Maider Iantzi Goienetxe

Ume-eramaileak Siriara: gerran amaren taupada eta beroa izateko

Amak amari emandako laguntza da, enpatiaren ondorioa, esperantza iturria. Gurean ume txikiak dituzten gurasoentzat bi esku librerekin bizitza hagitz desberdina bada, zer izanen da Sirian, gerra betean... Lehen begiratuan traputxo bat dirudi, baina segurtasuna eta lasaitasuna da.

Nahieran Intxaurrondoko kabi etxean jostetan dabiltza Julen, Ibon eta Silvan txikiak, sala argitsu eta atseginean, amak, Nagore Garcia de Vicuña, Marian Bernal eta Idoia Bernad, GAUR8rekin mintzatzen diren bitartean. Galderak, komentario bitxiak, kasketak, gosea, etengabeko mugimendua... Emozio eta energia hutsa diren haurrek Siriako haurrengana eramaten dute gure pentsamendua. Ahal duten hobekien zaintzen dituzten amek, aldiz, ama siriarrengana.

Duela hilabete batzuk Garcia de Vicuñak ama estatubatuar baten istorioa irakurri zuen sare sozialetan. Honek “Carry the future” ekimena abiatu zuen. Milaka ume-eramaile bildu, eta Siriara joan zen bertze boluntario batzuekin batera, haurrak zituzten familia errefuxiatuei emateko. «Ederra litzateke norbaitek hemen halako zerbait martxan jartzea, gureak eramateko», pentsatu zuen Donostiako komunikazio langileak. Hilabeteak pasatu ziren eta egun batean, berriz ere sare sozialei begira, ideia bat etorri zitzaion: Marian Bernal lankide ohiak, orain Nahieran-eko arduraduna (0 eta 3 urte arteko haurrak zaintzen dituzte), Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) taldearekin harremana zuen. Beraz, hirian haur-eramaileak jaso eta talde horrek eraman zitzakeen Greziara. Amara, Gros eta Intxaurrondoko kabi etxeak materiala bildu eta deialdia zabaltzeko puntu aproposak izan zitezkeen.

SMHk Eibarreko pertsona errefuxiatuei laguntzeko komitearekin (Care) jarri zituen kontaktuan. Honek herri siriarra babesteko Madrileko elkartearekin egiten du lan, AAPSrekin (http://aaps.es/). Haur-eramaileak Donostiatik Eibarrera joanen ziren. Handik Madrilera eta Madriletik Siria barrenera. «Pentsatu genuen ‘Carry the future’ Greziako errefuxiatuen kanpamenduetara iristen denez, ongi legokeela gu Siriara ailegatzea», agertu du Bernalek.

Orduan, ume-eramaileak biltzeko kanpaina hasi zuten Facebook sare sozialean otsailaren 23an, sei punturekin. «Elkarte bat dugu kabi etxeekin eta hasteko egokia iruditu zitzaigun asmoa etxeotan zabaltzea, baita Interneten dugun sarean ere, haurrak hazteko taldeen eta amen artean». Hiru kabi etxeekin, Egiako Maria Reina Eskolak, Pinpilinpauxa zentroak eta Strogoff Komunikazioak eman zituzten lehen pausoak. «Hiru egunetara etengabe hasi ginen mezuak jasotzen».

Facebookez gain, Whatsapp aplikazioa eta ahoz ahokoa izan dituzte zabaltzeko bide. Webgunea ere sortu dute: Portabebesparasiria.es. Han zehazten dira bilketa puntuak, baita helbidea ere, zuzenean haur-eramailea bidali nahi izanez gero. Boluntarioen laguntzaz egiten ari dira dena: webgunea bera, bertan agertzen den sentsibilizazio bideoa, motxilei erabiltzeko argibideak eranstea…

Lehen bidalketa, martxan

Bernadek aipatu du hasi zirenean pentsatzen zutela jendeak zuzenean motxilak emanen zituela, baina aunitzek galdetu zuten zer egin zezaketen bilketa puntu bat zabaltzeko. Azaldu zieten eurek arduratu behar zutela Madrilera bidaltzeaz eta nahi izanez gero kartelak emanen zizkietela. Hala joan zen proiektua zabaltzen, Estatuan 105 bat puntutara iritsi arte. Orain bi aste berriak batzeko prozesua eten zuten tarte baterako, lehen bidalketa prestatzeko. Jada egin dute bidalketa eta Madrilen daude haur-eramaileak. Siria barruan banatuko dituzte, azken urteetan gobernuz kanpoko erakundeek iristea lortu duten lekuetan: Hama, Idlib, Alepo, Homs, Deir ez-Zor, Kobane eta inguruetan. Batzuetan berehala izaten da, bertzetan hilabete batzuk luzatzen da. Gerra betean, ezin jakin.

Botikak, haurtzaindegiak, haurtzaintzako dendak, ikastetxeak, kopia dendak, udalak, liburutegiak, liburu dendak… Hainbatek egin dute bat proiektuarekin, baita norbanakoek ere. Berehala, puntu bat sortu zen Perun. Mexikon, Italian eta Suitzan ere azaldu dute interesa. Ez dira haur-eramaileak jasotzera mugatu: arropa, elikagaiak, pixoihalak… bildu dituzte. Mantak josi ere bai. Kontent daude ekimena zenbat hazi den ikusita. Behar handia dute Sirian eta ongietorria izanen da.

Careko bi boluntario joan dira Greziara ume-eramaileekin eta banatzen ibili dira. «Bueltan kontatuko digute zer moduzko harrera izan duten, baina ona seguru. Irudietan ikusten ditugu ume-eramaileak soinean. Oso erabilgarriak dira bai korrika ateratzeko eta bai Sirian bertan mugitzeko, bizitza, bi esku librerekin oso desberdina baita. Guk egunero erabiltzen ditugu ume txikiekin: erosketak egiteko, autobusera igotzeko edo ondoko umea zaintzeko», adierazi du Bernadek.

Amen arteko enpatia

Telebistako irudi gogorrak ikusita oilo-ipurdia jartzen zaie. «Gure egunerokoa jada konplikatua da eta bizitza oso-oso erraza dugu. Niri pena handia ematen dit gertatzen ari denak eta egiten dudana oso gutxi dela iruditzen zait. Halere, hemendik egin dezakegun egokiena dela uste dut», agertu du Idoiak bidenabarrean Julen eta Ibon semeei kaso eginez.

Marianek erantsi du ume-eramaileak emozio aunitz biltzen dituela. «Umea eraman zenuen txikia zenean eta jaio ondotik berarekin lotzen zintuen zerbait zen, lasai zegoela ikusten zenuelako, zure taupada sumatzen zuelako, zure beroa. Horrek asko lasaitzen ditu, baita amak ere». Gerratik ihesi doazela txikiek negar egiten dute eta familiek ez dute esku nahikorik, ezta segurtasuna eta lasaitasuna transmititzeko modurik ere. «Haur-eramaileak niregatik egin zuena jakinda, egoera zail horietan beste ama bati laguntzen ahal diola uste dut».

Traputxoekin batera oharrak ere idatzi dituzte siriarrentzat, ahal den neurrian esperantza eta maitasuna helarazteko. «Nik neuk ezin dut motxilarik gabe ibili egunerokoan, beraz, iruditzen zait beraientzat oso-oso erabilgarriak izango direla. Ume horri transmititzen zaiena izugarria da, hemen barruan sartzen direnean lasai gelditzen baitira», berretsi du Idoiak haurra oihalean bilduta bularraren kontra duela.

Txikiak bularra hartzen joan daitezke, edo lotan. Ibonek bi urte eginen ditu eta motxilan ibiltzen dute. Lau urteko Silvan ere bai, bertze modu batean, aurrean beharrean bizkarrean. Beraz, seme-alabekin denbora luzez erabiltzen den objektua edo jantzia da. «Kariñoa hartzen diozu».

Aste honetan datuak biltzen ari dira. 1.110 haur-eramaile jaso dituzte Gipuzkoako 17 puntuetan. 195 Donostian lortu dituzte. Gasteizen, puntu bakarrean 260 bildu dituzte. Bizkaian, bi punturen artean ehun baino gehiago lortu dituzte, Las Arenasen 73 eta Santutxun 52. Nafarroan, ikastetxe batean ikasleek berek jarriko dute martxan bilketa puntua. Bada jendea ekimenaren sustatzaileek jakin gabe biltzen ari dena ere.

Nagorek kontatu du ez zela inoiz boluntario lanetan ibilia: «Zoragarria da, baina gelditzen zaizun sentsazioa da gutxi dela behar duten guztirako». Badaki soluzioa «ez dagoela gizarte zibilaren esku», honek ezin duelako neurri estrukturalik eta politikorik hartu. Moralez baxu samar dagoenean ume-eramailea jasotzen duen amak izanen duen laguntza irudikatzen saiatzen da. Esperantza horrekin egiten dute keinua dramaren tamaina mugagabean.

Eta aitzinera jarraituko dute. Hurrengo egunetan berriro ekingo diote puntu berriak gehitzeari. Haur-eramaileak eman nahi dituztenek aukera izateko. Izan daitezke aurretik erabili dituztenak edo Siriara bidaltzeko erositakoak.