Amagoia Mujika
HAURREN ESKUBIDEAK

Etxe kaleratze prozesuetan haurrek ez dute etxea bakarrik galtzen

Nazio Batuen Erakundearen 1989ko Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak zehatz jasotzen ditu txikienen oinarrizko eskubideak. Giza eskubideen inguruko nazioarteko itunetan atxikimendu gehien jaso dituena da, munduko herrialde guztien babesa jaso baitu –195 guztira–, AEBena eta Hego Sudanena kenduta. Gainera, haurren eta nerabeen eskubideak bultzatu eta babesteko nazioarte mailan dagoen tresnarik onena bezala hartzen da, 18 urtetik beherako pertsonen eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta sozialak batzen dituelako.

1989ko Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak paradigma aldaketa garrantzitsua ekarri zuen haurtzaroari begiratzeko moduan: babestu beharreko subjektu izatetik eskubide propioak dituen subjektu izatera pasatu baitzen.

Aipatu bezala, Estatu espainolak bat egin zuen Nazio Batuen hitzarmen horrekin eta, ondorioz, ez da aukera bat, derrigorrez bete beharreko hitzarmen bat baizik. «Oso ezezaguna den hitzarmena da, baina apenas hartzen da kontuan; oso epai gutxitan agertzen da. Herritarrek ez dakite benetan zeintzuk diren haurren eskubideak. Niretzat arazoa da haurrak aparteko mundu pribatuetan uzten ditugula eta ahaztu egiten zaigula haurrak eskubide politiko eta zibilak dituzten pertsonak direla. Ez dutenez bozkatzen, ez zaie garrantzirik ematen eta familiek haurrek babestera jotzen dute. Iruditzen zait benetan beldurra dugula haurrak entzuteko eta beren iritziak kontuan hartzeko. Eta hitzarmenaren arabera, haurrak entzun egin behar ditugu, eskubideak dituzten pertsonak direlako».

Hortik abiatuta, etxegabetze prozesuetan ematen diren epaietan zer-nolako presentzia eta eragina dauka hitzarmen horrek? Abiapuntu hori izan du Joana Miguelenaren graduondoko lanak. Miguelena Euskal Herriko Unibertsitateko Garaian Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuen Ikertaldeko kidea da eta Gipuzkoako etxegabetzeek haurren eskubideetan nola eragiten duten jaso du bere proiektuan. Oraintsu Unicefek saritu egin du egindako lana.

Azken urteotan Euskal Herrian eman diren etxegabetzeen inguruan datu ziurrak biltzea ez da lan samurra. Zenbaki gutxi daude, eta daudenak oso desberdinak dira zeinek ematen dituen arabera. Arartekoaren arabera, 2013an EAEn 15 urtez azpiko 66.458 pertsona zeuden eta horietatik %22,2k beren gutxieneko ongizate maila arriskuan zuten. Miguelenak Gipuzkoan jarri du fokua. Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformako (PAH) Ada Colau eta Adria Alemanyk maneiatzen dituzten datuen arabera, 2007-2012 bitartean 1.572 etxegabetze gertatu ziren Gipuzkoan. Datu orokorren arabera, etxetik kanporatuak izan diren familien %75 inguruk 18 urtez azpiko seme-alabak zituzten.

«Baina non daude haur horiek? Etxegabetzeen inguruko informazioa iristen da, baina hor ez da haurrik agertzen. Zeharka aipatzen da kalean utzi duten familian haurrak bazirela, baina ez da haiei buruz hitz egiten, ez da esaten muturreko egoera horiek zer-nolako eragina duten haurrengan, ez da salatzen beren oinarrizko eskubideak etengabe zapalduak izaten ari direla...», nabarmendu du Miguelenak.

Bere lanak mahai gainean jartzen duen ondorioa, tamalez, ez da oso pozgarria: «Nazio Batuen hitzarmenaren izaera loteslea eztabaida ezina bada ere, etxebagetze prozesuetan eman diren epaietan apenas daukan presentziarik, apenas hartzen den kontuan». Salbuespen gutxi batzuk badaude, hala ere. «Madrilen bada epai bat nabarmentzea merezi duena. Epaile batek emakume baten eta bere hiru semeen etxegabetzea geldiarazi zuen haurrek ikasturtea amaitu eta Madrilgo Erkidegoak etxebizitza duin bat ziurtatzen zien bitartean. Salbuespena da, baina hor dago», nabarmendu du Miguelenak.

Baina, nola eragiten dute etxe kaleratzeek haurrengan? Zein eskubide urratzen dituzte?

Pobrezia ez da ikusten

Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioa, Nils Muiznieks, Estatu espainolean izan zen 2013. urtean eta txosten bat osatu zuen krisiaren eta murrizketen ondorioz pobrezia egoeran dauden haurren inguruan. «Txosten horretan etxe kaleratze prozesuek haurrengan duten eragina oso kaltegarria dela nabarmentzen da; estres eta aztoramendu handia eragiten die, bereziki hezkuntzaren eta osasunaren arloan. Gainera, etxe kaleratzeak poliziek egiten dituztenean maiz oso traumatikoak gertatzen dira haurrentzat eta beren bizi baldintzak asko okertzen dira, gehienetan nora jo ez dutela geratzen baitira. Txosten horren arabera, etxe kaleratzeek askotan jendarte bazterketa ekartzen dute, familia askok ez baitituzte laguntza sozialak eskatzen haurren kustodia galtzeko beldurra dutelako», jaso du bere lanean ikertzaile irundarrak.

Errealitate latz horretan dauden haurren kopurua garrantzitsua izanagatik, jendartearen zatirik handiena horiek ikusi gabe bizi da bere egunerokoan, «pobrezia ez delako ikusten», iritzi dio Miguelenak. «Askotan entzuten dut jendea esaten ‘krisia egongo da, baina tabernak beteta daude poteo garaian’. Pobreziarik ez da ikusten hor, pobrezia etxean geratzen delako. Egoera horretan dauden haurrak ere ez dira ikusten, ezin dutelako joan dantzako klaseetara edo ingeleseko akademiara. Pobrezia ez da ikusten ez delako aisialdira ateratzen», segitu du.

Honaino iritsita, bere lanean Joana Miguelenak garbi bereizten ditu pobrezia eta jendarte bazterketa. «Berdinak balira bezala erabiltzen dira askotan, baina ez da zuzena. Jendarte bazterketak alderdi asko ditu, ez bakarrik baliabide ekonomikoei dagokiena; lana, etxebizitza, osasuna, hezkuntza, harreman pertsonalak, parte hartze politikoa eta soziala... Pobre izan zaitezke, baina ez egon jendarte bazterketa egoeran, edo, alderantziz, baliabide ekonomikoak izan eta jendarte bazterketan egon». Hori argituta, egia da etxegabetze bat sufritu duten herritarrak jendarte bazterketa izateko arrisku handiagoan daudela. «Etxea galtzen duzunean Asnef zerrendan sartzen zaituzte, hau da, ordaintzen ez dutenen zerrendan, eta horrek izugarri zailtzen du aurrera egitea. Ezin duzu furgoneta bat hartu renting-ean, ezin duzu lokal bat alokatu, etxebizitza bat alokatzeko zailtasunak dituzu, ezin duzu ADSLrik kontratatu, irabazten duzun apurra bankuak kentzen dizu zorra kitatzeko... Sarri egoera horretan dagoen jendeak beltzean lan egiten du, beltzean kobratu. Eta horrek beste mundu batera zaramatza; ez duzu kotizatzen, ezin duzu laguntza sozialik eskatu... Hortaz, jendarte bazterketan erortzeko arrisku handiagoa daukazu».

Profila aldatzen ari da

Joana Miguelenak lana galdu eta hipoteka ezin ordaindu geratu diren familiak elkarrizketatu ditu bere lana egiteko. Eta aldaketak sumatu ditu. «Krisiaren hasieran langabeziak familia zaurgarrienak kolpatu zituen eta etxe kaleratzeak ere testuinguru horretan gertatu ziren. Azken urteotan, baina, aldatu egin da profila; klase ertainak, autonomoak, abal-emaileak, enpresari txikiak edota familiaren etxebizitzan geratu diren banandutako emakumeak daude etxe kaleratze arriskuan».

PAH plataformako abokatuak nabarmentzen duenez, «egoera hau krudeltasun handiarekin bizitzen ari den sektore bat dago. Zaintza amaren kontu geratu den banaketa kasuetan, epaiak zehazten du hipotekaren %50 aitak ordaindu behar duela, eta, beste erdia, amak. Askotan gertatzen da amak, kostata, baina bere partea ordaintzea, eta, aitak, berriz, ez. Eta horrek etxegabetze arrisku bizian jartzen du familia hori».

Genero ikuskeratik, desberdintasunak igarri ditu Miguelenak. «Baliabide faltaren eta etxe kaleratzearen aurrean, emakumeek eta gizonek askotan desberdin egiten diete aurre egoera horri. Ezin da orokortu, ikerketaren helburua ere ez zegoen hor jarria, baina bistan geratu da desberdintasunak daudela», esan du. Elkarrizketatu dituen familien hitzetan ere igartzen dira desberdintasun horiek, «emakumeak hartzen du ‘aurrera’ esateko ekimena. Iruditzen zait gizonezkoak lotsa handiagoa sentitzen duela, huts egin duela sentitzen duelako», dio Miguelenaren ikerketan etxea galdu duen emakume batek. Eta haren alabak, «ama mugitzen zen, bera joaten zen toki guztietara. Aitak ez zuen ezer egiten amari laguntzeko».

PAHko abokatuaren esanetan, «gizonezkoak bere duintasuna zaurituta sentitzen du. Bera sentitzen da taldeko lehoia, besteak zaindu eta mantendu behar dituena, eta huts egin duela sentitzen du. Emakumezkoak, berriz, irtenbideak topatzen ditu; plataformara joaten da, Caritas elkartera joaten da, edozertan lan egiten du diru pixka bat ateratzeko, beharrezkoa den guztia».

Emozioak dantzan

Etxe kaleratzearen arriskua ikusten den unetik beretik sortzen da erruduntasun sentsazioa eta lotsa. «Pentsatzen duzun lehen gauza hanka sartu duzula da, ederra egin duzula. Errudun sentitzen zara ezin duzulako hipoteka ordaindu eta ezin diezulako seme-alabei jaten eman. Oso gogorra da. Gainera, Caritasera eskatzera joan behar!», kontatzen du etxea galdu duen emakume batek.

Seme-alabekiko duten harremanean eta jarreran ere eragiten du egoerak eta horrek areagotu egiten du errudun sentitze hori: «Iritsi zen jolasteko indarrik ere ez nuen unea eta horregatik ere errudun sentitzen nintzen, ama txarra izaten ari nintzelako, ez nintzelako haiekin jolasten eta nire tristurara ekartzen nituelako. Baina une batean nekatu egiten zara borroka egiteaz eta bizirauten baino ez zara saiatzen».

Pertsona helduarentzat kolpe latza da etxea galtzea. Berdin-berdin haurrarentzat, edo latzagoa zenbaitetan, ez duelako izaten gertatzen ari denaren inguruko informaziorik. Izan ere, gurasoen lehen joera haurrei gertatzen ari dena ezkutatzea izaten da, sufritu ez dezaten.

«Gurasoek hitz egin behar zutenean, anaiarekin jolastera bidaltzen ninduten gelara. Nire anaia aztoratuta zegoen, bat-batean negarrez hasten zen, bat-batean barrez... eta aitak buila egiten zionean oso urduri jartzen zen», kontatzen du etxegabetze bat pasa duen haurrak.

Erruduntasun eta lotsaren ondoren, kasu batzuetan behintzat, ahalduntzea dator Miguelenaren esanean. «Plataformara gerturatzen diren pertsonak konturatzen dira ez direla errudunak, biktimak baizik, eta borrokan hasten dira. Plataformek egin duten lana izugarria da, jende askok esaten du plataformak bizia salbatu diola. Kolektibo baten parte sentitzen lagundu die, gainera».

Kustodia galtzeko beldurra

Etxerik gabe geratu diren eta haurrak dituzten familien artean igartzen da kezka larri bat: haurren zaintza galtzeko beldurra. Miguelenak bere lana egiteko elkarrizketatutako familietan ere bazen kezka hori. «Kasu batean amak medikuari aipatu zion bere kezka eta medikuak lasaitu egin zuen, esan zion inork ez ziola haurren zaintza kenduko ama ona zelako eta bere eginbeharrak bete zituelako. Bigarren kasuan, baina, amak mehatxuak jasan zituen. Zerbitzu sozialetan bere kezka agertu zuenean ere ez zuten askorik lasaitu. Aldundiko gizarte langilearekin hitz egin nuenean garbi esan zidan horrelako kasuetan ez dutela esku hartzen, ez dutela zaintzarik kentzen etxe kaleratze bat gertatu delako. Inori bere haurren zaintza kentzeko beste baldintza asko eman behar direla».

Bortizkeria gehiago

Etxe kaleratze prozesu batean ohikoa da familian egoera bortitzagoak ematen hastea, errietak eta horrelakoak. «Haurrek, askotan, ez dakite benetan zer pasatzen ari den, inork ez dielako kontatzen. Ez dakite zehatz zergatik, baina beren mundua aldatzen ari da goitik behera. Pentsa horrek nolako frustrazioa eta egonezina sortzen dituen», hasi da Miguelena.

Haurren eta nerabeen jarrera aldatu egiten da eta eskolako emaitzak ere asko kaskartzen dira. Gizarte langile baten hitzetan, «etxean dirua falta da, gurasoak urduri daude, janari eskasia dago... Askotan, gainera, ez daude oso osasuntsu makal jaten dutelako, eta eskolan nekatuta daude, ez daukate jolasteko gogorik. Askotan jarrera ere aldatzen dute, haserretu egiten dira eta errebeldeago jokatzen dute. Horrek guztiak eragina dauka eskolako errendimenduan».

Askotan, gainera, lagunartea ere aldatu egiten da. «Asko mindu nauen kontua da. Elkarrizketatu ditugun nerabeen kasuetan, etxegabetze prozesuan lagunak aldatu dituzte, ez beraiek hala nahi zutelako, betiko lagunek huts egin dietelako baizik. Beren lagunak gehien behar zituzten unean, haien aurreiritziak eta beldurrak sufritu zituzten. Nerabe batek kontatu zidanez, kuadrillaz aldatu zen ‘ja ez nuelako nire lagunek zeukaten adina, pobre bihurtu nintzelako’. Bizi garen jendarte motaren inguruan zer pentsa eman didate testigantza horiek», esan du ikertzaileak.

Oinarrizko eskubideen urraketa

1989ko Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak 54 artikulu ditu, lau zutabe nagusiren gainean emanak: diskriminatua ez izateko eskubidea; haurraren interes gorena babesten duena; bizitzarako, biziraupenerako eta garapenerako eskubidea eta iritzia izateko eskubidea.

«Nik artikulu horietatik batzuk hartu nituen; familiarena, haurraren interes gorena, hezkuntzarena, aisialdiarena... eskubideak beren artean mendekoak dira eta zatitu ezinak. Beraz, bat urratzen duzunean besteak urratzen dituzu. Garbi dago etxe kaleratzeen kasuan haurraren oinarrizko eskubideak urratzen direla, etxebizitza edukitzeko eskubidetik askoz harago. Haurraren interesak ez dira inoiz lehenesten, ez etxegabetzeen prozesuan ez beste egoera askotan ere», iritzi dio Miguelenak. «Oso garrantzitsua da haurrak esan behar duena entzutea, bere iritzia jasotzea. Ez dakit nork eta nola, baina horretarako tresnak sortu behar dira. Eta hortik abiatuta haurrari atentzio psikologikoa eta pedagogikoa eskaini behar zaio».

Joana Miguelenak egindako lan osatua irakurrita ematen du jendarteak ez duela tresna nahikorik sortu etxegabetzeen inguruan ematen diren egoerei erantzuteko. «Aurrerapausoak ematen ari dira. Jendea gero eta gehiago ari da kontzientzia hartzen, baina oraindik urrun gaude benetan etxegabetze batek zer dakarren ulertzeko. Oraindik jende askok distantziatik begiratzen duen errealitatea da, berari sekula halakorik ez zaiola gertatuko pentsatuta». Eta distantzia hori aurreiritziz beteta dago, bai haurren artean eta baita helduen artean ere. «Jendeak gaizki begiratzen dit kafe bat hartzen ikusten banau», kontatzen du etxetik kaleratua izan den emakume batek.

Helduek eta helduentzat

«Bizi dugun jendartea helduek egina eta helduentzat egina da, hori da arazoa. Haurrak etorkizunean irudikatzen ditugu, gero zer izango diren daukagu buruan etengabe, eta ahaztu egiten zaigu zer diren orain. Oraindik izango ez balira bezala jokatzen dugu. Etorkizuneko pertsonak bezala ikusten ditugu, baina gaur egungo pertsonak dira, oraina dira eta ez etorkizuna», bukatu du Joana Miguelenak.