joseangel.oria@gaur8.info
EGUZKI ENERGIA

Proiektu erraldoiak, diktadoreek; beharren araberakoak, indigenek

Ikusgarriak dira Marokoko erregeak Atlas mendikateko Ouarzazate probintzian inauguratu berri dituen instalazioak. Eguzkiaren energia baliatuko dute, multinazionalen eta erregimenaren irudia hobetzeko. Oso bestelakoa da Atacama basamortuko indigenek abiarazitako proiektua, herritarrei egiten baitie mesede.

Otsailaren 4an hasi zen lanean Ouarzazatekozentral heliotermikoa, munduko handiena. Bertan izan ziren Mohamed VI.a erregea eta Marokoko Gobernuko ministro guztiak, Estatu espainoleko eta frantseseko ordezkariekin batera. 160 megawatt eskaintzeko gaitasuna du oraingoz, eta Noor II eta Noor III faseetako lanak amaitzean (orain hasi dira horiek eraikitzeko lanak), beste 350 megawatt emango ditu Ouarzazateko zentralak. Gainera, beste 70 megawatt emango ditu leku berean egingo den zentral fotovoltaikoak.

Eguzki energia Eguzkitik Lurrera erradiazio elektromagnetiko itxuran iristen den energia mota da, hiztegiaren arabera. Eguzkia energia iturri agortezina eta berriztagarria da, eta energia termikoa edo elektrizitatea sortzeko erabiltzen da batez ere. Baina oso era ezberdinetan erabil daiteke, jakina: Marokoko errege-diktadorearen posizioa gehiago indartzeko edo Atacamako basamortuko indigenen bizimodua hobetzeko, muturreko bi erabilera aipatzeagatik. Bi eredu horiek azaltzen saiatuko gara orrialdeotan.

Iturri agortezina

Eguzki energia fotovoltaikoa eguzki izpietatik abiatuta sortutako energia elektrikoa da. Zenbait modulu fotovoltaiko (elkarri konektatutako hainbat zelula fotovoltaiko) elektrikoki konektatuz eta muntatuz osatutako multzoari esaten zaio eguzki panel edo panel fotovoltaiko. Eguzki energia termikoa, aldiz, beroa lortzeko Eguzkiaren energiaz baliatzean datza. Uhin elektromagnetikoek materialei beroa transferitzen diete. Energia mota hau agortezina eta guztiz berriztagarria da, hau da, naturan ez du eragin kaltegarririk.

Hotza zegoen Ouarzazaten erregeak botoia sakatu eta eguzki energiaren lehen kilowatta Marokoko sare elektriko nazionalean sartu zenean.

Txalo eginez erantzun zuten ekitaldian ziren gonbidatuek. Marokon ia beti daude eguzkitan: urtean 3.000 ordu, batez besteko datuen arabera, baina Atlas mendikateko puntu hartan gehiago, eta horrexegatik aukeratu zuten zentral heliotermikoa eraikitzeko.

Mustafa Bakuri Marokoko Eguzki Energiaren Agentziako zuzendariak esplikatu zuen instalazioek 480 hektareako eremua hartzen dutela, munduko turbina bakarreko zentralik handiena, beraz. Eraikitzeko lanak Saudi Arabiako Acwa Power konpainiak zuzendutako kontsortzio bati esleitu zizkioten 2012an. Estatu espainoleko enpresa batzuek ere esku hartu dute (775 milioi euroko kontratuak sinatu dituzte).

Burujabetza arriskuan

Hasiera batean, Hamza Hamouchene idazle aljeriarrak azaldu duenez, Ouarzazateko proiektuaren helburua energia esportatzea zen, baina porrot egin zuen hasierako asmoak, ez baitzuten lortu Madrileko agintarien babes finantzariorik itsasoan urpeko kablea jartzeko.

Beraz, sektoreko zenbait multinazionalen aholkuarekin (E.ON, Munich Re, Siemens eta Deutsche Bank), Marokok zentrala bertako energia beharrak asetzeko erabiltzea erabaki zuen. Hamouchene doktoreak Londresen egoitza duen ASC Algeria Solidarity Campaign sortu zuen bere garaian eta orain “L’Autre Afrique” aldizkarian energia berriztagarrien inguruko analisia eman du argitara. Ouarzazateko proiektuak salatzeko moduko gauza asko dituela esplikatzen du.

Jawad Moustakbal Marokoko ATTAC eta CADTM elkarteetako ekintzaileak herrialdearen burujabetza bera arriskuan ikusten du Ouarzazateko proiektuarekin, konpainia multinazionalek gero eta pisu gehiago izango baitute herrialdearen argindar ekoizpenean. Herritar guztien bizimoduan sekulako eragina duten erabakiak «teknokrata gutxi batzuek» hartzea ez da onartzeko modukoa, bere iritziz.

«Goitik beherako ikuspegia»

Hamza Hamouchene aljeriarrak Magrebeko herrialdeen egoera sozioekonomikoa ekartzen du gogora, Ouarzazateko zentralaren egokitasuna neurtzeko.

Gogorarazten du idazleak Arabiar Udaberriak piztu zituzten herriek ogia, askatasuna, justizia soziala eta burujabetza nazionala exijitzen zituztela: «Multinazional handiek esku hartzen duten proiektuek ikuspegi teknokratikoa hartzeko joera izaten dute, goitik beherako ikuspegia, eta era horretan desjabetze kopuruak, kutsadurak eta lur pilaketak berak ere gora egiten dute. Bertako komunitateen inplikaziorik gabe ez dago bermatzerik proiektu horiek pobreziari aurre egiten, langabezia murrizten edo ingurumena zaintzen laguntzen dutenik».

Marokok hartuko du azaroan COP22 Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Konferentzia, Marrakex hirian. Magrebeko herrialdeak sekulako energia menpekotasuna du gaur egun. Kontsumitzen duen energiaren %96 inportatu egiten du. Petrolio produktuetan urtean 8.000 milioi dolar gastatzen ditu.

Herrialdearen energia eskaria hirukoiztu egin da 1999az geroztik, Ali Fasi Fibri Marokoko ONEE erakundeko zuzendariak emandako datuen arabera. Gobernuak prest duen egitasmoa betez gero, 2030erako herrialdeak kontsumitzen duen energiaren %52 iturri berriztagarrietatik iritsiko da.

Ouarzazateko zentralari esker, multinazionalek beren aurpegirik onena erakusten dute, eta Marokoko erregimenarentzat ere propagandarik onena izango da, energia garbien alorrean aitzindarien artean azaltzeko aukera ematen baitio. Beraz, zentralak dakarren “garapenak” eta arrakasta ekonomikoak ez dute Marokora demokrazia hurbilduko, demokraziaren aurkakoenak indartu egiten ditu-eta. «Era egonkorrean energia ekoizteko edozein proiektuk bertako komunitatean errotuta egon behar du; bertakoen beharrak asetzera bideratuta egon; eta ingurumen eta energia justizia izan behar ditu helburu», Hamza Hamouchene idazlearen ustez.

Eguzki ingeniariak

Oso bestelako eredua azaldu digu Marianela Jarroudek IPS agentziak banatutako artikulu batean. Liliana eta Luisa Teran emakume indigenen kasua kontatzen du: Atacamako basamortutik Indiara joan ziren orain ia lau urte, eguzki energia nola erabili ikasi eta Caspana herrixkan han ikasitakoa aplikatzeko. «Herritarrei kostatu egin zitzaien guk Indian ikasitakoa onartzea. Hasiera batean ez zuten begi onez ikusten, gu emakume izateagatik, baina pixkanaka berotzen joan ziren eta gaur egun errespetatzen gaituzte», dio Liliana Teranek.

Luisak esplikatu duenez, Asiara abiatu aurretik 200 herritar zeuden eguzki energian interesatuta, baina, instalazioa eta mantentze lanak emakumeek egin behar zituztela jakitean, askok atzera egin zuten eta 30ek baino ez zioten eutsi hasierako asmoari: «Herri honetan herritar zaharrek osatutako kontseilu bat dugu, eta horrek hartzen ditu erabaki guztiak. Ez naiz sekula talde horretako kide izango».

Luisak 43 urte ditu eta Lilianak, 45. Beren herria 3.300 metroko altueran dago eta ofizialki 400 biztanle ditu, baina 150ek baino ez dute bertan egiten aste osoa, besteak asteburuetan itzultzen baitira. Oso baldintza txarrak biztanle kopuruari eusteko: «Urtean hamar familia joaten dira herritik, normalean seme-alaben ikasketengatik eta gazteen lanarengatik».

2013ra arte, herrixkak elektrizitate sorgailu bakarra zuen. Horri esker argindarra izaten zuten egunean bi ordu eta erdiz. Eta hura hondatzean, guztiak ilunpetan geratzen ziren. Une honetan sorgailuak lanean jarraitzen du, baina 127 etxetan egunean hiru ordutan dute argia, Liliana eta Luisa Teranek jarritako eguzki instalazioari esker.

2012ko martxoan abiatu ziren Indiako ipar-mendebaldeko Rajastan estatuko Tilonia herrira, bertan baitaude Barefoot Collegeko (Oinutsen Unibertsitatea) instalazioak. Atacamako basamortuko beste herri batzuetan bizi diren Elena Achu, Elvira Urrelo eta Nicolasa Yufla indigenak ere beraiekin joan ziren.

Hozkailua konektatu

Sei hilabete egin zituzten bertan. Hasieran kostatu egin zitzaien Tiloniako berora egokitzea, asko argaldu ziren (bertako janariak arraroak egiten zitzaizkien) eta Caspanara itzultzean jango zuten haragiarekin egiten zuten amets.

Azkenean itzuli egin ziren Atacamara. Herriko etxola batean eguzki instalazioa jartzeagatik 45 dolar kobratzen zituzten. Komunitateak gaur egun 75 dolar ordaintzen dizkio bakoitzari bi hilabetetan behin herrian jarritako 127 panelen mantentze lanak egiteagatik. Orain baterien kapazitatea handitu nahi dute, herritarrek hozkailua konektatzeko aukera izan dezaten. Ametsek ez dute mugarik.

Eskolara bidean motxila energiaz bete

Eguzki energiak ez du derrigorrez instalazio handirik behar herritarren beharrak ase ahal izateko. Txileko Atacama basamortuan bezala, munduko beste leku askotan ere energia iturri horrek ematen dituen aukerak ezagutzen hasiak dira eta gaur egun ez da harritzekoa Kenyako iparraldeko masai etniako artzainak telefono mugikorrarekin hizketan ikustea. Pew Ikerketa Zentroaren arabera, kenyarren %82k du bere sakelako telefonoa. Arazoa aparatua kargatzea da, baina, eguzki panelak gero eta etxe gehiagotan dituztenez, horietako batera joan eta konponduta dago.

Salima Visram ikasle zuria Mombasakoa da. Emakumea Kanadara joan zen ikastera, bere herrikoen arazoetako bat buruan zuela: ikasleek ezin zuten etxean gauez ikasi, argindarrik ez zutelako. Eskolara joateko erabiltzen duten motxilan panel txikiak jartzea otu zitzaion, eskolara doazen bitartean aparatua karga dadin (batez beste, lau ordu egiten dituzte oinez egunean, eguzkitan). Motxila lau orduz eguzkitan edukita, zazpi orduz ematen du argia gauez. Sarean diru bilketa egin zuen lehenengo 2.000 motxilak ekoizteko. «Ekimenak arrakasta izaten badu, datozen bi urteetan konderriko ehunka eskoletara iritsiko gara», adierazi du ikasleak.