«Ezer» egin ez zutenak

Ilunpetik argitara” lanak Hernaniko hainbat emakumeren testigantzak jaso ditu, dezente kostata gainera. «Askorengana hurbildu orduko esan ziguten haiek ez zutela ezer kontatzeko, ez zutela ezer egin. Gero, pixkanaka, beren bizitza kontatzen hasi eta berehala konturatu ginen lan izugarria egin dutela, aitortu gabea eta baloratu gabea». Emakume jaio orduko «bigarren mailako» izaki modura hartuak izan dira asko eta zenbait lan eman zaizkie, derrigorrez. «Haurra zenetik bere anaia guztiak zaindu zituen emakumeak kontatu zigun ezkondu eta gero hobetu egin zela bere egoera. ‘Zergatik?’, galdetu genion harrituta. ‘Lehen sei gizonezkoren alkandorak plantxatu behar nituen, eta, ezkondu eta gero, bakarrarena’».
Amatasunaren eta aitatasunaren gaia ere lantzen du ikerketak. «Gizonezko asko iluntzean etxeratzen ziren, haurrak dagoeneko lo zeudela. Muxu bat eman eta kito. Horretara mugatzen zen bere aitatasuna. Eta bizitza sozial askoz oparoagoa zuten, elkarteetan eta tabernetan ibiltzen ziren».

Emakumeek, baina, bazuten bere sarea. «Haiekin hizketan konturatu gara bazutela elkar laguntzeko sarea. Familia handi bat bezala ziren eta bizilagunen artean laguntza handia izaten zen, haurrak zaintzeko orduan, esaterako. Hori oso pozgarria izan da».
Lan mardula amaituta, ikertzaileei askotariko sentsazioak geratu zaizkie. «Batetik, nabarmena da gaur egungo egoerak sustrai oso sakonak dituela. Eta atentzioa eman digu oraindik zaintzak zer-nolako pisua daukan emakumeengan, bai haurren zaintzan eta bai helduen zaintzan. Alor askotan ez dugu asko aurreratu eta Frankismo garaiko ideologia oraindik oso sartuta daukagu; ama ona izatearen ideia, etxeko aingerua izatearena... lan handia daukagu oraindik egiteko».

Garai hura bizi zuten emakumeekin hizketan, nabarmendu beharra dago denbora gutxian aldaketa izugarria jasan duen belaunaldia dela, eta asmatu duela aurrera egiten, nahiz eta igartzen zaien Frankismoak noraino inposatu zien bere mundu ikuskera. «Adibidez askori iruditzen zaie gaur egungo emakumeak asko ibiltzen direla kalean, gizonen pare ibiltzen direla tabernan, eta hori ez dute ondo ikusten. Ez da ahaztu behar zer-nolako jazarpena sufritu duten eta horrek bere arrastoa uzten du», nabarmendu dute. «Harritu gaitu belaunaldi horretako emakumeek zer-nolako indarra duten, sufritu duten egoera zapaltzaile horren gainetik nola asmatu duten bizirauten. Eta, gainera, badituzte tresnak egungo zenbait egoera akaso belaunaldi gazteagoek baino hobeto kudeatzeko. Egungo kulturaniztasuna, adibidez, haiek badakite zer den, gazteagoak zirenean Hernanin eman zen boom demografikoa bizi izan zutelako, eta akaso enpatia gehiago izan dezakete migratzaileekin».

«Sexualitatearen gaiarekin ere harritu gaituzte. Garai hartan, nahiz eta oso gaizki ikusiak egon, bazeuden abortatzen zuten emakumeak eta horiei buruz modu askean hitz egin digute, normaltasunez eta taburik gabe. Edo ama bakarrak zirenez ere hitz egin digute. Ezusteko politak izan ditugu elkarrizketetan».
Lanak Hernanin jarri du fokua, baina bistaratutako errealitateak eta ateratako ondorioek balio dute Euskal Herriko beste toki askotarako ere.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
