Eragindako kaltea, ETAren eta Urkulluren ahotan
Euskal Herriko gatazkan sortutako minari, sufrimenduari eta kalteari buruzko aipamen esanguratsuak izan dira azken astean. ETAk egin zituen bereak Aberri Egunean kaleratutako agirian, eta Iñigo Urkullu lehendakariak iruzkinik merezi duten esaldiak bota zituen Madrilen emandako hitzaldian.
Atzera begiratzeko eskaerari ez diola uko egiten esanda, bere buruaz duen ikuspuntu politikoa eta historikoa azaldu zuen ETAk. Azaldua zuen lehenagotik ere. Esate baterako, 2011n kaleratutako “Zutabe” aldizkarian –jadanik su-eten iraunkorra eta orokorra emanda eta borroka armatua behin betiko uzteko bidea hasia zuela– egin zuen ariketa hori sakanago, pasarte batzuetan tonu poetiko samarra erabili bazuen ere.
«ETA frankismoaren gau beltzean sortu zen, ordura arte abertzaletasunaren erreferentzia zen PNVren utzikeriak eta ideologia atzerakoiak ezintasuna besterik eskaintzen ez zuenean. Euskal kontzientzia berpiztu zuen lehenik, gerora nazio askapenerako mugimenduaren kimua erein, sustraitu eta hazarazteko», zioen argitalpenean, segidan hauxe gaineratzeko: «Gerra ondoko diktaduraren muturreko errepresio eta ukapenari aurre egiteko sortu zen ETA, Gernikako bonbardaketaren errautsen azpian geratutako garrak piztu zuen. Denboraren haizeak etsipenaren errautsak eraman zituen eta hausberoaren txinpartak birsortu zuen euskal erresistentzia. Orduz geroztik zapalkuntzari aurre egin dio gure Erakundeak, bidegabekeria ez zedin inoiz Euskal Herrian errotu. Errepresio gordinari aurre egiteaz gain, euskal nazioren asimilazioa helburu izan duten amarru eta jukutrien kontra ere egin du, betiere askatasunaren bidea urratu ahal izateko eremuak irabazteko helburuarekin. Erantzun hutsa ez ezik, askatasuna lortzeko aukerak arnasberritzea ere izan du betebehar».
Oraindik eragindako kalteari buruzko ariketa hasteko zegoen. Abiarazi beharreko konponbide prozesuan egingo zela aurreikus zitekeen orduan. Estatuek eta hainbat alderdik Aieteko bide orria oztopatu izanak galarazi du gai honetan aurrerabide gehiago egotea, eta honezkero eginak beharko luketen urratsak eginak izatea. Konponbidearen agendako beste puntuak bezalaxe, gehiegi luzatzen ari den kontua da hau ere, egia bada ere gizartean, herriz herri, bakearen etsaiek nahi baino gehiago aurreratu dela gai honetan, eta bizikidetzan nabarmen aurreratu dela.
ETAk urrats batzuk egin ditu. Adibidez, 2013ko otsailean Parisen izandako epai batean, auzipetuen hitzartzea aprobetxatuz, gatazkan inolako ardurarik izan gabe, bere ekinbide armatuaren ondorioz kaltetuak izandako herritar guztiei barkamena eskatu zienean. Polemika piztu zen, jakina, berariaz egindako ekintzak berriro aldarrikatzea suposatzen baitzuen. Hala nabarmendu zuten bederen konponbidean aurrera egin nahi ez dutenek, garaitu eta garaileen eskeman egoskorturik.
Igande honetako agirian beste aipamen batzuk egin ditu ETAk sortutako kaltean izandako erantzukizunari buruz, eta bereziki nabarmentzekoa da gatazkaren «gordintzean» izandako ardura onartu izana. Ez dela bat-batean botatako terminoa pentsa daiteke.
Dena den, autokritikaren eskaera beste helburu batzuekin erabili nahi izatea leporatu zion ETAk EAJri eta Gasteizko Gobernuari, eta jelkideei gatazkan, Estatuaren estrategiarekin bat egin zuten neurrian, hartutako ardura gogorarazi zien. Zeharka bada ere, horretaz aritu zen joan den asteazkenean Urkullu Madrilen. Esan beharra dago besteei emandako aholkuak ez dituela berarentzat lehendakariak, eragindako kaltearen balioa ere aldarrikatu baitzuen hitzartzean.
Duela 30 urte abiarazitako presoen sakabanaketa ETAk borroka armatua uzteko lagungarri izan dela adierazi zuen. Alegia, eraginkorra izan dela aldarrikatu zuen. Ez da egia, ez baitzituen aurreikusitako helburuak (presoen kolektiboa hautsi eta damu masiboari bidea ireki) lortu. Halere, etikoa izan ez dena eraginkortasunaren argudioarekin justifikatu nahi izan zuen Urkulluk. Gogortxo egin zitzaion, antza, «presoak sakabanatzea, giza eskubideak sistematikoki urratzea gaizki egon zen» esatea. Beno, «gaizki dago» esan beharko luke, borroka armatua ez bezala, sakabanaketa indarrean baitago.
Akatsa, okerra edo bidegabekeria –nolanahi esanda ere– presoak hain urrun eramatean egin zela gaineratu zuen. 500 kilometroko distantzia (Madriletik behera eginda eta Frantzian barrena ederki sartuta, beraz) onargarritzat jo zuen. Alegia, giza eskubideak “pixka bat” urratzea egokitzat jo zuen. Gainera, EAJk Kanaria uharteetako Salto del Negroko kartzelan presoak egoteak familiak zigortzen zituela ondorioztatzeko hamar urte behar izan zituela aitortu zuen, 1997an hasi baitzen EAJ hainbeste urruntzearen kontra hitz egiten.
Jakina, presoak Euskal Herrian –edo hurbil– egotea eta sakabanatuak izatea, ez badituzte behintzat ezti-orrazetan banan-banan sartzen, bateraezinak dira. Urkulluk jakin beharko luke presoen sakabanaketa eta haiek urrun izatea txanpon berberaren bi aldeak direla. Aste honetan esandakoarekin, egindako kaltea ez onartzeaz gainera, bidegabekeria justifikatu egin du EAEko lehendakariak. Ez dago inori lezioak emateko moduan. •
