MSFk gogor salatu du gerretan ospitaleak erasotzea «normala» bihurtzen ari dela
Zibilak betidanik izan dira gerren biktima zuzen: hirien setioak, gosea, bonbardaketak, bortxaketak, lekualdatzeak… Baina gehienetan gizatasun gotorleku txikiak ere geratzen ziren gerretan. Ospitaleak ziren gune horietako batzuk, zaurituek laguntza eta babesa lor baitzitzaketen bertan. Hori ere bukatu da: helburu militar bihurtu dira ospitaleak.

Zure etsaiaren medikua ez da zure etsaia». Horrela aurkezten zuen joan den astean MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Siriako gerran babestutako zentroek jasan dituzten erasoei buruzko txostena. Iaz 94 aire eta artilleria erasok MSFk laguntzen dituen 63 azpiegitura jo zituzten herrialde arabiarrean. Horietatik hamabi erabat suntsituta geratu ziren, eta 81 mediku eta osasun langile hil edo zauritu ziren. Aurten, beste zazpi eraso izan dira jada sei osasun zentrotan.
«Bost urteko gerraren ondoren, osasun azpiegiturak erabat txikituta daude Sirian», nabarmendu zuen MSFk. Izan ere, «normala ez zena normal bihurtu da. Onartezina onartu egiten da Sirian», deitoratu zuen Joanne Liu MSFko nazioarteko presidenteak. Sirian gertatzen ari dena, baina, ez da inolaz ere kasu bakartua. Afganistanen, Yemenen edota Sudanen «anbulantziei tiro egitea» esamolde bat baino errealitate gordin bilakatu da. Eta erasotzaileak ez dira alde bakarrekoak; Siriako Armada, AEBetako hegazkinak, Saudi Arabiako artilleria…
«Gerraren indarkeriatik zibilak babesteko beharra ez da betetzen», gaitzetsi du MSFk. Eskolak, ospitaleak, meskitak, merkatuak… nahita erasotzen dituzte aldeek, ahalik eta biktima gehien eragiteko.
Joan den otsailaren 15ean jaurtitako misilek bost osasun zentro jo zituzten Sirian. Aldi berean, Idlib eta Alepon bi eskola ere kolpatu zituzten. Guztira 50 hildako baino gehiago eta zauritu ugari izan ziren.
Propio egindako erasoak
Erasoak, gainera, ez dira kasualitatez gertatzen. Azken kasu horretan, Liuk nabarmendu bezala, «propio egindako erasoak izan dira, ezin da besterik pentsatu. Litekeena da egilea Gobernuak gidatutako koalizioa izatea». Koalizio horretan, Siriako Armadarekin batera, Errusiako Armadak eta Hezbollah talde xiitako miliziek hartzen dute parte.
Jose Antonio Bastos MSF-Espainiako presidenteak zioenez, lehen ospitaleek «noizbehinka» jasaten zuten erasoren bat gerra garaian, «lapurtzeko edo talde batek beste bat erasotzen zuelako». Baina azken urteotan salbuespena zena ohitura bihurtu da. «Sirian bai ospitaleak bai osasunaren profesionalak behin eta berriro izan dira indarkeriaren biktima», azaldu zuen.
«Yemenen gertatutakoak gehiago harritu gaitu. Saudi Arabiak dituen arma modernoak ikusita, doitasun handiko erasoak egin beharko lituzke teorian, baina gero eta gehiago eskolak, ospitaleak eta merkatuak erasotzen ditu. Hori ez da inoiz gertatu gure erakundearen historian. Eta ez dira miliziak izan, Saudi Arabia eta AEBak bezalako estatuak daude atzean», salatu zuen joan den hilabetean.
Yemenen MSFk lagundutako hiru ospitaleri egin diete eraso. Urriaren 27an Haydangoa erabat suntsituta geratu zen, abenduaren 3an zazpi pertsona zauritu zituzten Ta'izz hiriko osasun zentro batean eta urtarrilaren 10ean bonbak Shiarako ospitalean erori ziren, sei hildako eta zazpi zauritu utzita.
Mugarik Gabeko Medikuek azaltzen dutenez, Yemenen borrokan ari diren aldeek gatazka armatuetan izaten diren gutxieneko gizatasun arauak ere mespretxatzen dituzte. «Egunero ikusten dugu harrapatuta dagoen populazioak jasaten dituen ondorio suntsitzaileak. Helburu zibilen aurkako bonbardaketa masiboak gerrarekin batera hasi ziren, 2015eko martxoan», adierazi zuen Raquel Ayora MSFren Ekintza zuzendariak.

«Akatsak» direnez, onargarriak
Gainera, «gero eta gehiago erasoei garrantzia kentzen diete edo ‘akatsak’ direla esaten dute egileek. Joan den astean, Britainia Handiko Atzerri Ministerioko idazkariak ukatu egin zuen Saudi Arabiak nahita urratu duenik Gizatasun Zuzenbidea Yemenen. Antza, ‘akatsa’ bada, onargarria da ospitale bat bonbardatzea. Logika hori erabat iraingarria eta arduragabea da», salatu zuen Ayorak.
Gertatzen ari denak, baina, ez du inor ezustean harrapatu, aurrekariak izan baziren-eta, adibidez, Afganistanen. Urriaren 3an izandako Kunduzko ospitalearen aurkako erasoak oihartzun handia izan zuen nazioartean: gutxienez 30 pertsona hil ziren, tartean hamahiru mediku eta hamar gaixo. MSFk AEBetako Armadari leporatu zion erasoa. Salatu zuenez, paziente batzuk ohean erreta hil ziren eta hainbat osasun langilek hankak edota burua galdu zituzten eztanden ondorioz. Christopher Stokes MSFren zuzendari nagusiaren esanetan, ospitalean zeudenek argi ikusi zuten «hiltzeko eta suntsitzeko helburua» zuela erasoak. «Arazoa da ez dakigula zergatik», gaineratu zuen.
MSF erasoa gelditzen saiatu zen, baina, OTANekin, AEBetako Defentsa Sailarekin zein Nazio Batuekin harremanetan jarrita ere, oraindik beste ordu erdiz iraun zuen. Nazioarteko Giza Zuzenbidea jarraituz, gatazkan ziren alde guztiekin hitzarmena zuen erakundeak, ospitaleren neutraltasuna errespeta zezaten. Izan ere, MSFk gatazken aldeei bere azpiegituren koordenada zehatzak ematen dizkie.
AEBetako agintariek bertsio ugari eman zituzten erasoa azaltzeko, nahasmen horren bitartez izandako ardura estaltzeko asmoz. Kontuak kontu, Afganistango ipar-ekialdeko osasun azpiegitura bakarra zen Kunduzkoa itxita dago egun. Larrialdi egoeretan eta traumatologian goi mailako tratamendua eskaintzen zuen eta 2014an 22.000 lagunek jaso zuten tratamendua bertan. Egun milaka gaixok pairatzen dute bere galera: gehien behar duten unean ez dute inolako arreta medikurik.
Bastosen iritziz, «orain arte ospitaleak errespetatu egiten ziren gatazketan, baina hori desagertzen ari da, tolerantzia handiarekin gainera. Izugarria da. Behin hori gertatuta, baina, orain gerta daitekeen gauzarik txarrena erantzunik ez ematea eta normaltzat jotzea da».
MSF-Espainiako zuzendariak nabarmendu bezala, osasun zentroak eta osasun langileak errespetatu egin behar dira gatazketan, gerran zaurituez gain, gaixotasun arruntak dituzten lagunak ere zaintzen dituztelako, «eta asko dira, egoera horietan elikagaiak gutxiago direlako eta estresa areagotzen delako». Gainera, «gerran, indarkeria, beldurra, mesfidantza... nagusi dira eta elkarri laguntzeko edo gizatasuneko oso gotorleku gutxi geratzen dira; horixe ere badira ospitaleak. Horregatik osasun zentroak erasotzeak balio sinboliko handia du».
Siriari buruzko txostenak azaltzen duenez, batzuetan «talka bikoitzeko» erasoak daude. Izan ere, lehen eraso baten ondoren, osasun langileak edo sorosleak iritsi eta zaurituak osasun zentroetara eramaten saiatzen direnean, berriro erortzen dira bonbak, biktima gehiago eraginez. Ospitaleak, eskolak, meskitak edota etxebizitzak erasotzearen biktima nagusiak zibilak izaten dira, noski. MSFk uneotan Sirian laguntzen dituen 70 ospitaletan, adibidez, iaz 7.009 zibil hildako eta 154.647 zauritu zenbatu zituzten. Biktima horien %40 Emakumeak eta haurrak ziren.
Joanne Liuk txostena aurkeztu zuenean, erantzukizunak ere eskatu zituen. Eta, batez ere, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan esertzen diren estatuei. «Zibilenganako erantzukizun oinarrizkoenak ez betetzeagatik erantzun behar dute», nabarmendu zuen.
Gerra aktoreak NBEn
Segurtasun Kontseiluko lau kidek (AEBak, Errusia, Frantzia eta Britainia Handia) Siriako gerran aktiboki parte hartzen dutela gogorazi zuen Liuk. MSFko presidenteak gaineratu zuen Segurtasun Kontseiluko erabakiek eurek zibilen eta azpiegitura medikuen aurkako erasoak, setioak eta gose-taktikak debekatzen dituztela, «eta, hala ere, horixe bera da Sirian egin dutena», salatu zuen. Ez da erraza, noski, erasoen arduradunak eurak izatea gerra legeak apurtzeagatik ikerketak bultzatzen dituztenak. MSFren arabera, «Segurtasun Kontseiluak hartutako erabakiak betearazteko ezintasunak argi adierazten du euren armadak eta aliatuak direla erabakiak urratzen dituztenak».
MSFk joan den otsailaren 15ean Idlib probintziako Maarat an-Numan hiriko ospitalearen aurkako erasoan benetan zer gertatu zen jakiteko ikerketa independentea ere exijitu zuen, aurretik Kunduzko kasuan egin bezala. Ez dute beraiek egin nahi, «erakundea ‘Mugarik Gabeko Ikerlariak’ ez bihurtzeko». Horregatik, IHFFC Gertakariak Ikertzeko Nazioarteko Batzorde Humanitarioaren parte hartzea eskatu zuen MSFk. «Maarat an-Numan hiriko ospitalearen bonbardaketa gerra-legeen urraketa nabarmena da eta Sirian osasun instalazioei egindako erasoen icebergaren tontorra baino ez da», gaitzetsi zuen Liuk. Aire-eraso ugari jasan ostean, 25 pertsona hil ziren ospitale horretan, horietatik bederatzi zentroko langileak. 30 ohe zituen ospitaleak milaka pertsona zaintzen zituen hilero.
MSFk gosea gerra-tresna bezala erabiltzea ere salatu du. Madaya hirian, Damaskotik gertu, abenduaren 1etik urtarrilaren 29ra 49 pertsona hil ziren gosez. Beste herri asko ere egoera berean daude Sirian setioen ondorioz, azken asteotan aldeek milaka pertsona inguraturik bizi diren herriotara laguntza eramatea adostu duten arren.

Iheslariak
Bestalde, tokialdatutako populazioa ez erasotzeko eskatu du MSFk. Izan ere, Siria iparraldeko Azaz hiriaren inguruetatik 45.000 pertsonak ihes egin dute Turkiako mugarantz, eta beste 55.000 lagunek beren etxeetatik alde egin behar izan dute. Frontetik zortzi kilometro eskasera daude uneotan iheslarion kanpamenduak. Horregatik, operazio militarrak urruntzeko eskatu die MSFk gerrako aktore armatu denei, Siriako gainontzeko lekuetan bezala zibilak eta osasun azpiegiturak babestea helburu.
Nazioarteko arauak urratuz muga guztiak gainditu dituen beste eragile bat Israelgo Armada da. Joan den azaroan soldaduak Hebrongo ospitale batean sartu ziren, armatuta eta mozorrotuta, gaixorik zen palestinar bat bahitzeko. Operazioan gaixoa zaintzen zegoen senide bat hil zuten tiroz. «Izuturik gaude. Zentroa ez da MSFrena, baina pazientea gure zaintzapean zen. Oso kezkatuta gaude», adierazi zuen Cristina Carreño koordinatzaile medikuak. «Gertatutakoa neutraltasunaren eta misio medikuen printzipioen urraketa da. Nazioarteko Gizatasun Legediak dio osasun zentroak errespetatu egin behar direla, eta horrek indar armatuak bertan sartzea debekatzen du», gaineratu zuen.
Ezin da ahaztu Gazan 2014ko udan Israelek egindako sarraskia ere: 2.251 palestinar hil zituen, tartean 1.462 zibil, eta beste 11.231 zauritu. Bonbardaketek ez zuten ezer errespetatu. Ez etxebizitzak, ezta eskolak ere. Gogoratu behar denez, NBEren eskolak babesleku bihurtu ziren Israelgo Armada ehunka etxe suntsitzen ari zen bitartean. Baina eskola horiek ere eraso egin zituzten israeldarrek, osasun langileak eta garraiobideak bezala. Hamazazpi ospitale, lehen zainketako 56 osasun zentro eta 45 anbulantzia kolpatu zituzten. Eta hamasei osasun langile palestinar hil ziren erasoetan.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
