Amets doitua


Enteratu ez zinetenontzat, aurreko astean aurkeztu zituen Patxi Baztarrikak, EAEko Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Euskararen Gaineko Diskurtso Partekaturako (EGOD) zoru komunaren oinarriak. Euskararen erabilera bultzatu asmoz sortutako txantxangorriaren irudia ezagutzera eman eta egun batzuetara, hain zuzen ere. Euskararen inguruko diskurtsoak aztertu, kontrastatu eta bateratzea izan da legegintzaldia bukatzear den honetan publiko egin duten egitasmoaren helburu nagusia. Ikerketa horretatik abiatuta lortu nahi da, euskararen normalizaziori begira, datozen hogei urteetarako plangintza osatzeko beharrezko adostasuna.
Proposamenean, eragile sozial eta politikoen arteko «kontsentsua» eta «euskararen gaineko diskurtsoa berritu beharra» azpimarratzen dira, batez ere. Ikerketa horretatik ondorioztatu dute, sentsibilitate ezberdineko herritarren artean euskararen gaineko diskurtso partekatu baterako zoru komun bat egon badagoela. Horretarako, gizartean existitzen diren bost diskurtso nagusietako esaldietatik –ez galdetu niri bost diskurtso horiek zeintzuk diren– %66,6tik gorako adostasuna lortu dutenak bakarrik hartu dira aintzat. Gizarteko bi herenek, gutxienez, ontzat emandako 21 baieztapen horien artean denetarik aurki dezakegu, eta, printzipioz, denak euskararen aldeko jarrera baten erakusle dira. Honaino arazorik ez. Baina, beste pelikula haren hasieran zioten moduan: inportantea ez da jauzia, lurreratzea baino.
Oro har, jendeari euskararen edo ekologiaren edo birziklatzearen edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren edo bakearen alde dagoen galdetzen badiozu, erantzuna beti baiezkoa izaten delako. Arazoa dator, gauzak zehazten hasten zarenean. Edo are, helburu legitimo horren aldeko neurriak edo legeak praktikan jartzen dituzunean. Hor ja kontuak ez dira hain garbi ateratzen. Birziklatzearen alde dagoenak, akaso, erosotasunagatik edo dena delakoagatik, ez duelako atez ateko zabor bilketarik onartuko –birziklatzeko metodorik eraginkorrena izan arren–. Edo parekidetasuna lau haizetara aldarrikatu bai, baina, bere pribilegioak galdu nahi ez dituenari inork ez diolako gero konturik eskatzen. Edo bakea exijitu eta injustizia batzuen aurrean beste aldera begiratzen duenaren jokabidea moralki guztiz onargarria delako egungo gizaki estandarraren begietara. Edo –eta hemen dago gakoa– euskararen alde dagoela esan dizun pertsona berak gero, euskara normalizatzeko A eta B ereduak desagerraraziko dituzula jakinarazten diozunean, euskara inposatu nahi izatea aurpegiratuko dizulako sumindurik.
Ulertzekoa ere bada, bestalde, jendeak horrela jokatzea, orain arteko logikak hori agintzen baitzuen. Euskararen, Ekologiaren, Berdintasunaren, Bakearen eta Bizikidetzaren alde egon behar dela irakatsi digute, bai, baina bitartean, hitzak edukiz hustu dizkigute. Esku batekin ilargia seinalatu eta bestearekin belarrondokoa ematen dizun mago irribarretsuaren pareko talentuarekin, gainera.
Euskararen normalizazioaren aldeko adostasun eta diskurtso berriak ezinbestekoak dira, erabat ados horretan. Kontua gehiago da, adostasun eta diskurtso berritu horiek norekin, nola eta zertarako definitzen dituzun. Eta euskarari bagagozkio, hemen, gauzak konturatu orduko korapilatzen hasten dira. Nik nekez lortuko baitut nire gainean dagoenarekin ados jartzea, berak nire gainean dagoela onartzen ez duen bitartean. Hau da, egungo egoeran eroso dagoenak bere nagusitasunaren ondorio den nire zapalkuntza onartzeko borondaterik ez badu, akabo kontuak. Onartzen ez badu, hasteko, nire hizkuntzari –hau da, niri– falta zaion lekua bere hizkuntzak –hau da, berak– okupatzen duela. Eta ondorioz, nire hizkuntzak –hau da, nik– normaltasunez bizi ahal izateko, bere hizkuntzak –hau da, berak– leku egin beharko diola nire hizkuntzari –hau da, niri–. Azpian dagoenak ere, egunen batean argia ikusi, arnasa hartu eta gorantz hazi ahal izateko gainekoak izan duen eskubide bera izan dezan.
Euskararen normalizazioa justizia kontua baita. Helburuak adostu, eta berauek lortzeko bitarteko eta lege egokiak ezartzearekin nahikoa litzateke horretarako. Hemendik hogei urtera, gaur ez bezala, euskararik jakin eta erabili gabe eroso bizi dena limurtzeko kanpainetan dirua xahutzen jarraitu behar izan ez dezagun gehiago. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
