Mikel Zubimendi

Lehentasun hartuta, zaindu dezagun Arnaldo Otegi

Bildu ziren jende oldeak eta zarra-zarra jardun zuen euria medio ezin izan nuenez, aukera aprobetxatu eta bihoakio letrokin batera lagunari eta kideari –eta baita etxekoei ere– besarkada termiko eder-ederra. Bai, puntua botata denez, Arnaldo Otegiren askatzeak eta oholtza politikoaren erdigunera bueltatzeak suposatu duen fenomeno sozial eta emozionalaz arituko naiz. Eta aurrera begira, hausnarketa pertsonal gisa, lagun moduan, ohartxo batzuk eskaini nahi ditut.

Dagoeneko asko idatzi da Otegiren presentziak eragin dituen ondorioez. Ezkerreko abertzaleentzat suposatu duen errekuperazio emozionalaz, anbizioaren berrarmatzeaz, Euskal Herrian sumatu den elektrizitate horrek duen energia askatzaileaz. Egiatik asko duela ukatzeke, hiperboleak hiperbole –energia nuklearra baztertzeko lain indar sortu duela eta abar– eta Otegiren aurkarien purrastak purrustategi, niretzat, errekuperazio horren zantzuak aurretik igartzen hasiak ziren. Beste tonu bat sumatzen hasia zen, beste fundamentu bat, espabilatzen hasiak ginelakoan nengoen. Datuak bazeuden, bai. Otegirekin, jakina, sentsazio hori baieztatu eta disparatu egin da. Badaude ere oso ongi ulertu ez ditudan kontutxoak, batez ere, “The New York Times” tarteko aireratu den lehendakari izateko hautagaitzaren kontu morboso horrena. Otegi horretarako eta bost gai ikusten dudala esanda, kontraindikazioak ere askotxo badaudela aitortu behar dut, eta beste patxada batean, pedagogia egokian, herriarekin artikulatu behar den elkarrizketa baten baitan ebatsi beharreko gaia dela uste dut.

Tira, Arnaldo Otegi animalia politiko totala da. Crack bat da, eta hain zuzen horregatik, asko zaindu beharreko aktiboa da, gehiegi esplotatu behar ez dena. Bizitza natural eta erosoa ongi merezia eta beharrezkoa du, ohikeria informatiboaren gurpil-zoroan kateatzeke, zaletasunak, osasuna eta bere barne-erresumakoak atenditu behar ditu. Oratoriaren maisua delako, ezinbestekoa du isiltasunaren artea jorratzea, hitzekin bezala hitzik esan gabe jakitera ematea. Berak ongi adierazi bezala entzule aparta izatea, euskal jendearen eta gertakizunen behatzaile zorrotza izatea, hausnartzeko denbora hartzea, aldaketa eta korronte sozial karstikoen norabideak egoki irakurtzea. (Auto)zaintza lan hori lehentasunezkoa da, kanpokoa kontrolatzeko bere tenperamentu bolkaniko hori gehiegi ez zamatzea, barne mundua gobernatzeko astia errespetatzea. Berari lana kentzea eta ez ematea.

Otegiren karisma ez dut orain deskubrituko, ezta haren energia ere. Egoera oso zailetan onduriko esperientzia, xarma, inteligentzia emozionala, kuraia, nortasuna, anbizioa, leialtasuna... hori guztia badu, bai, horixe baietz! Baina hori baino gehiago ere bai. Deigarria izan da, eta etorkizunari begira pista emailea, “gurea” ez den jendeak, ezker abertzalearen komunitate militantea baino haragokoak, euskal gizartearen (eta munduko sektore uste baino zabalagoetako) maila guztietako jendeak dion errespetu, miresmen eta estimua ikustea. Otegi ezker abertzalekoa da eta ez da, ezkerreko herri abertzalearena ere badelako. Herrikide askorentzat lider ameslaria da, komandanteburu edo lehendakari izateko jenioa baduena; oso argia eta urrutikoa den begirada inspiratzaile bat.

Beharko du Otegik abildade horri guzti horri zirkuitulaburra egingo ez dion kultura politikoa, antolakuntza, diseinatu eta sustatzea. Betiko balore, bisio eta konbikzioak iraunaraziz, itxuraz ezberdinak baina harremanean banaezinak diren bi konfigurazio ezberdinetan zentratuz, bietan jarrai, koherentzia bati eutsiz: helmugetan eta helburuetan, zoom handiko ideietan eta zoom txikiko detaileetan asmatuz, estatu-politikari eta politikaren militante izaten, sakona eta praktikoa, arkitektoa eta iturgina, ideia futuristak eta oraingo ekintzak ezkontzen. Emozionatu nau, ikaragarri, bera emozionatuta ikusi eta besteak nola emozionatzen dituen ikusteak. Emozionatu eta emozionatzea, horra hor gakoa. Pasioz eta anbizioz independentzia bizi eta irabaztea. •