Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

BEHAR BEREZIENA, ELKARTASUNA

Jon Urbe/ Argazki Press
Jon Urbe/ Argazki Press

Behar bereziak dituzten haurren gurasoek osatzen dute Pausoka Elkartea. Auskalo nondik, baina aldiro ateratzen dute indarra jendarteak ahazteko joera duen gaia mahaiaren gainean jartzeko, pausoka eta pixkanaka, behar berezi horiek asetzeko modua egiteko. Oraingoan elkartasunetik idatzitako ipuin sorta jasotzen duen liburua jarri dute mahaiaren gainean. Margot Recast idazleak koordinatu du liburua eta askotariko kontakizunak jasotzen dituela zehaztu du, parte hartu duten idazleek arlo eta estilo ugari jorratzen dituztelako. «25 idazlek partu hartu dugu bilduma honetan. Hasiera batean ipuin erromantikoak bildu nahi nituen, ni horretan aritzen naizelako. Baina azkenean idazle bakoitzak bere alorreko ekarpenak egin ditu. Batzuek literatura erotikoa egiten dute, besteek beldurrezko kontakizunak... Horregatik bilduma oso anitza da, askotarikoa», zehaztu du Recastek. Hala ere, ipuin guztiek antza omen dute, «denak direlako bihotzetik eta elkartasunetik eginak». Hamar eurotan daude salgai eta, printzipioz, elkartearen bitartez erosi ahal izango da (pausokaelkartea@gmail.com helbidean).

Pausokak lau urte daramatza martxan eta Hernanin daukan diziplina anitzeko errehabilitazio zentroa da bere lorpenik nabarmenena. Bertan logopedia, fisioterapia eta terapia okupazionala eskaintzen dituzten profesionalak aritzen dira haurrekin lanean, beren bizi kalitatea hobetu nahian. Gaur egun 70 familiek osatzen dute, eta kopurua goraka doa.