IKUSMIRA

GARAIAN GARAIKOA; KEXATZEA EZ DA BETI ZILEGI

Otsailaren 20a dugu gaur; negu bete-betean gaude, beraz. Giroa ere halakoxea izan dugu azken egunotan, batzuen “azkenean” eta besteen kexu artean. Eguraldiak hori baitauka, mundu guztia ez asetzeko gaitasuna. Egin dezake bero, epel edo hotz; ibil daiteke haizea, edo bota dezake txingorra. Inor ez du aseko, bete-betean bederen. Baina eguraldiarekin alferrikakoak dira kexuak, erretxinak. Egiten duena egiten du, eta hala hartu behar. Horregatik, komeni da urtaro bakoitzaren aldeko elementuen zakua puztea, egitekoen aukerak handitzea. Neguak ahalbidetzen du elurretara joatea, edo asteburua sutondoan liburua eskuetan igarotzea. Neguak ahalbidetzen du tabernatik ordu luzez ez ateratzea, edo muturreko tenperaturatan kirola egitea. Plazer hutsak guztiak ere. Beraz, eguraldiaz aritzean dagoena hartu behar eta kito. “Baina”-rik gabe. Kexurik gabe. Erretxindu gabe. Dagoenaz gozatzea hobe izaten baita ez dagoenaren nahian erortzea baino. E. Arruti