Ainara Lertxundi
ZIKA BIRUSAREN ABEZEA

Osasunaren Mundu Erakundeak larrialdi globaleko egoera ezartzea erabaki du

Zikaren birusak alarma guztiak piztu ditu, Latinoamerikan batik bat. Lehen aldiz 1947an antzeman zuten gaitza azkar hedatzen ari da azkenaldian hainbat herrialdetan. Dengea eta chikungunya bezain larria ez bada ere, jaioberrietan mikrozefalia sor dezakeen susmoa dute adituek. Brasilen 4.000 ume jaio dira jada mikrozefaliarekin.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) larrialdi globaleko egoera ezarri du Zika birusa dela eta. Birusa mikrozefalia kasuen hedapenarekin lotu du. Iazko urrutik, Brasilen 4.000 ume jaio dira mikrozefaliarekin, 2010etik 2014ra izan zirenak baino hogei aldiz gehiago. Salbuespen egoera oso gutxitan ezartzen du OMEk, gaitza hainbat herrialdetara hedatu eta bertako biztanleriaren osasunerako arrisku bat bihurtzen denean bakarrik. 2014an ebolarekin deitu zuen larrialdi egoera.

Baina, zer da zika? Nola kutsatzen da? Zerk eragiten du? Non bizi da birusa kutsatzen duen eltxoa? Herri batetik bestera mugitzen al da? Galdera horiei guztiei erantzuna emateko txosten bat prestatu du OMEk.

Zer da eta nola kutsatzen da?

Aedes familiako bi eltxok, aegypti eta albopictus izenekoek, kutsa dezakete Zika birusa. Gehienetan, eskualde subtropikaletan eta tropikaletan kokatzen da birusa, Aedes aegypti eltxoaren eraginez, eltxo mota horrek ez baitu tenperatura hotzetan bizirauten. Baina Zika birusa Aedes albopictus eltxoak ere kutsa dezake, eta eltxo horrek hibernatzeko gaitasuna du, eta, hortaz, tenperatura hotzeko eskualdetan bizirauteko gaitasuna du.

Zika lehen aldiz Ugandan antzeman zuten, 1947an. Luzaroan kasu bakar batzuk azaldu ziren Afrikan eta Hego Asian. Lehen zika agerraldi dokumentatua 2007koa da, Pazifikoan emandakoa. 2013tik Mendebaldeko Pazifikoan, Afrikan eta Amerikan agerraldiak egon dira aldiro.

Dengea, chikungunya eta sukar horia eragiten dituen Aedes familiako eltxoaren ziztadak sorrarazten du Zika birusa.

Nola sortzen da «Aedes» eltxoa?

Aedes familiako moskito emeak soilik egiten du zizta. Pertsona bat aldizka ziztatuz jaten du eltxoak. Behin ase denean, hiru egunez atseden hartu behar du arrautzak jarri baino lehenago. Urik gabe urtebete biziraun dezakete arrautzek. Nahikoa da ur geldi pixka bat egotea arrautzak larba bihurtzeko eta, ondorioz, moskito heldu. Moskitoak birusa duen norbait ziztatzean kutsatzen dira.

Herrialde batetik bestera al doa?

Aedes familiako eltxoak ez dira oso hegalariak; ez dira 400 metro baino gehiago hegan egiteko gai. Baina, gizakiek oso erraz garraia ditzakete konturatu gabe, esaterako autoan edo landareen bitartez. Helmugara iristean eltxoa ez bada tenperatura aldaketagatik hiltzen, ugaldu egin daiteke bertan.

Zeintzuk dira zikaren sintomak?

Oro har eta haurdun ez daudenen kasuan, kutsatutako Aedes eltxo batek zizta egin eta egun batzuetara, sukarra, larruazaleko erupzioak, nekea, muskulu nahiz artikulazioetako ahuldadea, buruko mina eta konjuntibitisa senti daitezke. Ziztada jaso eta hiru eta hamabi egun artean agertzen dira lehen sintomak. Normalean, hiru eta zazpi egunen artean irauten dute. OME berak aitortu duenez, oso gutxi dakite oraindik birusak sor ditzakeen konplikazioen gainean.

Zikaren lehen agerraldiarekin batera (2013 eta 1014 tartean Frantziar Polinesian), denge izurrite bat ere egon zen. Osasun erakundeek Guillain-Barre sindromearen ezohiko gorakada antzeman zuten. Oraindik bi gertaerek nolabaiteko harremana ote duten ikertzen ari dira.

2015ean, Brasilen eman zen zikaren lehen agerraldia. Guillain-barre sindromeak nabarmen egin du gora geroztik, baita mikrozefaliarekin jaiotako ume kopuruak ere. «Ezin izan dugu ziurtatu Zika birusak harreman zuzena duenik mikrozefalia kasuekin eta gaitz neurologikoekin. Baina malformazio kasuak hain dira larriak, larrialdi egoera ezarri dugula», adierazi zuen David Heymann OMEko Larrialdietarako Batzordeko presidenteak berria ezagutaraztean.

Guillain-Barre sindromeak kalte neurologiko larriak eragin ditzake, nerbio sistemaren parte bati eraso egiten baitio. Birus desberdinek eragin dezakete sindromea, adin guztietako pertsonetan. Adituek ez dakite zehatz-mehatz zerk eragiten duen sindromea. Sintoma ohikoenak muskuluetako ahuldadea eta beso eta hanketako inurridura dira. Gaitza larriagotu egin daiteke arnasketako muskuluei eraginez gero. Guillain-Barre sindromea pairatzen duten gehienak errekuperatu egiten dira, nahiz eta nolabaiteko ahuldadea izaten jarraitzen duten.

Haurdunentzat arriskutsua al da?

Birusaren eta mikrozefaliaren arteko harremana ikertzen ari dira oraindik orain. OMEk haurdun dauden emakumeei edo haurdun gelditu nahi dutenei tentu handiz ibiltzeko gomendatu die. Herrialde batzuetako gobernuek –Kolonbia, Dominikar Errepublika, Jamaika, Ekuador edo El Salvador esaterako– haurdunaldia atzeratzeko eskatu dute prebentzio neurri gisa. Ameriketako Estatu Batuek haurdun daudenei zika kasuak ematen ari diren herrialdeetara ez bidaiatzeko gomendatu diete, baita Frantziako Osasun ministroak ere.

OMEk bidaiatu aurretik zikari eta eltxo eta intsektuek sorrarazten dituzten beste gaixotasunei buruz informazioa eskuratzea gomendatu die bidaiariei. Babesteko, ziztadurak saihestu behar dituzte.

Zer da mikrozefalia?

Jaiotzerakoan buruaren tamaina ohi baino txikiagoa izatea da mikrozefalia. Burmuinaren ezohiko garapena da kausa. Fetua umetokian dagoen bitartean edo haurtzaroan antzeman daiteke. Mikrozefalea pairatzen duten bularreko-haurren eta umeen burmuina ez da behar bezala garatzen hazten doazen neurrian. Ingurunearekin lotutako faktoreek edo genetikoek –Down sindromea esaterako– ere eragin dezakete mikrozefalia, edo haurdun egonik alkohol gehiegi edateak, drogak hartzeak edo errubeola izateak.

Zein tratamendua du zikak?

Gorputzeko minak eta sukarra jaisteko hartzen diren ohiko botikak erabiltzen dira. Atseden hartzea eta ur asko edatea ere gomendagarria da. Sintomak larriagoak badira, medikura joan behar da. Egun ez dago zikaren kontrako txertorik. Diagnostikoa odol analisi bidez konfirma daiteke. Arestian aipaturiko sintomaren bat izatekotan osasun etxera joan behar da. Gobernu espainoleko Osasun Ministerioak aspirinarik eta antiinflamatorio esteroiderik –ibuprofenoa– ez hartzeko aholkatu du.

Ba al dago babesteko modurik?

Zika eta eltxoek eragiten dituzten bestelako gaixotasunak ekiditeko –dengea, chikungunya eta sukar horia– modu eraginkorrena ziztadurak saihestea da. Horretarako, eltxoak uxatzeko produktuak erabiltzea, besoak eta hankak estaltzen dituzten kolore argiko jantziak janztea eta eltxo-sareekin lo egitea gomendatu du OMEk. Leihoak eta ateak ixtea eta ur geldiak ekiditea edo horiek garbitzea –ontzi edo loreontziak adibidez– gomendatzen da.

«El Niño» berak eraginik ote du?

Aedes aegypti eltxoa ur geldiak dauden gunetan ugaltzen da. Muturreko lehorte, uholde, euri jasa eta tenperatura igoerak dira El Niño izenez ezagututako fenomenoaren ondorioetariko batzuk. Baldintza klimatiko horiek eltxo ugalketa errazten dute. Muturreko baldintza klimatiko horien ondorioak murrizteko eta eltxoak kontrolpean edukitzeko herrialdeen arteko elkarlan beharra nabarmendu du OMEk. Asia ere alerta egoeran da jada, Indian Aedes eltxoa antzeman baitute. Gehiegizko populazioak, bizi baldintza kaskarrek, klimak, euri jasek... zikaren arriskua handitzen dute bertan.