Mikel Zubimendi

Kritika eta autokritikaz, ariketa iraultzailea «Abian»

Etsaia ezagutzea ez da lan erraza, diziplina eta zorroztasun zientifiko handia behar dira. Norbere burua aztertzea, egoera eta kondizio propioak ezagutzea, independentzia eta sozialismoaren arnas luzeko helburuei begira, boterea eskuratzeko perspektiba horretan, garena eta izatera irits gaitezkeena barneratzea ere ez da ez batere erraza. Egoera tentuz irakurri, zuhurtziaz epaitu eta ausardiaz ekitea eskatzen du, ideia argitasuna, ezkerrak bere-berezkoa behar duen pentsamendu kritikoa.

Iraultzaileak egiten, esaten eta agintzen duenaz arduratu behar du beti. Gehiengo sozialetik dibortziatzen denean, beharrezko zintzotasunez hori aitortu behar du. Lortzen dituen irabazi eta eraginek aldebakarreko prozesuek berezko duten hauskortasuna dutela barneratu behar du. Elkarrekin egotea batuta izatea eta batera ekitearen sinonimo ez dela ulertu. Ez garela indar bakar bat, ideologikoki osoki homogeneoa, politikoki granitikoa eta obedientzian diziplinatua. Eta politikoki batu, sozialki berreraiki eta ideologikoki berrindartu nahi dugun proiektuak ez duela horretan bilakatzea helburu.

Gaztetan ikasi genuen kritika eta autokritika printzipio iraultzaileak zirela. Taktikaren eta lerro politikoaren berrazterketa, zuzenketa eta bultzada berritzea ezinbestekoak zirela beti, eta, hartara, ariketa horrek eskatzen dituen lan eta antolakuntza mailako euskarriak behar-beharrezkoak zirela. Kritika zerbaiti eta norbaiti egiten zaio, eta, autokritika, berriz, egindako ekintzak bilatzen zituen helburu edo ondorio zehatzak lortu ez dituenean dator, eskakizun logistikoei jaramon egin ez zaienean, edo, sentzilloki, ekintza bera egin ez denean. Hortaz, kritikak eta autokritikak bere helburua lortzeko, hots, ekintza politikoa zuzendu eta hobetzea, lan plangintza kolektibo bat, planifikazio objektibo eta estrategiko bat beharrezkoak dira ezinbestean.

Badira, badirenez, kritiko sistematikoak diren pertsonak. Kexa moduan ezkortasuna azpimarratzen dutenak, beste pertsona batzuk negatiboki seinalatu edo jazarriz, eraikitzea eta laguntzea bainoago kaltea interesatzen zaienak. Beti egon dira halakoak, prozesu politiko orotan. Edonola ere, igarotzen ez den pasabidea baino okerragorik ez dagoelako, kritika eta autokritika, bitarteko zorrotz eta ezinbestekoz hornituta, zeregin iraultzaile gisa, beti dira beharrezkoak eta ospatzekoak, politikoki osasungarriak. Eta horretatik asko dago Euskal Herriko herri eta auzoetan martxan den Abian eztabaida prozesuan, baita, zoritxarrez, tabernazulo eta “konspiratokietan” ere. Txostena bera, kritika eta autokritikarako oso baliagarria iruditu zait, eta, ñabardurak ñabardura, sinplea eta garapenerako aukerez beteta dagoela uste dut.

Iragan astean lerrotan bertan gustura gelditu zen Iñaki Altuna, zorrotz eta latigoa eskuan Abian eztabaida prozesuaren inguruan ederki asko idatziz. Ez direla gotortzeko uneak, ezta autokonplazentzia eta autozigorrean erortzekoak ere. Besteak beste, Sortu birsortuz, “errefundazio” politiko bat proposatzen dela gogoraraziz. Beharrezkoa bezain handia da hitz hori, eta, pertsonalki, asko estimatzen dut ekintza politikoaren zentzua hain argi eta hain gordin adierazten denean. Oso ondo. Kritika eta autokritika iraultzailearen praxia ez da, baina, elementu isolatua. Ekintza politikoaren osotasunaren parte bat baino. Zentzu horretan, latigoa, azotea erabiltzeak baditu arriskuak ere. Horietan behinena xiiten gisa bukatzea, hau da, odola eginez, autozigortuz, jendea injustuki tratatzea. Erraza ez zen oreka ariketa egin behar izan dela uste dut, baina neurrian eta dotore egin dela esan beharra dago. Larritasunak detektatuz eta aitortuz, baina larrimina hedatzeke. Itolarria baino arnas luzea hobetsiz. Desegitea baino birziklapena, dogma baino arrazoimena, poliki-poliki beste tonu bat eta freskura arnasgarri berri bat independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokari eskainiz. Gure jendea eta espazioa konpaktatzeko eta gurea ez den jendearekin elkarrekikotasuna errazteko gako polit askoak daudelakoan nago. Ez da gutxi. Asko da. •