin ditugu irakasleekin eta gurasoekin. EAEn badago zerbitzu publiko bat, Berdindu Eskola, egoera hauek kudeatzen dituena eta une honetan elkarlanean ari gara.
Eskoletan egin ditugun saioetan garbi ikusi dugu irakasleek beharra dutela informazioa izateko eta asko eskertu dituzte saioak, ikasteko gogoz daude. Hala ere, saio horiek eskas geratzen dira eta berriki sortu dugu trantsitua egin duten eskola horien arteko sare bat informazioa parteka dezaten. Nola kudeatu soinketa orduak eta aldagelak... eta horrelako kontuak. Material didaktikoa falta da, eta horretan ari gara lanean. Asko dago egiteko, baina ari gara.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
