Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

Norabidea

«Feministok iraultzarako prest». Duela ez hainbeste dezenteko iraultza zen Martxoaren 8a egutegian morez tindatzea. Hori lortu da. Eta duela gutxira arte iraultza dezentekoa zen “feminista” hitzari tokia egitea Martxoaren 8an eta hortik aparteko gainontzeko egunetan. Hori ere lortu dela dirudi. Eta pozik beharko genuke, baina ez nago hain pozik. «Emakumeak zoriondu egin behar dira egun honetan eta eskerrak eman egiten duten lan guztiagatik», entzun diot esaten telebistaren mikrofonoaren aurrean paratu den bati. Ai, ai, ai... ea norabidez erratzen ari ote garen... Bidegurutzean bi aukera daude: gezi txikiari segitu eta azaleko aldaketa horretan geratu, parekidetasuna lortu den ilusio faltsuaren gainean, «nahikoa egin dugu» esanez, gure buruari gezur txikitan. Edo gezi handiari segitu, bide luzeagoa eta nekezagoa egin, hankara lotutako harri astun bakoitza askatu eta bidean segi, segi, segi...