Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Kaskezurrei adatsa darie

Heriotza bortitzen notiziek ikaratu egiten zuten Luis Garcia Vidal eskultorea: lapur batek norbaiti emandako labankada, auto istripuak, eroritako abioia. Sega bat-batean agertzen denean, zas! Baina beldurrari aurre egiteko modu bat aurkitu zuen: heriotza oso agerian jartzea, begi bistan, tamaina erraldoian. Horregatik eraiki zituen Lizarrako zelai batean burezur handiak, bere arte espresionistaren gai kutunena.

Gaztetan trafiko istripu larri bat jasan eta anaia bat minbiziak jota galdu ondoren, Garcia Vidalek pentsatu zuen heriotzarekin egin dezakegun gauza bakarra ohitzea dela. «Ez dago heriotza baino gauza naturalagorik. Ezkutatzen badugu, beldurtu egingo gaitu beti», zioen.

Eta halaxe lortu zuen bere heriotza propioari buruz ere patxadaz hitz egiteko gaitasuna. «Horixe izango da nire hilobia», esaten zuen, mendian erdi lurperatuta zegoen burezur itzela seinalatuz. Hortzetatik garezurraren bobedaraino, galeria bat eginda zeukan. «Faraoiek piramideak eraiki zituzten bertan hilobiratu zitzaten, eta nik ere horixe nahi dut, nire obran bertan lurperatua izatea. Zatoz, atera iezadazu argazki bat, eta gero zera idatzi ezazu: ‘Artista, bere hilobiari begira’. Han barruan lasai egongo naiz, atsekaberik gabe», esaten zuen Garcia Vidalek parkean, 79 urterekin.

Eskultura hauek egiteko, zumakearen adarrak, sare metalikoa eta pintura zuri eta beltza erabiltzen zituen. Parkean barreiatuta, kotxe zaharrak ere jarri zituen elkarren kontrako talkak irudikatuz. «Heriotzari autoak gustatzen zaizkio», zioen plaka batek.

Obra berrien asmoak borborka zebiltzan artistaren buruan, baina azken urteetan bazuen nahiko lan parkearen galerari aurre egiten. «Bisitariak burezurretara igotzen dira eta izorratu egiten dituzte. Sasiak parkea pixkanaka jaten ari dira, ni zahartuta nago eta ez dit inork laguntzen…».

Halako batean, poltsa batetik zuri-beltzezko argazkiak atera zituen, duela 30 urtekoak, parkeak garai batean izan zuen distira erakusteko. Lau metro altuko burezur harrigarriak ageri ziren. Adibidez, gaur egun sasi artean erdi desagertuta dagoen kaskezur bat, garai hartan oso-osorik zegoena, ederra, bikaina, kezkagarria, hortz perfektuak bistan eta begi ikaratuak zerura begira. Nostalgiaz begiratzen zituen eskultoreak: «Begira, begira nolakoa izan zen parkea. Ezingo zenuke argazki hauetakoren bat argitaratu, jendeak ikus dezan burezurrak nolakoak ziren?». Eskultorearen indar ahituek, iraganarekiko malenkoniak eta lanen hondatze geldiezinak metafora triste bat osatzen zuten.

Baina Garcia Vidalen bizitzako ahalegin nagusia malenkoniaren kontrakoa izan zen. Parkean paseatzen genbiltzala, hiru neska sartu ziren. Burezurren artean buelta bat eman zuten, argazkiak ateraz, eta eguzkitan etzan ziren azkenik. Garcia Vidal poztu egin zen: «Eskulturek ez dute ezertarako balio baina gauzak esaten dituzte. Jende askori gustatzen zaio hona etortzea. Eta gazteei oso erakargarria egiten zaie burezurren kontua, marraztu egiten dituzte, eraztun eta tatuajeetan eramaten dituzte… Zerbaitegatik izango da, ezta? Burezurrek zer garen gogoratzen digutelako hain zuzen!».

2008ko ekainaren 21ean Luisen gorpua aurkitu zuten Ega ibaian. 81 urterekin bere buruaz beste egin zuen.

Hilabete batzuk geroago kaskezurren parkera itzuli nintzen. Eraldaketa bitxi bat gertatzen ari zen: eskulturak osatzen zituzten zumake puskak ernatu egin ziren, adar txikiak hazten ari ziren hortzen artetik, masaileko hezurren artetik, eta burezur batzuei adats luzea atera zitzaien. Heriotzaren sinboloak materia bizidunez eginda zeuden, eta materia horrek bizitzen jarraituko zuen heriotzaren sinboloa desegin arte. •

www.anderiza.com