amagoia.mujika@gaur8.info
IKUSMIRA

Tontakeriak bata bestearen gainean

Muxuak partitzea gauza ederra da, gogo onez egiten baduzu behintzat. Ez da harritzekoa hainbeste kilometrotan hainbeste sufritu eta hainbeste gozarazi duen kirolaria besarkatu eta muxukatzeko gogoa sentitzea; «ederki ibili haiz». Bestelakoa da, baina, muxuak partitzeko panpinaren katamaloa jantzi behar denean. Irribarrerik ederrena jantzi, podiumera igo, kirolari heroiaren bi alboetara plantatu eta argazkia edertu. Baina ja nekatuak gaude argazki horiekin. Ohitura omen, gogaitu eta amorratzen duten ohitura horietakoa. Protokoloaren parte omen. Ba igual iritsi da protokoloak aldatzeko garaia. Askok esango dute tontakeria hutsa dela, erretxinek kritikatzen duten garrantzirik gabeko detailea, inori minik egiten ez diona. Tontakeriak bata bestearen gainean jarrita eraikitako jendartean podiumeko nesken irribarre hori ez da sinpatikoa, negargarria baizik. Detaileetan eta tontakerietan indarra jarriz bakarrik lortuko dugu jendarte sanoago bat. Bestela, alferrik gabiltza.