Zamaontzia


Kale egiten duenean funtzionatzen du arteak, kale egiten ez duenean dekoratzeko bakarrik balio du. Hala adierazi zuen Xabier Gantzarainek orain dela aste pare bat, «Hormek diote» egitasmoaren inguruan hitz egiteko Donostiako Garoa liburu-dendara gonbidatu zutenean. Itxi berri duten Kalostra arte eskolako zuzendari ohiaren arabera: artea ez da egin nahi izate hutsagatik egiten, gizartea aldatzeko baino. Ez da gorde edo laudatu beharreko zerbait; jendartearen parte den heinean, eztabaidaren parte izateko sortzen da.
Azken hogei urteotan Bolonia hiriko eraikinetan margotutako muralengatik famatu egin den Blu artista anonimoak, bide beretik, hirian zehar barreiatutako bere lanak grisez pintatzea erabaki du oraintsu. Izan ere, hark hiriko paretetan egindako margolanak atzo inauguratu zen arte urbanoari buruzko erakusketa batean paratzeko asmoa iragarri zuen egun batzuk lehenago Fabio Roversi Monaco –banketxe bateko administrazio kontseiluko kide izateaz gain, Arte Ederren Akademiako presidente eta Boloniako Unibertsitateko errektore ohi ere badenak– italiar handi-mandiak. Katedradunari erantzun nahian, Blu kale-artista anonimoak muralak grisez margotzearen arrazoiak zerrendatzerakoan dioenez: eraikinak eraisteko arriskua dela eta, margolanak honda ez daitezen –berari galdetu gabe– hartutako erabakiaren atzean, Boloniako hormetan baimenik gabe egindako arte lanak pribatizatu nahia ezkutatzen da soilik, eliteen diru-etekin gosea, ez besterik. Gaurdaino, grafitigileak –eta arte urbanoa oro har– jazarri eta kriminalizatu ostean, artelan horiek eraikinetako hormetatik palazio batean antolatutako erakusketa batera eramateak agerian uzten duen itxurakeria salatu nahi izan du artegileak horrela. Ez da antzeko zerbait egiten duen lehen aldia gainera, 2014an ere, Berlingo Kreuzberg auzoan urte batzuk lehenago margotutako horma-irudiak ezabatzea erabaki baitzuen, auzoan ematen ari zen gentrifikazioaren aurkako bere iritzia publikoki adierazteko.
Baina hau ez da Berlin, oroitarazi zigun badaezpada Denis Itxaso diputatu gipuzkoarrak, gobernu aldaketarekin batera, Kalostra arte eskola ixteko erabakia hartu zutenean. Eta egia da, hau ez da Berlin, agidanez, baina hemen ere jakin izan du arteak behar izan duenean kale egiten. Gogoan hartu, adibidez, Jorge Oteizak Arantzazuko santutegirako egindako 14 apostoluek –Txabi Etxebarrieta «seme hila» buru duten horiek– zer-nolako zalaparta sortu zuten gurean mende erdi bat lehenago. 1954an bertan behera utzi eta 1968an berrartu arte, 14 urtean geldirik egon zen baseliza berritzeko proiektua, garaiko boteredunen eta artistaren arteko desadostasunak medio.
Ez hain aspaldi, astebetez Bizkaiko golkoan nora ezean ibili ondoren, zenbait atoiontziren laguntzaz “Modern express” izeneko zamaontziak –euskaldunontzat beren beregi prestatutako ekintza performatibo bat bailitzan– Bilbon porturatzea lortu zuten azkenean. Itsaso zakarrak eraginda, 3.600 tonako karga alde batera mugitu eta ontzia berriro orekatu ezinda ibili ziren egunetan zehar, euskaldun balea harrapatzaileok laguntzeko prest agertu ginen arte. Euriteek nola –eta artean zamaontziak Afrikatik zekarren egurra modu legalean edo ilegalean lapurtua izan zen ez genekiela–, albisteak albiste izateari utzi zion hemen. Taularatze performatiboa bikaina izan zen, edozelan ere.
Albora kargak jotako itsasontziaren argazki hark, dena den, Iñigo Aranbarrik 2011. urtean argitaratutako “Zamaontzia” nobela ekarri zidan akordura niri. Azkoitiarraren nobela eta hilabete beranduago kartzelatik atera zen Arnaldo Otegik ezker abertzalearen estrategia aldaketa irudikatzeko bere garaian erabilitako transatlantikoaren metafora. Urteetan deslai ibili eta gero, ziaboga egin eta –“Modern express”-aren antzera– behin porturatu dutelarik, barruan zeraman karga guztia hustu, itsasontzia arteztu eta berriro betetze lanetan diharduen euskal transatlantikoa irudikatzen nuen erretratu hartan nahigabe.
Metafora merkeegia izango da agian garaiotarako, baina, esango nuke, arteak bezala politikak ere, kale egiten duenean funtzionatzen duela ondoen. Osterantzean, bizi dugun errealitate dekadentea estaltzeko darabilgun dekoratua baino ez da. •

