Nagore Belastegi Martin
Entrevista
JuainasPaul Arzak
Historialaria

«Talde sorginkeria ez zen inoiz egon, epe konkretu batean sortu zen asmakizuna izan zen»

XVI. mendean epaituak izan ziren emakumeen memoriaren defendatzaile sutsua da Juainas. Egiari helduz, «sorgin» deskribapena errotik ezabatu nahi du.

Argazkiak: Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS
Argazkiak: Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS

Euskal Herrian izan zen sorginen inguruko auzietan Inkisizioak eskua sartu zuela kontatu izan digute behin eta berriz, baina agian ez da hain arrunta jakitea inkisidore bati esker libratu zirela hainbat eta hainbat pertsona, euren aurkako auzia Nafarroako Gorteko epaile zibilak hasi eta gero. Urteen poderioz gure imajinario kolektiboaren parte bilakatu dira sorginak. Mundu osoko mitologian agertzen dira pertsonaiok, modu desberdinetan irudikatuta, baina, oro har, emakume zaharrak dira, itsusiak eta arropa zaharrez jantzitakoak.

Gaiak luzerako emango luke eta gauza gehiago eta hobeto azaltzeko gogoz gelditu da Juan Ignacio Juainas Paul Arzak. Hala ere, Euskal Herrian izan ziren sorgin auziei buruz dakienaren pintzelada txiki batzuk behintzat ekarri dizkigu lerrootara.

Sorginkeriaz asko aritu izan zara zure lanetan, ikuspuntu objektibo batetik gainera, historialaria zaren unetik.

Horri buruz hitz egiteko sorginkeria tradizionala eta talde sorginkeria bereizi behar ditugu, neurri handi batean zerikusirik ez dutelako. Talde sorginkeria, nik dakidala, ez zen inoiz egon. Beraz, epe konkretu batean sortutako asmakizuna izan zen. Erdi Aroaren bukaera aldera eta Aro Modernoaren hasieran, agintarien artean talde sorginkerietan sinisten zuen jendea ugaltzen joan zen. Hala, Europa gehiena ukitu zuen korronte bat sortu zen.

Akelarreak egiten zituztela, beraz, ez da egia.

Hainbat kronika idatzi zituen Leandro Fernandez de Moratinek, Francisco de Goyaren lagun batek, XIX. mende hasieran, Zugarramurdiko sorginkeria prozesuaren inguruan. Kontatutakoa egia balitz bezala, kronikek sekulako ospea hartu zuten. “Akelarre” hitzari dagokionez, euskarekin lotutako auzietan ematen diren ergelkeriak tarteko, zera gertatu zen: betidanik toki makartsuei “aker-larreak” deitu izan bazaie ere, une horretan Urdazubiko abadeak ikusi zuen bazuela abagune bat, eta, “aker-larreak” toponimo bat bazen ere, sorginen bilerei horrela deitzen hasi zen. Frantsesez lande du bouc esaten zieten lur horiei, baina frantsesek sekula santan ez dute esango sorginek lande du bouc egiten dutela. Sabbat egiten dute. “Aker-larreak” hitza segituan aldatu zen, eta, hala, “akelarre” gelditu zen. Elgorriagan badago, adibidez, “Akerlurra” deitzen den leku bat.

Bada, Goyak pintatu zituen koadro famatuek, bata 1798koa eta bestea 1823koa, beste izen bat zuten hasieran, baina, XIX. mendean, izena aldatu zieten eta orain “Akelarrea” deitzen dira. Are gehiago, katalanez idatzitako artikulu bat irakurri nuen behin eta “akelarre” hitza erabiltzen zuten. Eta okerrena da euskaraz ere erabiltzen dugula!

Zugarramurdik ospea izan du, baina, beste leku batzuetan ere izan al ziren sorginkeria auziak?

Zugarramurdiko prozesutik gorde dena Madrilgo Artxibo Historikoan dago. Hori da Henningsen ikerlariak maisuki ikertu duena. Nafarroan, ordea, 1610 baino lehen prozesu ugari egon ziren eta bertan gorde dira. XVI. mendea, hala ere, aberatsa, kontraesankorra, gorabehera ugarikoa edo aldakorra izan zen. 1575 eta 1576 artean 25 herri inguruko herritarrak izan ziren epaitu, torturatu eta zigortuak. Epaile zibilak, Nafarroako Gortekoak, gogor eta sutsuagoak izan ziren Logroñoko inkisidoreak eurak baino. Bigarrenek, inkisidoreek libratu zituzten akusatu batzuk eta jokaera askoz apalagoa izan zuten. Desberdina izanda ere, antzeko zerbait esan daiteke Urdazubi eta Zugarramurdiko prozesuari buruz ere.

Salazar y Frias inkisidore jaunak, elizako zenbait goi karguren laguntzarekin, baretu eta neurri batean zuzendu ere egin zuen Baztan-Bidasoan prestatzen ari zen sarraskia. 1610eko Logroñoko Autofedean, baina, ez zuen beste bi inkisidoreen fede itsua gainditzeko indarrik izan. 1614an frogatu zuen, ikerketa ikaragarri bat egin ondoren, akusazio guztiak gezurra zirela. Esaterako, argi utzi zuen sinesgaitza zela Donamariako biztanleen %60 susmopean egotea, aitorpenetan gezur ugariak zeudela azaleratu zuen...

Sorgin gehienak emakumeak dira. Gainera, zaharrak eta gaizki jantzita irudikatu ohi ditugu.

Egia esateko, akusatuen artean denetik egon zen, baita aberatsak eta gizasemeak ere. Baina, gaur egun ere, diru asko baduzu errazago duzu abokatua lortzea eta babestua egotea, ezta? Bada, pentsa garai haietan... Nekazari eta emakumeek, bereziki alargunak eta zaharrak izanez gero, oso zail zuten horrelako prozesu bati aurre egitea. Horri gehitu behar zaio XIII. mendetik aitzinera, gutxi gorabehera, elizak emakumea baztertu zuela, deabrutu. Emakumea zen begizkoa botatzeko gaitasuna zuena, bereziki hilerokoarekin zegoenean, tratadista haiek esaten zutenez. Eta zenbat eta zaharragoa, arriskutsuagoa, hilerokoa galtzerakoan pozoia areagotzen omen zitzaielako. Deabruaren jostailutzat zituzten.

Graxiana emakume horietako bat izan al zen?

Berari leporatu zioten sorgin maistra izatea. Antza denez, Zugarramurdi Urdazubiko monasterioaren menpe zegoen, baina epaiketa baten bitartez lortu zuten bereiztea. Urdazubikoek elizaren kontrolarekin jarraitu zuten eta horrek dirua esan nahi du. Akusazioak hasi zirenean baziren gizarte mailako gatazkak ere tartean: jauntxoak edo haien menpekoak, elizaren kontra zeudenak... Horrela agertu ziren agoteak, eta Graxiana ere tartean zegoen.

Zer zen, beraz, sorgina izatea?

Sorginkeria tradizionalean ahalmen bereziak zituzten pertsonak zeudela sinesten zen. Aipatzen ziren gauzen artean honakoak daude: haurrak hiltzeko, jendea gaixotzeko, uztak urratzeko eta ekaitzak ekartzeko gaitasuna. Gertaera txar guztiak sorginek egindakoak ziren. Gauzak ulertzeko modu bat lortzen zuten horrela. Egun ez dut uste ekaitzak sorginek ekarriak direnik inork esango duenik. Agian, hori bai, begizkoan sinesten dutenak egongo dira.

Sinesmen guztiak aldakorrak dira, egokitu egiten dira, eta kasu horretan ere hori gertatu zen. Juduei, kataroei eta beste batzuei leporatu zizkieten gauzak leporatu zizkioten, harrezkeroztik, talde sorginkeriari. Herejeak ziren, eta herejeak izateko nahi eta nahi ez deabruarekin elkartu behar ziren, deabrua gurtu behar zuten, Kristo ukatu, Belcebu ipurdian musukatu eta larrua jo berarekin, hegan egin… Lasai egoteko motiborik ere bazegoen, ez pentsa: garaiko jakintsu erlijiosoek agertu zutenez, larru jotze haietatik deabruaren seme-alabarik ez zen jaioko...

Zer dela eta ezin zen deabruaren seme-alabarik sortu?

Idatzi zituzten tratatuetan agertu zuten deabruak inkubo eta sukubo itxura har zezaketela, sexu harremanetarako gizaseme edo andre itxura hartuz. Bada, esperma sukubo itxura zutenean hartu eta inkubo forma zutenean bota egiten omen zuten, hau da, umea beti gizasemearena da, haziaren jatorria.

Eta sorginak torturatzen al zituzten inkisizio garaian?

Torturak ohikoak ziren garai hartan, bai epaiketa zibiletan bai erlijiosoetan. Hori bai, torturatu baino lehen egia esateko eta lagunak salatzeko aukera ematen zieten: «Egia –bat eta bakarra– esan eta libratuko zara. Esaten ez baduzu torturarekin jarraituko dugu, eta beso bat galtzen baduzu edo hiltzen bazara zure errua izango da».

Oinazeari aurre egin zioten batzuk egon ziren. Esaten zutenez, nahiago zuten horrela hil gezurra esateagatik infernura joatea baino. Beste batzuek, ordea, torturak jasanezinak egiten zitzaizkielako, epaileek entzun nahi zutena esaten zuten. Nafarroako Artxiboan gorde diren prozesuetan ikus daitezke horrelako hainbat kasu, ugari.

Pelikuletan sorginak ikustea ez da arraroa. Aipagarria da Alex de la Iglesiaren «Las brujas de Zugarramurdi» lana.

Pelikula hori grabatu behar zutenean nik berehala esan nuen, «zer egin behar dutela?», eta, esan zidaten, «lasai, ez du zerikusirik historiarekin, ‘alexada’ bat da». Ados (barreak). Neurri batean, filmetan izugarriak jasan zituzten emakume normalak izan zirela aldarrikatzen ari garen seinale da hori.

Noiz amaitu ziren sorginkeria auziak Euskal Herrian?

1614an Salazar y Friasek egin zuen ikerketa horren ondotik. Baina, hala ere, sorginen gaineko susmoak ez ziren desagertu. Luzaroan iraun zuten. Horren lekuko, epaiketa txikiak ere egon ziren. Gipuzkoan, adibidez, Lezoko apaiz batek sekulakoak esan zituen.

Maite Lakar ikerlariak jendeak esaten zituenak grabatu zituen 2000tik 2004ra bitartean. Bortzirietan eta Baztan inguruan egin zituen elkarrizketak. Nik horri buruz idatzi nuen artikulu batean, “El akelarre, una invención afortunada” deiturikoa. Pentsa, jendea oraindik ere sorginei buruz mintzatzen zen; hori bai, ez zen talde sorginkeriarik ageri. Sorgin bakanak ziren, lamiekin harremana dutenak.

Egun badaude oraindik ere korronte batzuk sorginkeriarekin lotzen direnak.

Amorru ikaragarria ematen dit oraindik sorginkerietan sinesten dutenak badaudela ikusten dudanean. Ikerlari batzuek proposatu zuten, agian, talde sorginkeria paganismoarekin lotu zitekeela. Talde sorginkeria ez da existitu! Sorginkeria tradizionalaren gaineko sineskeria bai, egon da, eta segitu du. Afrikan edo Nepalen, adibidez, xamanak daude. Beste sorginkeria mota bat da, tradizionala.

Orain asko erabiltzen dira sendabelarrak. Horiek ere lotu izan dira sorginkeriarekin.

Aurkitu izan ditut salaketak sendabelarrak erabiltzeagatik. Sendabelarrak betidanik erabili dira, izan zuten jaitsiera bat eta orain berriro erabiltzen dira. Ez dut sorginkeriarik ikusten horretan. Belarrekin ibiltzen ziren emakumeak ziren, besterik ez. Gertatu zen ere sendabelarrak erabiltzen zituztenak kristautu egin zirela, eta, ondorioz, dena delako edabea prestatzen ari zirela lau kredo eta aitagurea esaten zituztela. Pentsa, Zubietan San Juan bezperan belarrak erre eta suaren gainetik pasa behar da, “txarra kanpora, ona barrura” esanez. Belarrak bedeinkatu egiten dira. Suarenak sorginekin ez du zerikusirik, baina bai ekinozioarekin. Druidek ere aipatzen zuten hori eta badu bere logika, firmamendua aztertzen zutelako. Lehen ideia horiek guztiak nahastu egiten ziren eta orain gauza bera egiten dugu; gauzak nahastu eta auskalo zer ateratzen den hortik!

Antibiotikoak duela gutxi asmatuak dira, lehen sendabelarrekin aritzen ziren, lehen haur gehiago hiltzen ziren bezalaxe. Ohitura bazuten haurra txikia zela gurasoekin oheratzeko. Itota edo ohetik eroriak, pila bat hiltzen ziren. Gaitzak ere arruntagoak ziren. Kontuan har dezagun hemen higienea XVIII. mendeko aurkikuntza izan zela. Hori baino lehen garbitzea ohitura arraroa zen, ia bekatua, Ameriketako indigenak usaindu zuten bezala! Zuri, zibilizatu, kristau izerdituta, burdinazko koraza eta guzti, hango berotan!