E. Arruti
IKUSMIRA

Tradizioa espektakulu bilakatuta?

Gure aitona-amonek burua altxatuko balute... pentsatuko du bat baino gehiagok. Lehen beharra zena dibertsio eta espektakulu bilakatu da egun. Horren adibide bat baino ez da asteon Ordizian ospatu den Artzain Eguna. Ardien ile-moztea publikoaren aurrean, ardiak aktore bilakatuta Ordiziako alde zaharrean paseoan... Artzainen eta gaztagileen lana omentzea helburu, ados, baina nehoiz ahaztu gabe tradizio luzeko jardun baten aurrean gaudela, hots, Ordizian ikusirikoak beharrez egiten zirela garai batean, kalekumeei euren jardunaren berri emateko beharrik sentitu gabe. Denboraren joanaren poderioz urruntzen ari gara baserritik, nekazaritza girotik; are gehiago euren jardunetik. Modu horretan, ahaztu egiten zaigu oraino jardunbide baliagarria izaten jarraitzen duela, gazte askorentzat etorkizuneko irtenbide bat izan daitekeela. Hala pentsatuz gero, agian utziko genioke antzerkia egitera, urtean behin kalera jaisteari.