ENEEK
Entrevista
Idurre Aranguren ETA Nerea Altuna
Ekoudalatx Mintegi Ekologikoa

«Iruditzen zaigu landare hazkuntza ekologikoaren mundu honetan bizitza osoa emango dugula ikasten»

Ekoudalatx mintegi ekologikoaren (Ubera, Bergara) sustatzaileak dira Idurre Aranguren eta Nerea Altuna. Urtebete igaro berri da proiektua abiatu zutenetik.

Bere lehenengo urtea bete berri du Udalatx mintegi ekologikoak. Uberan (Bergara) alokatutako negutegian, bi emakumek gustuko duten zerbait eginaz bizitzeko lehen pausuak ematen ari dira. Idurre eta Nerea arrasatearrek mendi-lanetan zebiltzala ezagutu zuten elkar. Nereak nekazaritza ikasketak egin zituen unibertsitatean, eta aspalditik zuen lehen sektorean proiekturen bat abiarazteko gogoa, baina, dioenez, «apur bat beldurtia naiz eta ez nuen bakarrik egin nahi». Idurrek, aldiz, landare hazkuntzan saiakera txiki batzuk egin ostean ikusi zuen gogoko zuela lan hura eta proiektuari bueltak ematen hasi zen, «baina argi nuen lan hau ez zela bakarrik egitekoa», gehitzen du. Biek elkar topatu zutenean, Ekoudalatx-en hazia ernetzen hasi zen. Hastapenak gogorrak direla jakina da, eta momentuz beraientzat soldata ateratzen ez badute ere (aurtengo etekin guztiak proiektura bideratu dituzte), pozik eta ilusioz agertzen dira, «mentalizatuta gaude soldata ateratzea kostako zaigula. Edonola izanda, ez ginen honetan sartu dirua egiteko, gustuko dugun zerbait eginez bizitzeko baizik».

Zer moduz moldatu zarete zuen lehenengo urte honetan?

Nahiko ondo, nahiz eta etengabe hanka sartzen eta ikasten goazen. Biolur Gipuzkoatik laguntza handia jaso dugu. Egia esateko, iruditzen zaigu landare hazkuntza ekologikoaren mundu honetan bizitza osoa emango dugula ikasten, harrigarria da zenbat hazi-etxe, landare mota, barietate, hazkuntzarako lehengai… dauden. Eta negutegiaren maneiuari buruzko kontuak! Lehenengo urte hau proba modura hartu dugu, bion arteko harremana lantzeko, negutegia gobernatzeko gai garen ikusteko… Orain gauzak argiago dauzkagu, eta badakigu mugitu behar garela; negutegi handiagoa behar dugu, hau txiki geratu baitzaigu lehenengo urtetik. Gainera, arazoak eman dizkigu udaran; bero handia egiten zuen, ez zegoen modurik aireztatzeko eta landare asko hil zitzaizkigun.

Zer du berezitik landare ekologikoak?

Ortuari ekologiko baten lehenengo pausua da: landare ekoizpen konbentzionalean gertatzen denaren kontra, guk ez ditugu fitosanitarioak sistematikoki erabiltzen, eta erabilita ere, beti neurtzen saiatzen gara. Gainera, beste mota bateko sustantziak dira, ez dira kimika sintetikotik eratorritako pozoiak. Ezjakintasun handia ikusi dugu azoketan bezeroen artean, batzuek ez dute sinesten gurea landare ekologikoa denik, itxura “onegia” duelako. Uste dute landare hazkuntza ekologikoan ez dagoela baliabiderik ongarritzeko, edo izurri eta gaixotasunak tratatzeko. Baina bai, badaude, eta bai, ekologikoan landare ona –eta garbia– egin daiteke.

Itxura aipatu duzue. Merkatuan ohikoenak dira kolore ilun dirdiratsua duten landareak. Horiek dira onak, ala «dopatuta» daude?

Horrenbeste urtean landare konbentzionalen kolore berde ilun ia urdinera ohituta, jende askok pentsatzen du hori dela landare on baten ezaugarria, baina kolore horrek azaleratzen duena nitrogeno gehiegikeria da, eta, horrek, beste gauza batzuen artean, izurrien arazoak ekarriko ditu. Guk ongarritzea materia organikoarekin egiten dugu; landareak dagokien erritmoan hazten dira, hazi ahala indartuz doaz eta kolorea naturalagoa dute, berde argiagoa.

Nola egiten duzue merkaturatzea?

Mintegian bertan saltzen dugu, eta horretaz gain bailarako azoketara ere joaten gara: Arrasaten ostiraletan eta hileroko hirugarren larunbatean, Bergaran asteazken arratsaldetan, eta antolatzen diren azoka berezietan ere izaten gara. Bailaran zentratu nahi dugu lehenik eta behin, eta gero joango gara gure influentzia eremua zabaltzen.

Landare ekologikoen eskaintza Euskal Herrian oraindik garatzeko dago. Bezeroak topatzeko zailtasunik ez zenuten izango, ezta?

Egia esan, ez. Bila etorri zaizkigu, eta ez bakarrik ekoizle ekologikoak, baita konbentzionalak ere. Landarea probatu dute, gustatu zaie eta berriz ere bueltatu dira. Nahiko genuke ekoizle ekologikoekin programazio bat egin, beraiek dira gure “bezero potentzial” nagusiak, baina momentuz ez dugu lortu. Aipagarria da ere gure bezero nagusiak ez direla ekoizleak, herri baratzetan dabiltzan herritarrak baizik. Azpimarratzekoa da udal ezberdinetan martxan jarri diren herri baratze ekologikoak izaten ari diren eragina; jende asko hurbildu da nekazaritza ekologikora bide horretatik.

Zeintzuk izan dira zailtasun nagusiak ekoizpenaren aldetik, egon badira?

Guretzat zailtasun handiena bertoko barietateekin lan egitea izan da. Ideologiagatik bertoko hazi barietate ahalik eta kopuru handienarekin aritu nahiko genuke. Mintegi bezala, ordea, behartuta gaude ziurtatutako haziekin lan egitera, eta barietate zaharren alorrean oso eskaintza txikia dago ziurtatuta. Horrez gain, gertatu zaigu barietate zahar bat probatu eta arazoak izatea ere. Gero beste kontu bat esperientzia faltarena izan da: batzuetan uste genuen landarea txarra ateratzen ari zela, baina gero zoriontzera etorri zaizkigu.

Hortaz, zer beharko litzateke bertoko barietateen erabilpena «etxeko erabileratik» erabilera profesional orokortu batera pasatzeko?

Araudiak moldatu behar dira, horrelako ondare garrantzitsu bat gal ez dadin. Horrez gain, haziaren kalitatean ere hobetu behar da, mintegiek berme guztiak izan ditzagun hazi bat erabiltzeko orduan. Eta ekoizleek ere apustua egin behar dute. Noski, horretarako ekoizpen maila minimo bat izango duten bermea behar dute.

Hibridoen erabilera ekoizpen ekologikoak onartu behar duen kontraesanetako bat da?

Hibridoak ekologikoan erabiltzen dira, eta egia esateko kasu askotan ekoizpenaren aldetik abantailak dituzte, baina gure ustez, hein batean behintzat, pentsamoldea aldatu behar da. Adibide bat jartzearren: guk geuk Aretxabaletako tomate morea egiten dugu, bertoko barietatea, bailarakoa gainera. Baina batzuk etortzen dira tomate hibridoa eskatzen, hura besterik ez dute nahi, eta guri hori ulertzea kostatu egiten zaigu; azken finean, tomatea euskal kliman ondo egokitzen ez den landarea da, barietate guztiek, baita hibridoek ere, arazoak izaten dituzte. Hori horrela izanda, zergatik ez bertoko barietateen alde egin?

Zuek, hortaz, ez duzue hibridorik erabiltzen?

Bai, noski erabiltzen ditugula. Zuk zurea egin behar duzu, baina bezeroa ere zaindu behar duzu; ez badiozu nahi duena ematen, galdu duzu. Gainera, mintegiko ekoizpenaren aldetik –hau esatea guretzat apur bat mingarria bada ere–, hazi hibridoak hobeto moldatzen dira, oso ernetze ona izan ohi dute. Bestalde, baserritarren ikuspegitik, sarri ekoizpen maila hobea dute, eta zentzu horretan ulergarria da horiek aukeratzea. Baina hazi hibridoak soilik lehenetsiz gero, hazien multinazionalei jokoa egiten zaie, horregatik ahalegintzen gara oreka bat mantentzen, eta hibridoak ez diren barietateak aukeratzen, badaudelako ekoizpen maila oso onak ematen dituztenak.

Nekazari ekologikoen ezaugarri bat erabiltzen duten produktu aniztasuna omen da. Zein da zuen sentsazioa?

Orokorrean bai, horrela da. Egia da ere batzuetan kostatu egiten dela gauzak berriak sartzea, ortugileak ohituta daude landare mota eta barietate jakin batzuetara eta beti ez daude prest gauza berriak probatzeko. Asteroko otarrekin lan egiten duten baserritarrak prestutasun gehiago dute, “gauza arraroen” bila etortzen zaizkigu otarreko eskaintza handitzeko. Herri baratzetan dabilen jendeak ere gauza berriak probatzeko joera du. Hazi ekologikoen munduan eskaintza handia dago (dena esateko, gehiena Europako beste herrialde batzuetan). Guk aurten 100 barietate inguru probatu ditugu.

Emakumeek zailago dute lan munduan aurrera egitea. Zuen kasuan, abantaila edo desabantaila da emakume izatea mintegi bat aurrera ateratzeko?

Guk uste dugu abantaila bat dela. Emakumeak betidanik egon dira haziekin lotuta, gure izaeran dago zaintzarako sen hori. Gure proiektuaren kasuan, abantaila da ere familiaren eta lanaren kontziliazioan hobeto antolatzeko moduan gaudelako, ama izan –Nerea bada– eta lan egiteak dauzkan zailtasunak ulertzen ditugu eta hobeto moldatzen gara. Gainera, hemen ez dago rolik!

Esan ohi da nekazaritza ekologikoak emakume gaztearen aurpegia duela. Zuen bezeroen artean horrela al da?

Bai, geroz eta gehiago gainera. Proiektu askotan, emakumeak dira nagusi, gurea bezalako kasu gehiago ere badaude, bakarrik emakumeak garatzen ari diren proiektuak alegia.

Lehenago proiektu berria aipatu duzue.

Negutegi on bat behar dugula argi dugu, eta horretarako hemendik mugitu behar gara. Ikusi dugu inbertsioak egitea beharrezkoa dela gurea bezalako jarduera batean. Lur bila ari gara, erosteko begira egon ginen, baina ezinezkoa da, astakeriak eskatzen dira. Gure bailaran lursailak egon badaude, baina guretzat egokienak izan litezkeenak (lauak, ibaietatik gertu) industriarentzat gordeta daude, edo urbanizagarriak dira. Hori ere, gurea bezalako jarduera batentzat oztopo handia da: negutegia jartzeagatik etxebizitza bat jartzeagatik besteko tasak eskatzen dizkigute, ez dauka inolako zentzurik. Politikak aldatu behar dira, eta hori argi gelditzen da ibai ondoan dauden lursailekin, babestuta egon beharko lirateke, eta jardueraren bat eginez gero nekazaritza ekologikoarekin lotutakoak beharko lukete izan. Eta, noski, tasak errebisatu beharko lirateke: esaterako, 100.000 euroko aurrekontua duen nekazaritza proiektu batek 20.000 euro ordaindu behar baditu tasatan, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa kolokan jartzen da. Diru laguntzak badaude, baina gero, horrelako kontuekin, alde batetik ematen dizutena bestetik kentzen dizute.