«LUNGO DROM», IJITOEN BIZIMODUA IRUDITAN

Europako gutxiengo handiena da ijitoena, eta, aldi berean, baita ezezagunena ere. Ijitoen eguneroko bizimodua, beren historia, izan direna eta badirena, eta garaietara egokitzeko trantsizioa nola egin duten jasotzen du datorren apirilaren 10era arte Donostiako Aiete auzoko kultur etxean ikusgai izango den “Ijitoen bizierak. Lungo drom” erakusketak. Hain zuzen ere, lungo drom espresioak “bide luzea” esan nahi du romaniz.
Argazkiz soilik dago osatuta erakusketa, izan ere, Donostiara ekarri dena zabalagoa den “Vidas gitanas” erakusketaren zati txiki bat baino ez da. Jatorrizko erakusketak, objektuak, bideoak eta beste hamaika material biltzen ditu ijitoen unibertsoa ezagutarazteko. Batean zein bestean, Joaquin Lopez Bustamente da komisarioa. Bere hitzetan, «barrutik» egindako erakusketa da, alegia, ijitoen etxeetatik, egunerokotasunetik, intimitatetik azaldutakoa. Ijitoek beren argazki pertsonalak eskaini dituzte, baina badira tartean benetako altxorra diren bestelako irudiak ere. Adibidez, Nafarroako Unibertsitateak utzitako Robert P. Napper argazkilariaren 1862ko irudia. Estatu espainiarrean egindako ijitoen argazki zaharrena da, Andaluziako lekuren batean hartua. Ikertu eta bilatu den arren ez da irudi zaharragorik topatu.

«Erakusketak gure kultura Estatuko kulturen parte bezala aurkezten du, hala delako. Leihoak ispiluengatik aldatu nahi ditugu. Ezezaguna da gure kultura, eta estimu handirik ere ez du gainera», uste du Lopezek. Euskal ijitoaren identitatea eraikitzen ari dela goraipatzen du, eta poztu egiten da. Horregatik aipatzen du Euskal Herrian ez direla 28.000 ijito bizi, baizik-eta 28.000 euskal herritar ijitoak direla. «Aberastasun kulturala da hori, sentimendu identitarioa indartu egiten da, ez du kentzen, erantsi baizik».
Erakusketa Donostiatik beste leku batzuetara joango da, baina nahiko luke Euskal Herriko areto handi batek dokumentu eta elementu guztiak biltzen dituen “Vida gitanas” erakusketa hartuko balu. Horretarako interesa lukeenak Ijito Kulturaren Institutuarekin edo Acción Cultural Española elkartearekin jarri beharko luke harremanetan.
Ijitoen bizimodua ijitoek eurek kontatzearen garrantzia goraipatu eta taburik gabe egin dela azpimarratu du, gai jakinik saihestu gabe: hezkuntza, familiaren pisua, ezkontzak, flamenkoan izandako eragina… «Erakusketak jazarpena islatu arren, etorkizunari begira mezu positiboa helarazi nahi izan dugu, biktimismorik gabe».
Ijitoen Eguna, apirilaren 8a
Apirilaren 8an Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. 1971ko apirilaren 8an egin zen Londresen ijitoen lehen kongresua eta, besteak beste, hantxe erabaki zen banderaren diseinua: goian urdina, «zerua baita ijitoen teilatua»; behean berdea, lurra irudikatzeko; eta erdian gurdi baten gurpil handia, «bizitza nomada irudikatzeko». Gurdiaren kolore gorriak bidean isuritako odola gogoratzen du.
Donostian harrera egingo zaie udaletxean ijito elkarteei eta Nautikoan Ibaiaren Zeremonia irudikatuko da. Aurretik, apirilaren 6an, emakume ijitoei buruzko mahai ingurua egingo da Aieten bertan.


