Iñaki Soto

Ziklo baten aje kulturalak, inertziak hausteko ordua

Gizarte gisa ditugun ajeetatik zein den larriena esatea zaila da. Tamalez, aje bakarrak ez du unea azaltzen, beste ajeekin konbinazio pozoitsu batean ez bada. Hemen ez dago erredukzionismorako aukerarik, akatsen artean txapeldun posiblerik, guztia azalduko duen auzi soilik. Ezta soluzio magikorik ere, ondorioz. Soluzioak nahi dituenak, ordea, arazoak identifikatu behar ditu. Bizitza publikoaren ardatz desberdinak kontuan hartuta, gurean ikusten ditudan gabezia soziopolitikoen antologia bat egiten ausartu naiz. Nire eguneroko eztabaida publiko eta pribatuen atzean topatu dudan ajeen patroi antzeko bat da hau. Baita inertzia hau apurtzeko ikusten dudan joeraren aldarria ere.

Instituzio mailan, arazo larriena klientelismoa da, nire ustez. Ustelkeriaren lehen fasea da eta egitura guztiak kaltetzen ditu. Oso kutsakorra da. Merituak eta profesionaltasuna baztertzen dituen normaltasuna ezartzen du, kultura bihurtuz.

Hain zuzen ere, bere adierarik zabalenean hartuta, kulturaren alorrean parasitismoarekin oso kezkatua nago. Euskal Herrian errotua zegoen lanaren kulturak bazuen ajerik, zalantzarik gabe, baina horren aurkako erreakzioa ez da oso positiboa izan, nire ustez. Hedonismoaren forma interesgarriak baztertu ditu eta parasitismo gisa endekatu da. Lan mundutik hasi eta sorkuntzaraino, era batean edo bestean, esfortzurik gabe besteen lanaz bizi edo besteen porrotekin soilik irabazi nahi duen jende gehiegi dabil hortik zehar.

Intelektualki kaskarkeriak beste ezerk baino gehiago sutzen nau –erdarazko “mediocrity/mediocridad” hitzek fenomenoa hobeto irudikatzen dutela uste dudanez, euskaraz “mediokritatea” onartzeko deia egiten dut, pragmatismoaren izenean–. Ziklo honen agente nabarmenenak mediokreak direla uste dut. Maila orokorra jaistera dedikatzen diren pertsonak dira, kontserbadoreak, koldarrak, beren mugak kolektibizatzen dituztenak. Lidergoa eta arrakasta gorroto dituzte, eredu eskasak dituzte eta apenas dute enpatiarik. Beren jokabideak pobretzea dakar, bizitzaren alor guztietan, gainera.

Parrokianismoa komunitateen osaketa, hauen ugaltzea eta aberastea mehatxatzen ari da. Komunitateen garapena oztopatzeaz gain, hauen arteko elkarlana zapuzten du, aliantzak ezinezko bihurtuz.

Soziopolitikaren alorrean, “makarroia” izan nahi duen lobbysmoa arazo larria da gurean. Makarra baino gehiago maccarthista delako, besteak beste. Autonomiaren izenean besteek zer egin behar duten erabaki nahi du, kanpotik, elkarrizketarik gabe, negoziaziorik gabe, mandatuz. Autoritarioa eta antidemokratikoa da. Bere kalterik larriena, nire ustez, erakunde eta pertsonengan sortzen duen erreakzioa eta balizko desbideraketa da. Txartelak banatzeko sistema hau, ginkana ideologikoa onartuz gero, oso posible da norberak bere burua gutxiestea, bere ildotik alde batera edo bestera mugitzea, ezarri dioten “label” horretan sartzeko ahalegin zentzugabeak eginez, lobby hori ez haserretzeko autozentsuratuz edo printzipioz ados dagoenaren aurka errebelatuz. Ez dago horretarako eskubiderik.

Filosofian azalpen psikologizistak bekatu dira, baina gaur egun emozioen munduak garrantzi handia hartu duenez, alor hau ere aipatu behar dela uste dut. Adibidez, konplexu handiak dituzten eta aldi berean egolatra hutsa diren pertsonengan ematen den amildegi emozionala aipatuko nuke.

Hau esanda, gehienek ziklo honi buelta ematea ezinezkoa dela pentsatzen dudala uste izango dute. Ez ba. Nire eztabaida publiko zein pribatuetan fenomeno hauetaz kontziente den jende asko topatzen dut. Bahiketa soziopolitiko hauetatik askatu nahi duen jendea da, beren alorretan liderrak izateko aukerak dituzten pertsonak dira. Eta honezkero ez dut nik pentsatzen dudana esango duten liderretan sinesten, jendeak pentsatzen duena esateko markoak emango dituzten lidergoetan baizik. Inertzia hauek hausteko garaia da, aukerak badaude. •