Iñaki Altuna

Nori hitz egin behar dio Otegik?

Arnaldo Otegik kartzelako ziega utzi du aste honetan eta etxean da. Ikusmin handia zegoen, baina ikusmin hori are eta handiagoa bilakatu da Otegiren hitzartzeekin. Biderkatu egin du efektu politikoa, eta hori ez da erraza, normalean espektatibak betetzea oso-oso zaila baita. Gainera, aspaldiko partez, euskal auzia aktualitatera eraman du, bai hemen bai kanpoko hedabideetan. Arretaren satelitea Euskal Herriaren gainean jartzea ahalbidetu zuen lehendabiziko hitzekin, eta Belodromorako jakin-mina handiagotu du.

Bi arazo izango ditu, ordea, Otegik, arazoak aukerak ere izaten badira ere. Lehena: oraindik goiz da Otegik bere ikuspuntu osoa azaltzeko, lurra hartu behar du. Halere, ezin da esan orain arte esandakoa diskurtso hutsala izan denik, eta ezin daiteke pentsatu gaur arratsaldean botako duena mamirik gabeko agurra izango denik. Askotan esan ohi da Otegi oso komunikatzaile ona dela. Zalantzarik ez. Sekulakoa. Baina bere indarra ez da soilik komunikatzeko duen gaitasunaren ondorio, hori bezain garrantzitsua baita irakurketa politikoak egiteko eta estrategiak egituratzeko duen gaitasuna. Esate baterako, 2009ko ekainean Anaitasunan eginiko hitzartzean, berez hauteskunde kanpainako mitin bat zena, estrategia berriaren oinarriak azaltzeko gai izan zen, mitin baten pasioa eta hitzaldi baten pedagogia uztartuta. Mamiz beteriko mezua izan zen, zuzen-zuzenean milaka pertsonari iritsi zitzaiona, burura eta bihotzera.

Hori gutxi ez eta ondokoei eta ez hain ondokoei entzuteko gai ere bada Otegi, besteen iritziak metabolizatzeraino. Ez da asko ikusten den dohaina. Horregatik ere, rock talde bateko kideekin zein betiko militante historikoekin konektatzeko gai da.

[Oharra: orain artekoak analisia izan nahi zuen, akaso panegiriko hutsaren traza hartu badu ere]

Arnaldo Otegik une honetan duen bigarren arazoa bere mezua hartzaile askori bidali behar izatea da, eta horretan orekari eustea ez da beti ariketa erraza izaten. Ezker abertzaleari hitz egin behar dio –horrela egin zuen hainbatetan Elgoibarren–, baina herritar guztiei ere hitz egin behar die. Ez da erraza asmatzea, oreka bilatzea, etxe-etxekoentzat eta auzokoentzat ez baitira hitz eta gai berdinak erabiltzen.

Abian prozesuaren amaieran

Ezker abertzaleari hitz egin behar dio, nahitaez, azken garaian krisian sartu baita. Hala agertzen du “Abian” txostenak krisi horren muina: «Egindako mugimenduaren [estrategia aldaketa eta haren gainean egindako urratsez ari da] inertziaren baitan surf eginez aski izanen genuela pentsatu genuen hasieran. Alta, gure oinetan agortu da olatua eta ez dugu ulertu mugimendu eraldatzaileak, olatuak baliatu baino gehiago, olatuak sortu behar dituela». Abian prozesua krisi hori gainditu eta estrategia aldaketari hauspo berria emateko jarri zuten martxan, eta, une honetan, ondorioetara iristeko unea denean, Otegiren hitzak onerako izan daitezke, ezker abertzalearen oinarri soziala berpiztea lortu baitu elgoibartarrak. Umekeria litzateke “Otegi efektuak” dena konponduko duela pentsatzea, baina orain dela hilabete batzuk baino errazago izango dute mugimendu horrek behar duen eraldaketa burutzea –birsortzea, aipatu txostenaren hitzetan–, horretako ausart aritzea.

Halere, ezker abertzaleak eta harekin bat egiten duten militanteek ezin dute Otegi kartzelatik irtenda sortutako giroa soilik barrura begira ulertu. Erronka ez da etxekoak asebetetzea. Helburua, edozein mugimendu politiko iraultzailerentzat, prozesu politikoan aurrera egitea da, proiektu politikoa errealitate bihurtzeko bidean. Otegiren hitzetan, irabaztea. Eta horretarako, Euskal Herrian berpiztu nahi duen prozesu politikoaren berme eta indar bakarra herria izanik, hari hitz egin behar dio ezker abertzaleak eta, oro har, ezkerreko subiranismoak. Zorionez, orain Arnaldo Otegi izango du lan horretarako.•