EAEko LGTBI taldeen historia Interneten dago eskuragarri
Lakua eta Berdinduk EAEko LGTBI Dokumentazio Zentro Birtuala martxan jarri dute. Zentro horretan eskuragarri daude Aldarte, EHGAM, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteen artxiboak, eta laster Hegoak, Pikara Magazin eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak ere ekimen digital honekin bat egingo dute.

Hamaika borroka ezberdin izan dira Euskal Herrian azken hamarkadotan. Herria askatzeko borroka, langileen borroka, emakumeen borroka eta LGTBI kolektiboen borroka besteak beste. Azken hori borroka luzea izan da. Edo, hobe esanda, izaten ari da, oraindik indarrean dagoen borroka baita lesbiana, gay, transexual, bisexualak eta intersexual kolektiboena. Hori bai, EAEko LGTBI Dokumentazio Zentro Birtualaren sorrera, Lakua eta Berdinduri esker sortu den artxibo digitala, izan da aipatutako kolektiboen azken garaipena. Bertan, Aldarte, EHGAM, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteen artxiboak gizarte guztiarentzat eskuragarri daude. Edonor sartu ahal da http:euskadi.eus/lgtbi-dokumentazioa helbidean sexu askapenaren aldeko mugimenduaren historian sakontzeko.
Otsailean bidalitako oharrean Gasteizko Gobernuak azaldu zuenez, dokumentazio zentro «bizia da, hazibidekoa», eta bertan bildutako dokumentazioak LGTBI kolektiboen borrokaren testigantza jasotzen du. «Taldeon eskubideen aitortzaren aldeko borrokaren lekukoa ere bada, edozein dela ere norbanako bakoitzaren genero edo sexu hautua nahiz identitatea, gizarteko gainontzeko kideekiko berdintasunaren aldeko borrokarena, hain zuzen», zioen Lakuak. Izan ere, LGTBI borrokaren eta beren sexu-identitate edo orientazioagatik jazarriak izan diren pertsonen aitortzaren instrumentu bilakatzea da espazio horren helburua.
Zentroak LGTBI mugimenduaren azken urteotako historiaren ikuspegi labur bat ematen du, baita gizartean eta erakundeetan gertatu den pentsamolde aldaketaren gainekoa ere. Horrez gain, elkarteek egin dituzten ekintza esanguratsuenak ere jasotzen ditu, oinarrizko eskubideetan berdintasuna lortzeko balio izan dutelako. Eta, Lakuako Gobernuak azpimarratu bezala, «elkarteen iraganeko eta orainaldiko ondare historikoa gorde eta zabaltzen du, kolektiboa ezagutaraziz». Azken finean, LGTBI kolektiboak dira historia honen protagonistak, haiek dira-eta azken hamarkadotan pertsona guztien eskubideak aldarrikatu dituztenak.

Hiru urteko lana
Mikel Martin kolektibo horietako kidea da, zehazki EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduko kidea. Berak dionez, zentro digitala sortzea ez da lan erreza izan. Hiru urteko lanari esker jarri dute martxan. Baina, berak adierazi bezala, egin beharreko lana zen. «Guk argi geneukan zentroa sortu behar zela, eta azken urteotan artxibo ugari digitalizatu ditugu», nabarmendu du oraindik ere argazki eta txosten ugari digitalizatu behar direla ohartarazi baino lehen. Zentzu horretan, LGTBI kolektiboen borrokarekin zerikusia duten pegatinak, kartelak edo argazkiak dituztenei dei egiten die zentroaren sorreran parte hartu duten elkarteetako egoitzetara hurbildu eta etxean gordeta dituzten artxiboak digitalizatzeko. «Ondo egongo litzateke artxibo horiek guztiak izatea», gaineratu du Martinek, artxibo den-denak webgune batean biltzeak ikertzaile eta elkarteen lana errazten duela azpimarratuz.
«Edonor sartu ahal da artxiboan, munduko edozein lekutik, era erraz eta azkarrean. Elkarteko informazioa topatu ahal du eta gure aldarrikapen jarraipena egin. Ikusi ahal du nola aldatu diren gauzak azken berrogei urteotan, egoera soziokulturala eta soziopolitikoaren bilakaera aztertu ahal du», dio Martinek. Interesdunek irakurri ahal dute, esate baterako, EAEn Gay Harrotasunaren lehen manifestazioan publikatu zen agiria, Gizarte Arriskugarritasunaren Legearen aurkakoa. Eta 1980an Euskadiko Ezkerra, PCE eta PSE-PSOE alderdiek Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu zuten legez besteko proposamen bat ere aztertu ahal dute, EHGAM eta ESAM legalizatzea helburu zuena. Helburu hori hiru urte geroago lortu zen, EHGAM lehenengo euskal LGTBI elkartea bilakatu zenean.
Dokumentazio Zentroan agertzen den bezala, hurrengo urteetan LGTBI taldeen garaipenak errepikatu egin ziren. 1983an Zigor Kodea erreformatu zen sexu erreasignazio prozesuetako ebakuntzak despenalizatzeko, 1988an “eskandalu publikoaren” kontzeptua bera ezabatu zen, 1992an Nafarroako Parlamentuak lehen aldiz jorratu zituen homosexualitatearen, erasoen eta diskriminazioaren inguruko gaiak, EHGAM eta beste talde batzuen partaidetzarekin; eta 1994an sexu bereko izatezko bikote baten lehen erregistroa egin zen Gasteizen. Hurrengo urtean Zigor Kode berria martxan jarri zen, Arriskugarritasun Legea guztiz indargabetuz. Eta 1998an Estatuan lehen aldiz onartu zen sexu erreasignazio prozesuetako ebakuntzak Gizarte Segurantzak finantzatzea.
Mende berrian ere lorpen ugari izan dira. 2002an Lakuak Berdindu sortu zuen, sexu eta genero-aniztasunerako informazio eta arreta zerbitzua lesbiana, gay, transexual, bisexual eta haien ingurukoentzako. Dokumentazio Zentro Birtualean azaltzen denez, Berdinduk «informazioa eta arreta eskaintzen dizkie hezkuntza-komunitateari, gizarte eragileei eta profesionalei, hedabideei eta gizarteari oro har, homofobia desagerrarazteko». 2003an EAEn izatezko bikoteak arautzen dituen legea onartu zen, sexu bereko bikoteei adoptatzeko eskubidea eman ziena eta Izatezko Bikoteen Erregistro Autonomikoa ezarri zuena. Horren arabera, debekatuta dago familia-ereduagatik edo sexu-orientazioagatik inor diskriminatzea.
Era berean 2005ean Gasteizko Legebiltzarrak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zuen. Legearen printzipio nagusien artean tratu berdintasuna ezarri zen, bermatuta geratu zelarik «bereizkeria-egoerak eragin ditzaketen beste inguruabar batzuk ere tartean direlako bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek nahiz emakume taldeek benetan baliatzea beren oinarrizko eskubideak». Aipatutako inguruabarrok honetako hauek izan daitezke: arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional bateko kidea izatea, ondarea, jaioterria, ezintasuna, adina eta sexu-joera. Eta urte berean, espainiar Estatuak Kode Zibila erreformatu zuen sexu bereko bikoteek ezkontzeko duten eskubidea bermatzeko.
2009ko urtarrilean Gurutzetako ospitaleko Genero Unitatea sortu zen, Osakidetzaren zerbitzu-zerrendaren barruan. Diziplina anitzeko psikiatra, psikologo, endokrino eta kirurgialari plastikoz osatutako taldea zen, eta urte horretako abenduan sexu erreasignazio prozesu baten barneko lehenengo ebakuntza egin zuen. 2011n lehen LGTB plana martxan jarri zen EAEn, eta 2014an Era Berean sarearen sorrera heldu zen, espainiar Estatuan LGTBI kolektiboa barnean hartu zuen tratu-berdintasunaren eta diskriminazio ezaren aldeko lehenengo sarea. Halaber, 2015ean Lakuak dekretu berri bat onartu zuen, sexu erreasignazioa prozesuak iraun artean transexualek izango duten egoera administratiboa jorratuz. Eta aurten Gasteizko Gobernuak ikasle transexualei laguntza ematea helburu duen protokolo bat aurkeztuko duela iragarri du jada.
Aipatutakoak dira Hego Euskal Herriko erakundeetan eman diren urrats nabarmenenak, garaipen garrantzitsuak izan direnak LGTBI taldeentzako. Baina porrot asko ere bizi izan dituzte. Eta, hala, artxiboak oraindik indarrean dauden bi arazo nagusiak ere jorratzen ditu: homofobia eta hiesa. Lehena gizarte arazoa da, bigarrena osasun arazoa. Eta, tamalez, biek hiltzen dute. «Gay eta lesbiana asko hil dira eraso homofoboengatik. Errenterian Francis hil zuten, baina biktima anonimoak ere egon dira. Eta homofobiak oraindik ere jende askok libre bizitzeko aukerarik ez duela erakusten digu. Ezin dugu beste alde batera begiratu inor bere genero edo sexu hautuagatik iraintzen dutenean», azpimarratu du Mikel Martinek.

Homofobia eta hiesa
Martinek berak pairatutako erasoaren gaineko albisteak irakurri ahal dira Lakuak sortutako Dokumentazio Zentroan, baita homofobiaren aurkako kanpainak, txostenak eta material grafikoa ere. Interesgarria da oso EHGAMek egindako “Transfobia, lesbofobia eta homofobiaren aurpegiak” erakusketa. Bertan gay eta lesbianen aurkako jarrera erakutsi duten pertsona historikoen esaldiak jasotzen dira. Sabino Arana, Ana Botella, Adolf Hitler, Tierno Galvan, Francisco Franco, Camilo Jose Cela, Manuel Fraga, Augusto Pinochet, Evo Morales eta Pilar Urbano kazetariaren esaldiak agertzen dira, besteak beste.
Eta material grafikori dagokionez, hiesarekin zerikusia duen erakusketa bat aurki daiteke, Gehitu elkarteak egindakoa. Gaixotasuna pairatu duten pertsona ezagunek dira erakusketaren protagonistak. Rock Hudson, Rudolf Nureyev, Gia Marie Carangi, Derek Jarman, Keith Haring, Anthony Perkins, Isaac Asimov, Freddie Mercury, Jaime Gil de Biedma eta Nestor Almendrosen kasuak agertzen dira. Guztiak hil ziren hiesaren ondorioz. «Hiesa izan da pairatu dugun porrot handienetarikoa. Jendeak beldurra zuen eta aktibismoa eten egin zen. Baina batzuek hiesa izatea borrokan tinko mantentzeko arrazoi bezala ikusi genuen. Osasunaren aldeko agente bilakatu ginen, eta diskriminazioaren aurka borrokatu genuen. Izan ere, 80ko eta 90eko hamarkadetan ‘talde arriskutsuei’ buruz hitz egiten zuten, ez ‘praktika arriskutsuei buruz’», gogoratu du.
Dokumentazio Zentro Birtualean “GIB duten pertsonen auto-errealizazioa sustatzeko gida”, “GIB birusarekin bizi diren pertsonentzako gida”, “3 xiringa. GIB/HIESA eta bestelako gaixotasun sexualen prebentziorako gida”, “Osos especie protegida. GIB prebenitzeko gida” eta STOP SIDAren sexu-osasunari buruzko argitalpenak topatu ahal dira. Eta ez hori bakarrik, hezkuntzari zuzendutako testuak ere badaude, eta transexualitatearen despatologiari buruzko informazioa eskuragarri dago. Familia aniztasuna eta genero barneko indarkeria jorratzen duten txostenak ere badaude, eta kolektibo zaurgarriei zuzendutako agiriak.
Zentroa zazpi ataletan banatuta dago. Lehenengoak LGTBI mugimenduaren memoria jasotzen du, azken urteotako historia laburbilduz. Bigarrenean, mugarri historikoak aipatzen dira, eta, hirugarrenean, material grafikoa jasotzen da. Laugarrenean baliabide materialak daude, LGTBI arloan lan egiten duten zenbait elkartek egindako txosten eta ikerketekin, eta, bosgarrenean, Aldarte, EHGAM, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteen sarera igotako artxibo ugari kontsulta daitezke. Testuak, irudiak, argazkiak, audioak eta bideoak aurki daitezke. Bilaketa egiteko, berriz, hainbat aukera gaitu dira: dokumentu-funtsaren arabera, dokumentu motaren arabera, landutako gaiaren arabera eta izenaren arabera. Azkenengo bi ataletan agenda eta LGTBI elkarteen zerrenda agertzen dira.
Etorkizunari begira, Lakuak artxiboa handitzea espero du. Izan ere, Gobernuak bidalitako oharrean azaldu bezala, Dokumentazio Zentroa «espazio ireki gisa» diseinatu dute, eta, hortaz, elkarte berrien ekarpenekin zein dagoeneko desagertutakoen dokumentu berriekin hazten joango da. Zentzu horretan, laster Hegoak, Pikara Magazin eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak beraien artxiboak igoko dituzte. Gaur egun 1.583 dokumentu daude herritar guztien eskura, 17 erakusketa, 726 kartel, 532 espediente –458 testu eta 74 argazki–, 149 audio, 141 bideo eta 18 pankarta. Eta etorkizunean askoz gehiago izango dira.
Hala espero du Martinek, EAEko LGTBI Dokumentazio Zentro Birtuala datozen urteetan indartzea espero duenak. Haren ustez, Lakuak publizitate kanpaina bat martxan jarri beharko luke herritarrek ekimena ezagutzeko. Elkarteek, militanteek eta herritarrek tresna berri hau existitzen dela jakin dezaten. Gay, lesbiana eta transexualen eskubideen defentsa eta homofobiaren desagerpena «borroka transbertsalak» izan beharko liratekeelako.

Martxa historiko baten lekukotza aparta
1978ko ekainean ospatu zen Bilbon Gay Harrotasunaren lehenengo manifestazioa. Martxa horretan parte hartu zutenek EHGAM elkartearen legeztatzea exijitu zuten, eta Espainiako Zigor Kodearen 431 artikulua bertan behera uzteko eskatu. «Eskuinak Zigor Kodearen 431 artikulua aplikatzen jarraitu nahi du, eta esaten du homosexualitatea bere adierazpen guztietan eskandalu publiko bat dela», salatu zuten EHGAM, ESAM, Bizkaiko Mugimenduaren Asanbladak eta egun horretan irakurri zen agiria sinatu zuten alderdi guztiek: EIA, Euskadiko Ezkerra, EMK-OIC, HASI, Herri Batasuna, LAIA, LKI, EPL, PTE eta PSE.
Bada, aipatutako agiria EAEko LGTBI Dokumentazio Zentro Birtualean topa daiteke egun. Bertan, amnistia aldarrikatzen zen preso zeuden homosexualentzako. «Asko eta asko preso daude, eta berehalako amnistia exijitzen dugu. Baina ez da benetako amnistiarik egongo herri guzti-guztiek homosexualitatea era natural batean eta ez gaixotasun edo joera txar bat bezala hartzen ez duten bitartean», azpimarratu zuten sinatzaileek, UCDko Gobernuaren jarrera gogor kritikatuz. Izan ere, UCDk gay, lesbiana eta transexualen aurkako errepresioa mantendu zuen bere agintaldian.
