Emakume ijitoak, kementsu bidean aurrera
Emakume ijitoek, zaharrek eta gazteek, bat egin dute beraientzat eta beraiengatik sortutako elkarteetan. Ahotsa dute bertan, hitz egin nahi dute, eta entzunak izan. Tailerren eta ekimenen bidez, konfiantza indartzea da gakoetako bat. Indarrez datoz dagokien lekua aldarrikatzeko.

Inurri lana egiten, eta fokuetatik aldenduta, Euskal Herrian elkarte asko ari dira emakume ijitoen eskubideen alde borrokan, defentsan, haiek laguntzen, babesten, sostengatzen. Belaunaldi zaharrak eta berriak elkartzen dira, bizipenak trukatzen dituzte, baita elkarri aholkuak eman ere. Sisteman hutsuneak antzematen dituzte eta, horiek salatzen dituzten neurrian, bereari ekiten diote, ezinbestekoa deritzoten komunitatea sendotzen, elkarri laguntzen, hori baita ijito herriaren oinarria, taldea, alegia. Lucia Mendoza, Susana Vazquez, Sylvana Jimenez eta Isabel Jimenezek asko dute komunean. Emakumeak dira, eta ijitoak. Horrez gain, aktiboak dira, aktibistak ere esan daiteke. Urratsak ematen ari dira emakume ijitoak autoestimua indartu dezan, bere bidea egin dezan, eta aldaketarako jauzia zalantzetatik at, segurtasunez eman dezan.
Donostiako Aiete auzoko kultur etxeak leku berezi bat eman dio ijito herriari azkenaldian. Otsailean beren historia eta bizimoduari buruz ireki zen “Lungo drom” (bide luzea romaniz) erakusketari –bihar arte dago ikusgai– EAEko Emakume Ijitoen Batzordeak eskainitako hitzaldia gehitu zaio. Lau kidek beren ahotsez deskribatu zituzten bizipenak, nahiak, aurreikuspenak eta erronkak. Beste aldean entzule mordoa, asko ijitoak, asko ijito ez direnak. Galderez josi zuten saioa, helburu bakarra marrazteko: asko dugu elkarrengandik ikasteko.
Emakume ijitoa aldaketa asko egiten ari den arren, «ikusezinak» direla-eta penatuta azaldu zen Sylvana Jimenez. Horregatik, Emakunderen babesa duen batzorde honen eta bere parte diren elkarteen helburuetako bat hori da: iluntasunetik argitara ateratzea. Klixeak desegin, berdintasuna lortu eta norbanakoaren ahalduntzea sustatzea. Horretan dabiltza 2010. urtetik.
«Emakume ijitoa emakume borrokalaria da, ahotsa du, botoa ere bai, anitza da, kritikoa da eta, batez ere, bere sustapenarekin konprometituta dago». Hitzokin laburbildu zuten beren nortasuna.
Anitzak dira emakume ijitoak, eta adierazi zutenez, ezberdintasun handiak daude Bilbon, Donostian edo Irunen bizi direnen artean. «Ez hobeak, ez okerragoak, desberdinak baizik», aipatu zuen Isabel Jimenezek. Eta bere ustez, horixe da hain justu oraindik gizarteari ikusteko falta zaiona.
Dituzten erronkak ondo josi eta ibilbidean asmatzeko batzordeak dokumentu bat, bide orri bat, idatzi zuen. «Gogoak izugarriak ziren, nortasun handikoak gara, beraz, ezinbestekoa zen markoa zehaztea». Emakume ijitoaren baliabideak hobetzea da xede nagusietako bat. Konfiantzaz gain, kohesioa eta parte hartzea sustatzen dituzte, ahotsa ematen diete. Zentzu terapeutikoa ere onartzen diote lantaldeari. Hori guztia, ijito identitatea galdu gabe, are gehiago, indartuz.

Adin ezberdinak aberastasun gisa ulertuta
Eduki guztia mahai gainean jarri aurretik atera ziren entzuleen ahoetatik galderak. Elkarte ezberdinetara bertaratzen diren emakumeen aldetik sumatzen duten jarreraz, «etxetik ateratzeko» joera geroz eta handiagoa dela onartu zuten. «Emakume bezala ikustea baduzula zeinekin hitz egin, zeinekin elkarbanatu eta partekatu oso itxaropentsua da». Hori da, beren esanetan, lorpen handienetako bat. «Eta zailtasunak zailtasun, edozein kasutan, emakumeok oso argi dugu nora goazen. Bakoitza bere erritmoan, baina ari dira bere bide propioa egiten».
Aktibista feminista baten adierazpenei erreferentzia eginez, beste entzule batek honakoa plazaratu zuen: ijito ez diren emakumeek 50 urtetan lortu dutela ijito direnek 20 urtetan lortutakoa. Bidean izandako sentimenduez, oztopoez, eroritako eta altxatutako aldiez zapore gozoz mintzatzen dira. «Prozesuak mantsoak dira, baina asebetetzen gaituzte. Ohitura eta usadio jakin batzuk aldatzea edo desagerraraztea ez da erraza, zaila baizik, baina aldaketa oro, txikia bada ere, positiboa da». Isabel Jimenezen ustez mahai inguruan mikrofonoaren aurrean hitza hartu zutenak emakumeak izatea «oso esanguratsua» da. Zentzu horretan, aldaketak belaunaldiekin lotu zituen Sylvanak, hala, berak berrikuntzak egin dituen neurrian, bere alaba Katiak beste batzuk emango dituela ziur agertu zen.
Irunen, adibidez, adin ezberdinetako emakumeek hartzen dute parte elkartean, erabat inplikatzen dira ekintzetan zaharrenak, gazteenekin batera. Esan gabe doa ikuspuntu guztiak ez dituztela partekatzen, garai ezberdinetan jaio dira eta bizimodua ezberdina dute, baina nahasketa horrek, adibidez, asko pozten du Lucia Mendoza kidea. «Tailerretan eta ekimenetan denok batera egiten dugu lan, ikasteko garaian erritmoak ezberdinak dira, jakina, baina beraien asmo ona, jarrera da garrantzitsuena, bere burua gainditzeko erakusten duten gaitasun horrek miresten nau. Harro nago beraiez», nabarmendu zuen pozik Irungo bizilagunak.
Zalantzarik gabe, Luciarentzat aberasgarriena esperientzien trukaketa da. Gazteek begirada freskoa eskaintzen diete belaunaldi zaharrenei, eta hauek, «trukean», aholkuak urteek emandako jakinduriari esker. «A, B, C, D… dena txukun-txukun koadernoetan nola idazten duten, nolako grina jartzen dioten… 55, 60, 65 urte dituzte eta gaztetan egin ez dutena egiten ari dira orain, eta etxetik ateratzen», deskribatu zuen Luciak.
Bizitza asko aldatu da azken 40 urteetan emakume guztientzat, ijito izan edo ez, eta etorkizunari begira helduek gakoak ematen dizkiete gazteei. «Hormak gainditzeko eskatzen digute, beraiek egin ezin izan zutena egiteko guk, ahal dugulako. Teknologiaz baliatzeko horretarako, sekulako aurrerapenak daudela gaur egun, eta aprobetxatzeko».
«Gure emakume zaharren eredua jarraitzeaz gain», azaldu zuen Mendozak, «ijito ez diren emakumeena ere jarraitzen dugu gertutik. Beraiek ere oztopoak gainditzen dituzte, saiatzen dira, borrokan ari dira. Zentzu horretan berdinak gara, baina geuk, geure bizimoduagatik, gure kultura eta usadioengatik zertxobait zailagoa izan dugu; oraintxe ari gara horren aurka borrokan, gaur hemen egon ahal izateko, lan egiteko, gure ikasketak burutu ahal izateko».
«Eta gizonek zer esaten dizuete elkarteetan egiten duzuen lan guztiaz?», galdegin zuen emakume batek. Isabelek ez du senarrik, baina anaien eta aitaren babes oso duela esan zuen, erantsiz inoiz ez duela etxean presiorik jasan. Sylvanak eta Luciak beste horrenbeste. «Badakite nora goazen, zertara, zeintzuk diren gure helburuak, eta animatu baino ez gaituzte egiten», zioen gazteenak.
Batzordeak oraingoz ez ditu ijito ez diren emakumeen elkarteekin aliantzak sustatuko, oraindik eurak beren buruarekin duten konfiantza indartzen ari direlako, beren identitatea berresten. «Etorkizunean noski baietz, beharrezkoa izango da gainera, baina egun ez da momentua. Ez dadila besteekiko bazterkeria bezala ikusi», eskatu zuten. Azaldu zutenez, emakume ijitoak elizan edo eskolan sozializatzen du, besteak beste, baina bereziki bertan. «Emakumeei espazio berriak ematen saiatzen ari gara. Gune hori beraiena dela ikusten dutenean zabalduko dugu lan eremua», aurreratu zuten.

