Garazi Goia

Lasaitu edo errudun sentitu

Inor ezin da lasaitu eta inork ezin du atseden hartuz disfrutatu, aldi berean errudun sentitzen bada. Atseden hartzen dudanean errudun sentitzeko joera daukadala da, ordea, nire arazoa. Europar gizarte hau itxuratzen duen lan etikak nire denbora librea probetxugarri diren aktibitateekin bete behar dudala gogorarazten dit. Behin eta berriz. Lasaitzea huts egitea bezala da.

Ez dira nire hitzak, baina hegazkinean eserlekuaren aurrean topatu dudan aldizkarian irakurri ditudanean nireak izan zitezkeela pentsatu dut. Atseden hartu nezakeen denbora laburrean zutabe hau idazten ari nintzen, eguneroko errutina hiru orduz atzeratuta zebilkien eta lokartu berri zen alaba alboan nuela.

Aste honetan ere hitz horiek benetan adierazgarri diren egoera baten aurrean topatu naiz. Emakumeen aldeko kanpaina baten bultzatzailea izateko proposamena egin didate lantegian. Helburu ezberdinak ditu egitasmoak, baina, besteak beste, talentu handiko emakumeak lantegian sustatu eta garapen aukerak ematea lortu nahi dugu; eta orokorrean, datorren urteko apirilerako hiru mila pertsonako sail batean %30 emakumeak izatea. Egun, %25 baino ez dira.

Ezin izan nion ezezkoa eman proposamenari, nahiz eta atseden hartzeko asmoa (eta ziurrenik beharra) nuen. Oreka berriro ere desorekatuta. Baina, hegazkinean irakurri dudan artikulu horrek zioen moduan, kasu honetan benetan errudun sentituko nintzateke.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren ildotik bi istorio aipatu nahiko nituzke.

Aste honetan, Londresko finantza etxe ezagun batean, zuzendaritza taldekoek lantegiko emakume guztiei diru sari bat eman diete dendara joan eta urre koloreko soineko erakargarriak erosteko. Eta lankide gizonezkoen aurrean dotore azaltzeko. «Zein urtetan gertatu zen hori?», galdetu du batek sinesgogortasun ukituz. Hain zuzen horixe da egoera hobekien laburtzen duen galdera. Ez dago beste ezer esan beharrik.

Lagun batek film labur bat zuzentzeko diru laguntza jaso berri du aniztasuna sustatzen duen erakunde baten eskutik. “Mercury 13” misioaren istorioa jorratzen ari da. Ipar Amerikako hamahiru emakumek NASAren espazio ontzi bat pilotatu ahal izateko sekretupean egin zuten prestakuntza da gai nagusia. Kontatu didan arte ezezaguna zitzaidan niri istorioa.

1960. urtean, William Lovelace ikertzaileak emakume bat, Jerrie Cobb, aukeratu zuen espaziora joateko probak egiteko. Emakumeen gaitasuna frogatzea zen helburu nagusia. Ezustekoa eraman zuen, probak egin zituzten denen artean, Cobben emaitzak %5 altuenen artean zeudela ikustean. Agidanez, emakumeek presio psikologikoa eta bakardadean eman beharreko uneak jasateko gaitasun gehiago azaltzen zuten; oxigeno gutxiago kontsumitzeko ahalmena ere bazuten. Emaitzak aztertu ostean, hamahiru emakume aukeratu zituzten (hortik dator “Mercury 13” izena).

Hegaldiaren simulazioak hasteko egun gutxi batzuk falta zirela, adostutako egitasmoa bertan behera utzi beharko zutela erabaki zuen NASAk, eta horrela jakinarazi zien hamahiru emakumeei. Telegrama motz batekin, azalpen gehiegi eman gabe. Gizonezkoak nahiago zituzten benetako misioetarako.

Azalpenak eskatzen saiatu ziren emakumeak, kexa formalak ere igorri zituzten, baina NASAk eta egitasmo hartan kudeaketa lanetan zebiltzan beste erakundeek ez entzunarena egin zuten.

Aipatzekoa da, proba horietatik sortu zela ondoren aski ezaguna bihurtu zen “Mercury 7” tripulazioa. Gizonezkoak ziren zazpiak, noski.

Hogei urte pasatu ziren NASAk lehenengo emakumea tripulazio batean sartu zuen arte, 1983an Sally Ride izan zen, hain zuzen. Gaur egun %10 baino ez dira emakumeak.

Nola hartuko dugu atseden oraindik ere hainbeste lan egiteko dagoenean? •