Maider Iantzi Goienetxe

Ikusiaren ikusiz, eszitazioa galdu

Gutxiago hunkitzen omen gara. Indarkeria eta sexu irudien aitzinean eszitatzeko gaitasuna galtzen ari garela dio Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko azterketa batek. Egoera emozionalak, adibidez plazera eta kitzikadura, denbora errealean neurtzeko eskala berri bat erabili dute ikertzaileek, “The Affective Slider” izenekoa. Eta tresna horrekin enpirikoki frogatu dute estimulu eszitanteek ez digutela lehen adina eragiten.

Zientzialarien ustez, “desentsibilizazioaren” arrazoia, segur aski, hedabideetan mota honetako hainbertze eduki azaltzea da. Hala, 90eko hamarkadan hagitz kitzikagarritzat jotzen ziren irudiek karga emozional txikiagoa dute orain. Zein neurritan aldatzen ditu esperientziak gure emozioak eta adierazpenak? Eta plazera eta eszitazioa?

Berdin ikusten al dute irudi bera adineko pertsona batek eta gazte batek? Eta heldu batek eta haur batek? Dagoeneko dena ikusia dutela aditu izan diegu zaharrei. Begiekin mundua jaten dute, berriz, umeek. Pertsona baino mugikor gehiagoz osatutako mundua. 7.300 milioi tramankulutik gora.

Pentsatzekoa da horien bidez egunero irudiak partekatzeak, eta orokorrean, telebistaren, ordenagailuaren edo edozein pantailaren bidez iristen zaigun estimulu pilak eragina duela gure emozioetan. Anestesiaren ondorio berak izan ditzake. Harritzeko gaitasuna txikitzea ekar dezake. Baina ez hori bakarrik: zer den errealitatea eta zer fikzioa bereizteko zailtasunak ere sortzen ditu. Zenbat begiratzen dugu kanpora eta zenbat pantailara? Mugikorrarekin ohituta dagoenak zalantzan jartzen ditu jasotako irudiak. Ez ditu sinesten. Ohituta ez dagoenak bai, ordea. Ez da egia zaharrek dena ikusia dutenik. •