Gorka Zozaia
Kimikaria

Harri bat lokatzetan

Mileva Einstein-Maric (1875-1948) omentzeko baliatu dut gaurkoan txoko hau, irudian ikusiko duzuenez. Azken artikuluan uhin grabitazionalen detekzioaren berri ematen nuen, Einsteinen aurreikuspen teorikoak ehun urte geroago frogatzen zirela azalduz. Lagun batek orduan Mileva Maric zientzialariari gorazarre egiten zion artikulua pasa zidan, Erlatibitatearen Teoriaren egiletza berarengan kokatuz, eta aipatu aurkikuntza iraultzailea publiko egin zeneko eguna, otsailaren 11, hain zuzen ere Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna zela aldarrikatuz. Aitortu behar dut ordura arte ez nuela andrea ezagutzen, ezta Einsteinen lanen egiletzaren gaineko polemika ere, eta, hala, Martxoaren 8a pasa berri, egun batzuk eman ditut gaian sakontzen.

Egiari zor, sakondu ahal izan dudana ez da aski izan, are eta gutxiago, erabat lokaztutako eremua dela kontuan izanik. Lokaztuta, gehienbat, bustiaren gainean egiten duelako euria andreak bizitza publikotik baztertzeko joera patriarkalari dagokionez. Gaur arte heldu ahal izan diren ebidentziak –asko eta determinanteak ez ditugu eskuartean– zientzialarien eta historiagileen misoginiak erabat baldintzatuta daude. Baina lokaztuta ere bai, topagune bateko kanpalekua lez, jende andana pasa delako eremu honetatik, gora eta behera, tesi ezberdinak indartzeko ebidentzia bila. Hankak belaunetaraino lohituta ibili naiz beraz egunotan, argi pittin baten bila, lokatzetik irteteko harri baten bila.

Bistan denez, ezinezkoa zait lerrootan polemika honen guztiaren berri ematea, baina asko gehiegi, sinplekeriatan jausten naizen jakitun laburbilduz, hauxe da afera: Albert Einstein eta Mileva Maric Zuricheko Institutu Politeknikoan ezagutu ziren 1896an matematika eta fisika ikasketak egiten ari zirela. Harreman estu bat garatu zuten elkarrekin, 1903an ezkonduz, tartean alaba bat eta ostean bi seme ekarriz. 1912an banatu ziren (1919an dibortziatu), baina polemikaren iturri dena bereziki 1905. urte aurreko hartu-emana da. Hain zuzen ere, urte horretan argitaratu zituen Einsteinek zientzia irauliko zuten bost artikulu –erlatibitate bereziari, mugimendu browndarrari eta efektu fotoelektrikoari buruz– “Annalen der Physik” aldizkarian. Lanotan Maric berak parte hartzerik duen da ezbaian dagoena, bere gaitasun zientifikoan oinarrituz batetik –aparteko talentua behar zuen gizonentzako ziren ikasketetan onartua izateko eta gainera gaiok landu zituen–, baita desagerturiko eskuizkribuetan “Einstein-Marity” sinadura ei zegoela argudiatuz bestetik, eta batez ere, bien artean zein hirugarren pertsonekin izandako gutunak aztertuz, zeinetako batean Albertek «gure mugimendu erlatiboaren lana» aitatzen duen. Kristoren datu, dedukzio eta hipotesi anabasa erauzten da horretatik guztitik, baina interesa –eta Interneterako sarbidea– izanez gero lokatzotan ibiltzera animatzen zaituztet.

Nire partetik esan beharra dut (tamalez, jenioen aurkakoen eta ezkutukoen aldeko bainaiz), Maricen egiletza sustengatzen duten iturrietan kontraesan eta kopia-pega gehiegi ikusi ditudala nire gusturako, eta debaterik zintzoena ingelesezko Wikipedian Mileva Maric-en artikuluaren eztabaidan topatu dudala, zeinetan ez zaion andreari Einsteinen lanaren egiletzarik aitortzen.

Harri bat baina topatu dut lokatz honetan guztian: inork ez du zalantzan jartzen Albert Einsteinen izaera misoginoa. Badira Maric berarekiko tratu txarra agerian uzten duten dokumentuak ere, eta agerikoa da familia osatzen denetik andrearen denbora lan erreproduktiboek betetzen dutela. Alta, aztertzen den gutun horietako batean, Maric berak hitz joko honekin erantzuten dio bere lagun onenari lanen egiletzaz galdetzean: «Wir sind ein Stein (‘Harri bat gara – Einstein gara’)». Milevak bere hilarriraino eraman zuen Einstein abizena.

Ez dugu antza biderik Maric-ek Einsteinen lanetan izandako parte hartze zientifikoa ikusteko, baina, aldi berean, agerian gelditzen da Albertek ezer gutxi egin ahalko zuela urte determinante horietan Milena alboan izan ez balu. Izan ideiak emanez, matematikarekin lagunduz, edo erabat debaluatzen dugun lan erreproduktiboa bermatuz, parez pare duguna inbisibilizaturiko beste andre baten historia da. Ekar ditzagun argitara eta erlatibiza ditzagun jenioak! •