Iparraldeko estazioa


Exekutibo bat maleta beltzarekin eta bizkarra okertzeraino betetako bi motxila daramatzaten gazteak; emakume bat egunkaria irakurtzen andeneko burdinazko aulki izoztuan eta agure bat arkatza hartuta gurutzegramak egin eta egin koaderno urdin batean, disimuluan eta inor begira ez daukala ziurtatu ondoren azkeneko orriko emaitzak tarteka begiratuz. Hori da normaltasunaren itxura munduko bazter honetan. Eta erlojuetako orratzek aurrera egingo dute eta txartelak gainbegiratzeko mostradoreetan jendea gero eta gehiago hurbilduko zaio ilaran aurrean egokitu zaionari, gehiago hurbiltzeak azkarrago joatea esan nahiko balu bezala. Trenak iritsi eta joan egingo dira eta titular tristeko egunkarien metak deseginez joango dira trenek eta orduek aurrera egin ahala.
Gaur arte. Gaur inauteriak dira Iparraldeko Estazioan ere; exekutiboaren gorbata ere mozorro bihurtu da gaur, eta postontziz, pelikanoz, poliziaz, apaizez, mojaz, bakeroz, mexikarrez, indioz, presoz eta beste hamaika mozorroz jantzitako gazteak pilatu dira Tolosara eramango dituen trenaren zain. Eta nire lehen mozorroaz pentsatzen hasi naiz; nola jantzi ginen “txoriz”, txoriak eta hegaztiak bereizten ez diren adin hartan; txantxangorriak eta putreak bil zitzakeen “txori” mozorro zabal hura nola jantzi genuen; nola itsatsi genizkien paperezko lumak gure kamiseta zuriei eta nola ibili ginen Añorgan barrena desfilean otsaileko haize izoztuak gure zintzilikarioak dantzarazten zizkigun bitartean. Erakustea ezkutatzeko modu bat dela ikasi genuen inauteri haietan.
Ez naiz akordatzen noiz hasi ote ginen mozorrotu beharrean mozorroak janzten. Beharbada urdinez eta arrosaz janzteari utzi genion adin horretan izango zen, edo gure izena esan orduko gure gurasoen ofizioa esateari utzi genionean bestela. Mozorrotu edo mozorroa jantzi; azalaren barrutik mozorrotu, edo azalari paperezko lumak erantsi. Hortxe diferentzia. Gogoan dut lehenengo desfile hartan nola haizeak eraman zituen gure paperezko lumak; nola kendu genizkion batak besteari zelo apur batekin erantsitakoak. Inguruak esandakoa ginen orduan, ingurua zena ginen gu: Añorga, fabrika, Europa, Reala, mutilak edo neskak, pilota edo futbola. Geroxeago hasi ginen izena soilik ginela esaten, bereizketek hor jarraitu arren.
Nor naizen jakin nahian nongoa naizen ezkutatzen, ustezko Beñat ezkertiar eta ameslaria europarra ere ez balitz bezala, zuria ere ez balitz bezala, gizona ere ez balitz bezala. Nik hemen idazteak beste norbaitek ez duela idatziko esan nahiko ez balu bezala. Erraza da boterea besteengan ikustea, besteak seinalatzea, guk ere gure mikrofonotxorik, gure zutabetxorik, afalostean entzungo gaituen lagun kuadrillarik ez bagenu bezala.
Eta besteen mozorroei begira jarri naiz; kuadrillako batzuek diote izan nahiko genukeen horretaz mozorrotzen garela. Eta estaziora sartzen ikusten ditut exekutiboa eta polizia eta agente sekretua eta haien aldamenean baita postontzia eta pelikanoa eta zakurra ere, eta zalantzan nago nork hautatzen dituen guk janzten ditugun mozorroak; ez ote garen mozorrotzen mozorroa jantzi aurretik ere. Zomorroa tximeleta izan aurretik ere ez ote den tximeleta, eta tximeleta bilakatu ondoren ez ote den zomorro. Zomorro mozorrotuak edo mozorro zomorrotuak elkarren jantziei begira, oraindik ere elkarri paperezko lumak kentzen genizkien ume harrotu haiek bagina bezala.
&hTab;Mundua ez baita estazio, mundua ez baita ez-leku. Bizi naizen lekuak markatu nau: paperezkoak ez diren lumak daramatzat zintzilik barruan ondo grapatuta; izena soilik esaten dudan arren, diskurtsoak buruz ikasi ditudan arren. Ezkutatzea ez da erakusteko modu bat besterik, ordea. Mozorrorik janzten ez dudanean, zertaz mozorrotzen naiz? •
