Save the Childrenek txosten batean salatu duenez, egun 220.000tik gora ume bizi dira setiatutako zonaldeetan

Siriako gerraren bosgarren urteurrena betetzen da hilabete honetan. Gatazka armatuak 220.000 hildako eragin ditu, 6,6 milioi lagunek beraien etxea eta herria utzi behar izan dituzte eta beste 4,7 milioi lagunek herrialdetik ihes egin dute. 4 urte baino gutxiagoko umeek bonbardaketak, heriotza, beldurra eta suntsiketa besterik ez dituzte ezagutzen. 1,6 milioi haurrek ezin dute eskolara joan. Eta 250.000 setio egoeran dauden eremuetan bizi dira, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak argitara eman duen azken txostenaren arabera.
“Haurtzaroa setiopean” txostenak 126 aita, ama eta umeren testigantzak eta bertoko boluntario, mediku, irakasle eta norbanakoekin egindako 25 elkarrizketa jasotzen ditu. Egunez egun bizi duten errealitate krudel eta gordinaren adierazle dira. Medikuek kandelen argipean egiten dituzte ebakuntzak, sendagai nahikorik ez dago herrialdean, eta, zonalde batzuetan jatekorik ere ez dagoenez, umeak hosto egosiak eta animalientzako pentsua jan beharrean dira. Ez dute erregairik neguko hotzetik babesteko, eskolak lurpean eraikitzen hasi dira airez egindako erasoak saihesteko.
Setioak eta gosetea gerra arma dira Sirian. 2011ko hasieran, protesten hastapenean hain zuzen, Daraa hiriko sarbide guztiak itxi zituzten. Gobernuak argi indarra eta ur-horniketa moztu zituen hamaika egunez. Geroztik, aktore armatuek erabilitako estrategiaren parte bihurtu dira setioak, “etsaiak” amore ematea helburu. Baina, noski, kaltetuenak zibilak dira.
2014tik hona, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak bost ebazpen onartu ditu Sirian laguntza humanitarioa banatu ahal izateko sarbide librea izatea exijitzeko. Baina, Save the Childrenek salatu duenez, setio egoeran bizi diren siriarren kopurua bikoiztu baino gehiago egin zen 2015ean; gainera, setiopean bizi direnen %1 baino gutxiagok jaso zuten NBEren laguntza humanitarioa eta soilik %3ak izan zuen laguntza medikoa. Abenduan, 2.661 testuliburu banatu zituzten setiatuta dauden zonaldeetan bizi diren haurren artean. NBEko idazkari nagusiak berak «negargarritzat» jo zuen kopuru hori.
Amerikar Siriar Mediku Elkarteak (SAMS, ingelesez) egindako ikerketa baten arabera, setiatutako guneetan zenbatu zituen 560 heriotzatik %46,61 hamalau urte baino gutxiago zituzten haurrenak izan ziren. Saihestu zitezkeen heriotzak ziren.
Ez dago jakiterik setiopean bizi direnen kopuru zehatza. Nazio Batuen datuak kontuan hartuta, egun 18 zonaldek jasaten dute setio egoera eta horietan 486.700 pertsona bizi dira; beste 4,1 milioi lagun sartu eta ateratzeko zailak diren 15 eremutan bizi dira. 2015eko martxoan SAMS elkarteak salatu zuenez, gutxienez 640.000 pertsona zeuden setio egoeran. Siriako Institutuak eta PAX gobernuz kanpoko erakundeak uneotan milioitik gora direla aditzera eman berri dute. Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) arabera, 1,9 milioi dira.

Sendagai gabeziak hil egiten du
«Osasun etxeak mahai bakarra eta esterilizagailu bakarra ditu. Zaurituak hiltzen utzi behar ditu ez dugulako tresneriarik eta botikarik». Damasko hiriburua hegoaldetik eta ekialdetik inguratzen duen Ghouta eskualdeko ama baten hitzak dira.
Moadamiyeh hiriko medikuek ere erabaki zaila hartu behar izan zuten. Jaioberriei zain barnetik seruma sartzeko erabiltzen diren tanta-isurtzeko poltsak agortu egin zitzaizkien. Ez zuten gehiago lortzeko modurik. Kateterretarako erabiltzen zituzten poltsak baliatu behar izan zituzten. Ume askoren bizitza salbatuagatik, hiru haur hil egin ziren infekzioen ondorioz.
Yarmuketik gertu, Damaskon bertan, desnutrizio egoeran zen ama batek lehen semea erditu zuen. Bi egun geroago, jaioberria gaixotu egin zen. Haurra ondoko auzoko ospitale batera eramaten saiatu zen, tratamendua jasotzeko, bere auzoan ez baitzegoen osasun etxerik. Kontrol postuan zeudenei pasatzen uzteko erregutu zien arren, bost orduz itxaronarazi zuten bertan, jaioberria eskutan. Handik egun gutxira hil zen.
Ekidin daitezkeen heriotza horiek ohikoak dira Sirian. Ospitaleak eta osasun etxean maiz bonbardatzen dituzte. Gaixoak leku batetik bestera eramatea eragozten dute kontrol postuetan. Senideek kaleetan botatako mantak edo arropa zati zaharrak erabiltzen dituzte benda gisa, oihal zati horiek nola edo hala esterilizatu ondoren.
Hanan medikua da. Homs iparraldeko ospitale batean lan egiten du. Setio egoeran daude. «Ez ditugu gutxieneko tresnak. Ez dugu anestesikorik, analgesikorik, gaixotasun kronikoentzako sendagairik. Hanturak ekiditeko injekziorik ere ez dugu, ezta eztulerako jaraberik edo beherakoaren kontrako botikarik ere. Askotan, esterilizatu gabeko tresnak erabili behar ditugu. Ezin dugu odolik gorde, ebakuntza egiten ari garen momentuan bertan bilatu behar dugu odol-emaile bateragarri bat. Botikak eta bestelako tresnak eskuragarri daudenean, oso garestiak dira eta balio epea iraungitzeko zorian egon ohi da, beraz, horiek eskuratzea lortzen dugunerako, jada ez dira eraginkorrak», adierazi dio Save the Childreni.
Nizar medikua da. Ghoutan lan egiten du. Ume asko hiltzen ikusi ditu. «Desnutrizioagatik, botika eta txerto faltagatik hiltzen dira. Azaleko eta sabeleko gaixotasunak ugaritu egin dira, Gobernuak ur-horniketa moztu zuelako eta herritarrek putzuetatik edaten baitute ura. Haurrek biriketako arazoak dituzte, batez ere leherketek eragiten duten hautsarengatik». «Reem izeneko neskatxa bat birus baten eta hori sendatzeko botika faltaren biktima izan zen. Ez zioten baimenik eman Damaskora joateko», gogora ekarri du Layalek, bertako herritar batek.
Gerra hasi aurretik Deir ez-Zor hirian zeuden zortzi osasun etxeak itxi egin behar izan dituzte. Save the Childrenek salatu duenez, laguntza humanitarioaren banaketa onartzen duenean ere, maiz Gobernuak behar-beharrezko tresna eta botikak konfiskatzen ditu.
2015ean Nazio Batuen Erakundeari Douman umeentzako botikak banatzeko baimena eman zioten lehen aldiz hamazortzi hilabetean. Antibiotikoak eta parasitoen kontrako botikak, baina, kendu egin zizkieten nazioarteko ordezkariei. Kontrol postuetan produktuak eskaneatzeko makinak egon ohi dira eta likidoak ez dituzte pasatzen uzten. «Haur bat gaixotzen denean, bide bakarra Damaskora eramatea da. Baina horretarako harreman onak izan behar dituzu. Ez baduzu lagundu zaitzakeen inor ezagutzen, galduta zaude, ez duzu zure semeak behar duen tratamendua lortuko; noiz hilko den itxarotea besterik ez zaizu gelditzen», dio Um Sayidek, Doumako ama batek.
Doako farmazia bat kudeatzen duen elkarte batek honakoa azaldu dio Save the Children erakundeari: «Gaixoek behar dituzten botiken erdia baino ez ditugu. Pilulak ditugunean, modu zorrotzean banatu behar ditugu. Egoera normal batean, norbaitek pilula bat sei orduro hartu behar badu, setioa dela eta bi egunetik behin baino ezin diogu eman. Giltzurrunetako gaitzak gaiztotzeko aukerak biderkatu egiten dira. Bereziki kezkagarria da dialisia egin behar duten gaixoen egoera; argi indarraren etengabeko mozketak direla-eta, ezin dute tratamendua jaso». Intsulina eskasia handia da; oro har, hotz mantendu beharreko sendagai guztiena. «Lau ordu egon gaitezke kontrol postu batean eguzkipean. Argi indar mozketak ia egun osoa iraun dezake eta botikak hondatu egiten dira», azaldu du botikariak.

Erditzeak, etxean laguntza gabe
Setio egoeran bizitzeak, haurdunaldi eta erditzeko arazoak areagotzen ditu. Haurdun dauden emakume gehienek anemia dute elikadura kaskarraren ondorioz. Hori dela eta, abortuak, erditze osteko odol-galtzeak eta malformazioek gora egin dute. Zonalde batzuetan bonbardaketak egunerokoak direnez, medikuek zesareak egitea erabaki dute segurtasun arrazoiengatik. Setiatutako Homs hiriko auzo batean egin ziren 397 zesareetatik %76 segurtasun arrazoiengatik eta mugikortasun ezagatik egin ziren. Zazpi egunen buruan, hamasei jaioberri hil ziren bizi baldintza eskasengatik.
Siriarako Nazioarteko Ikerketa Batzordearen arabera, «matxinoen kontrolpeko zonaldeetan bizi diren emakume haurdunei Gobernuaren kontrol postuak gurutzatzea eragotzi diete. Baldintza arriskutsuetan erditu beharra dute. Jaioberrientzako inkubagailurik ere ez dago eta ondorioz hil egiten dira».
Setiatutako zonaldeetan, ur zikina edatearekin lotzen diren gaixotasunak ugaritu egin dira, batez ere adingabeen artean. 2015ean setiopean bizi ziren 584 familiaren artean Save the Childrenek galdeketa bat egin zuen. Heren batek baino gehiagok azken hilabetea gutxienez senitarteetako batek beherakoa izan zuela erantzun zuen. Gaixotu ziren gehienak 5 urte baino gutxiagoko haurrak ziren. «Portzentaje oso kezkagarria da, izan ere, beherakoa mundu mailan 5 urte baino gutxiagoko haurren artean heriotza gehien eragiten dituen bigarren gaixotasuna da», nabarmendu du gobernuz kanpoko erakundeak.
Arnas aparatuarekin loturiko gaitzak ere areagotu dira leherketengatik edo neguan plastikoa erretzeagatik bero pixka bat lortzeko. Asma, sukar tifoide, katarro eta pneumonia kasuek gora egin dute, baita hepatitis eta leishmaniasis kasuek ere.
Bonbardaketek urtegiak, ur hodiak eta ur tangak suntsitu dituzte. Zonalde askotan, ur horniketa moztu dute “etsaiak” amore eman dezan. Hori gutxi ez eta euri tasa azken 50 urteotako baxuena da, beraz, familiek ez dute ur garbirik eskuratzeko aukerarik. Eta, oraindik zutik diren putzuetatik ura atera eta salgai jartzea, garestiegia da. «Damasko hegoaldean setiopean lan egiten duen elkarte batek esan zigunez, 15 putzutik soilik batetik ateratzen da ur edangarria. Deir ez-Zor hirian, ura astean behin eta hiru orduz bakarrik dago. Kloro hornidura 2015eko ekainerako agortu zen. Setiopean direnek kloroa premiazkoa duten bitartean, lehian ari diren taldeek arma kimiko gisa erabiltzen dute. Gerraren ironia», salatu du Save the Childrenek.
«Jendea hostoak jaten hasi da, gosez hiltzen ari da, ez dute ez jatekorik ezta edatekorik ere. Umeen fisikoa bera ere aldatu egin da. Nire ilobek urtebete daramate haragirik jan gabe. Nire arrebak ezin du ihes egin, setio egoeran bizi baita. Bere esperantza bakarra norbaitek laguntzea da», adierazi du Sawanek, Ghoutako bizilagun batek. Berak Siriatik ihes egitea lortu zuen.
Mediku falta
Ez dago mediku nahikorik setiatutako guneetan. Asko hil dituzte, beste batzuk atxilotuta daude edo ihes egitea lortu dute kontrol postuetan daudenei 1.500 dolar ordainduta. Boluntario edo medikuntza ikasleek egin ohi dituzte mediku lanak. Eremu batzuetan, albaitariak mediku bihurtu dira. 45.000 biztanleko Moadamiyeh hirian, hiru mediku besterik ez daude eta hirurak, izatez, dentistak dira. Sozietate Mediku Siriar Amerikarrak 2015eko martxoan aditzera eman zuenez, Ekialdeko Ghoutan 55 espezialista besterik ez zeuden 500.000 biztanlerentzat. Hori dela eta, bertako talde batek lehen laguntza ikastaroak antolatu ditu herritarrentzat.
«Mediku boluntarioek ahal dutena egiten dute, baina gerta daiteke agindutako tratamendua egokiena ez izatea, batez ere mediku zaintza bereziak behar direnean. Desnutrizioa duten haurren artean gehiegizko hidratazioak eragindako bihotz arazoak, oharkabeko infekzioak, hipogluzemia, hipotermia eta desoreka elektrolitikoak antzeman ditugu. Desnutrizioak, beste gaixotasun batzuk bezala, espezialista baten zaintza behar du», dio Save the Childrenek.
Neguak osasun arazoak areagotu egiten ditu. Tenperaturak zero azpikoak dira eta elurteak ohikoak. Setioaren lehendabiziko urteetan, zuhaitzak mozten zituzten berotasuna lortzeko. Baina, gerrak aurrera egin ahala, baliabideak gutxituz joan dira. 2016ko lehen hilabeteetan, hipotermia eta pneumonia kasuek gora egin dute. Damasko inguruan setiatuta dauden zonaldeetan jada erabiltzen ez dituzten arropak erretzen dituzte. «Koltxoien barruko artilea eta kotoia ateratzen dugu berogailua piztu eta haurrei berotasun pixka bat emateko», azaldu du Um Khaledek, Ekialdeko Ghoutako ama batek.
«5 urte baino gutxiago dituzten ume askok ez dute sekula ere sagar bat edo udare bat ikusi. Ez dute inoiz oilaskorik jan eta hilabeteak daramatzate barazkirik jan gabe. Nora ezean ibiltzen dira, ahuldadeak jota». Langile humanitario batek Save the Childreni helarazitako lekukotasuna da. «Elkarrizketatu ditugun herritarrek azaldu digutenez, ez dago baimenduta setiopean dauden guneetara elikagaiak eramatea. Garai bateko dendak eta merkatuak orain hutsik daude. Jatorduak murriztu behar izan dituzte ez dutelako janari nahikorik. Egun jatordu bakarra egiten dute, gehienez bi, baina kopuruz txikiak eta nutrizio balio eskasekoak dira. Damasko inguruan setiatuta dauden zonaldeetako irakasleek haurrek gelan gosearengatik konortea galtzen dutela diote, batzuek ez baitute deus ere jaten egunetan. Deir ez-Zor hirian biztanleriaren gehiengoak ura eta ogia baino ez dute edaten eta jaten. Beste leku batzuetan, hostoak biltzen dituzte eta animalientzako pentsua jan. Ume batzuk egoera txarrean zeuden latak jateagatik pozoitu ziren. Aspalditik iraungita zeuden arren salgai zeuden latok. Yarmoukeko setioaren garai gogorrenetan, ezti koilarakada bakarra hartzen zuten egunean», plazaratu du Save The Childrenek.
Bularreko-haurren egoera ere tamalgarria dela nabarmendu du. «Esnea lortzea arriskuz beteriko erronka da. Bularra emateak bizitza asko salba ditzake, batetik, infekzioak saihesten dituelako, eta, bestetik, biberoiak prestatzeko esnea ez dagoelako beti salgai eta dagoenean benetan garestia delako. Baina, askotan, amek desnutrizioa larria dute eta ez dute esne nahikorik. Familia bateko umetxoa hil zen desnutrizioagatik. Amak ezin zion bularrik eman oso argal eta ahul zegoelako. Eta ezin izan zuen esne-hautsik lortu», gogora ekarri du Um Tarek, Misrabako ama batek.
«Gerra hasi zenetik, pisuaren heren bat galdu dut. Ez dugu frutarik. Noizean behin, artoarekin egindako ogia ekartzen dute, baina normalean belarrak eta tokian tokiko barazkiak soilik daude», nabarmendu du Marwanek, Ekialdeko Ghoutan bizi den herritarrak.
Setioak elikagaiak izugarri garestitu ditu. Deir ez-Zor hirian, ogi poltsa batek 800 libra siriar balio ditu, bi dolar inguru. Azukre kilo batek 12 dolar, olio litro batek 15 dolar eta arkume haragi kilo batek 32 dolar. Moadamiyeh hirian arroz edo dilista kilo batek 10 dolar balio ditu, eta, azukre kiloak, 14. Ekialdeko Ghoutan, 500 gramoko ogi poltsa batek 2 eta 3 dolar artean balio ditu, eta, arroz kiloak, 2,3 dolar. Gerra aurretik, salneurria 0,25 dolarrekoa zen; hamar aldiz merkeago, alegia. Homs probintziako iparraldeko zenbait lekutan, ogi poltsak 1,25 dolar balio ditu, setiopean ez den hiri batean balio duena baino %900 gehiago. Batez besteko soldata 120 dolarrekoa da. «Pertsona aberatsenek ere ez dute setio egoeran bizitzerik. Bizi-kostua izugarri garestitu da», dio Misrabako neskato batek.
Horrek guztiak merkatu beltza eta kontrabandoa sustatu ditu, noski. Setiopean ez dauden guneetako hainbat merkatarik, egoerarekin etekin ekonomikoa ateratzeko, kontrol postuetako guardiak erosten dituzte setiatutako zonaldeetan sartu eta beraien produktuak saltzeko, normalean oso garesti. Beste leku batzuetan, herritarrek lur azpiko tunelak eraiki dituzte elikagaiak eta bestelako produktuak sartu ahal izateko.
Bonbardaketetatik babesteko, ume asko lurpean bizi dira. Setiatutako zonaldeetan, eskola, ospitale eta fabrikak sotoetan daude. Iluntasuna, beldurra eta izua dira Siriako umeen bidelagun. «Gelan irakasleari ez diot jaramonik egiten. Beldur naiz»; «hegazkin baten zarata entzuten dudan bakoitzean, ohe azpian sartzen naiz»; «egun denak berdinak dira, aldatzen den bakarra bonbak noiz eroriko diren da». Save the Childrenen txostenean ageri diren lekukotasunak dira. Zuzenak bezain gordinak.

Duela bost urte gerra hasi zenetik, 3,7 milioi haur jaio dira Sirian edo erbestean
“Ez da umeentzako lekua”. Hori da Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak Sirian bizi diren umeen egoeraren gainean egindako azken txostenaren izenburua. 3,7 milioi ume jaio dira Sirian orain bost urte gerra hasi zenetik. Horien artean, 306.000 errefuxiatu kanpalekuetan jaio dira. 2011tik 2013ra, 10.000tik gora haur hil zituzten Sirian.
Sirian, 2,1 milioi haur hezkuntza sistematik kanpo gelditu direla salatu du Unicefek. Eta, zonaldeko herrietara ihes egin dutenen artean, 700.000 ez daude eskolan matrikulaturik. Gerrak 6.000tik gora eskola suntsitu ditu. 2015ean 40 eskolari egin zieten eraso. Mohammadek 16 urte zituen bere ikastetxea bonbardatu zutenean. «Eskolaren kartela hantxe gelditu zen, lurrean botata. Lehen, irakaslea izan nahi nuen, orain kazetaria, Sirian gertatutakoa kontatzeko», dio. Errefuxiatu gune batean bizi da Turkian. «Txikia nintzenean, irakurtzea oso gustuko nuen. Irakasle izan nahi nuen. Hiru urte daramatzat eskolatik kanpo. Berriro ikasten hasiko banintz, Bosgarren Mailara itzuliko beharko nuke, baina nork lagunduko lioke nire familiari?». Mes’halek 16 urte ditu eta Jordanian bizi da. Beraiena «belaunaldi galdua» izan ez dadin, Unicefek funtsezkotzat jo du setioak bertan behera uztea, zonalde guztietara laguntza humanitarioa helaraztea, hezkuntza bermatzeko 1.400 milioi dolar bideratzea eta laguntza psikologikoa ematea.
«Zer esango diegu ume horiei? Tamalez ezin dute haurtzaroa berreskuratu, baina etorkizuna berma diezaiekegu», esan du Anthony Lake Unicefeko zuzendariak.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
