Korrupzioaren aitzindariak
Espainiako gertuko historiaren DNAn korrupzioa barneratuta dagoela esateko azken hamarkadetako hemeroteka gainetik irakurtzea nahikoa litzateke. Izaera, diote batzuek, gizarte oso baten gaitz endemikoa, beste batzuek. Korrupzioa modu askotan defini daiteke; Transcparency International erakundearen arabera «botere publikoaren erabilpena zilegi ez diren onurak lortzeko» egiten denean korrupzioa ematen da; Robert Klitgaard pentsalari estatubatuarraren arabera, berriz, «korrupzioa existitzen da pertsona batek, modu bidegabean, bere interes pertsonalak besteen interesen gainetik jartzen dituenean». Pertsonalki, lehenengoak kezkatzen nau batez ere.
Publikoaren hutsaltzearen analisian indarra jarriz gero, Espainiako historia korrupzioz beteta dagoela esan dezakegu. Horretan Austriako Etxekoak izan ziren maisuak. Izan ere, XVI. mendean, Habsburgoen monarkia jaioberriak bere kutxa hornitzeko laster jarri zuen martxan mesedeak saltzeko ohitura nobleziako kideen artean. Jokabide horren adierazgarririk onena Francisco Gomez de Sandoval y Rojas, Lermako I. dukea, izan zen. Felipe III.aren erregealdian dukeak eskuratu zuen boterea ia absolutua izan zen. Klitgaarden korrupzioaren deskribapena jarraituz, Lermako dukeak bere interes pertsonal eta ekonomikoen arabera hartzen zituen estatu mailako erabakiak. Bere erabakien artean, Espainiako hiriburutza Madrildik Valladolidera pasatzea Pisuergako hirian ehunka etxe erosi ondoren. Beraz, Madrilgo noblezia Valladolidera iritsi zenean dukearen esku zeuden hiriko eraikin gehienak. Espekulazio urbanistikoaren lehen maisuaren aurrean gaude.
Dirutza egin zuen Lermak eta, ase ez zegoenez, jokaldia errepikatu zuen; nobleziak Madrilen utzitako etxeak merke erosi zituen eta berriro ere hiriburutza Madrilera eraman zuen. Nobleziak, nazkatuta, bere kontrako auzia jarri zuen martxan eta, berriro ere, Lerma aurrerakoia izan zela esan dezakegu. Forupeko figuraren aurrekaria asmatu zuen; justizia zibiletik ihes egiteko kardinalaren izendapena lortu zuen, eta, horrekin, Elizaren babesa. Mario Conde, Javier de la Rosa, Luis Roldan, Granados, Rato, Barcenasen edo Urdangarinen aitzindari ona.
Iturriak arakatuz eta historialarien lanak irakurriz korrupzioa garai historiko guztietan eta lurralde guztietan aurki dezakegula zin dagizuet. Erraza da nire ustez esatea Espainiako izaeran datzala, edo beraien nortasunaren arazo bat dela. Horrek arazotik aldentzen gaitu, lasai uzten gaitu. Kontua da azken urteotan gertu ikusi dugula korrupzioaren funtzionamendua nolakoa den: Nafarroako Kutxa, dietak, eta abar. Baten batek esanen luke kanpotik inportatutako ohitura berria dela, azken urteotako kontua. Tamalez herri honetan baditugu ere gure aitzindariak. Jacques de Licras frantses jatorriko abokatua Nafarroako prokuradorea izan zen 1340tik 1345era bitartean eta botere handia eskuratu zuen erresuman. Erregearen konfiantza osoa izan zuen arren, bere gehiegikeriekin nekatuta Nafarroako herri ezberdinetatik hamar salaketa publiko iritsi ziren Erregearen auzitegietara. Karguen artean, sobornatzea, mesede erosketa, testigantza faltsuak ematea edo fabore sexualak jasotzea. Laburbilduz, jarrera anker eta krudelak leporatzen zizkioten. Baina Licrasek azken boladan bankariak jasotzen ari diren bi urteko kartzela zigorra baino zertxobait gehiago jaso zuen; heriotza zigorra, hain zuzen ere.
Zein da beraz arazoa? Herrialde baten izaera? Gutxi batzuen jokabide zikina? Edota mendeetan zehar inposatu den eredu soziopolitiko oso baten gaixotasunaren seinale da? Marxek esaten zuen produkzioaren oinarrian bertan kokatu behar dugula korrupzioaren sorrera. Jabetzaren sentimendua horren indartsua den gizarte honetan, etekin ekonomikoa lortzea helburu nagusi edo ia bakarra bihurtu den gizarte honetan, interes publikoarentzat lekurik ez dagoela dirudi. •

