Iratxe Urizar

#Apirilak17

Badira hamar urte baino gehiago Palestinako Preso Politikoen Eguna izatetik, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna izatera pasatu zela apirilaren 17a. Munduko hainbat herrialdetatik Euskal Herrira etorritako delegazio zabal batek aho batez erabaki zuen, nahiz eta bakoitzak bere egun sinbolikoak izan, herri zapaldu horren omenez egindako keinu gisa palestinarren eguna denona bilakatzea. Modu horretan, preso palestinarren egoera gogoratzeko egunetik, munduan zeuden beste errealitateak elkarrekin salatzeko eguna bilakatu zen.

Gaur egun, jada XXI. mende bete-betean egonik ere, preso palestinarren egoera salatzen jarraitu behar dugu. Baita sahararrena, kurduena, milaka eta milaka presorena ere, estatuek bortxatzen dituzten eskubideen defentsan altxatutako hainbat eta hainbat presorena munduko hamaika herrialdetan. Maroko salatuko dugu eta sahararren aurkako errepresioa (euren egoeran espainiar Estatuaren erantzukizun zuzena ahaztu gabe), guztion gainetik dagoela uste duten Ameriketako Estatu Batuen jarrera, Leonard Peltier bezalako lider indigena, beste asko bezala, urte luzez kartzelatuta duena, eta bere populazioaren aurka “hiltzera bota” politika erabiltzen duena, populazio beltzaren aurka, noski. Turkia bezalako estatuen jarrera salatzen jarraituko dugu. Ez soilik kurduen aurka abiatutako zibilen aurkako sarraskia. Gaur egun, Europako (Europa, giza eskubideen aldarrikatzaile harroa, hiritarren eskubideen zaintzaile fina) jendarme eta lanpasa bilakatua: bertara bidaliak izango dira, merkantzia bailiran, milaka eta milaka pertsona, horiekin zer gertatuko den ardurarik izan gabe.

Apirilak 17, preso politikoak existitzen direla aldarrikatzeko eguna, hurbilago ditugun Estatu frantsesetik eta Estatu espainoletik hasi eta Portugal eta Suitzako kartzeletaraino, Argentinatik jarraitu eta AEBetako Pensilvanian orain urteak preso dagoen Mumia Abu Jamal duten ziega iluneraino. Baina baita gogoan izateko ere badirela milaka eta milaka herritar, kartzelan ez egonda ere, beraienak ez diren estatuetan preso daudenak, jazarpen politikoarengatik etxera bueltatu ezin direnak. Denak gogoan, baina euretako bakoitza ere bai.

Munduan dauden borrokak gogora ekartzeko unea ere bada, eta munduko hainbat tokitan gurea ekarriko dute gogora. Gure espetxeetan dauden presoak, kolektibo duin eta sendoa. Almeriatik Fleuryra dispertsaturik eta bakarturik. Gaurkotasun osoz, Nekaneren atxiloketarekin. Epailearen aurrean salatu zuen tortura testigantza lazgarriak bihotza estutzen digu orain ere, erantzuleak inoiz deklaratzera eramanak izan ez direnean gaur egun.

Eguna bera ezartzean, aldarrikapen eguna zela azpimarratu zen. Errealitate gordin bat kaleratzeko eguna, existitzen den errealitate bat gogoratzeko, irauten duen borroka duina.

Eta noski, remember Long Kesh, badira 35 urte Bobby Sands gabe, bere aldarrikapen eta eredua gure artean mantentzen den arren. Orduan bezala gaur errepikatuko dugu distantzia eta ñabardurak gaindituta, baita kultura eta borroka eredu eta esperientzia ezberdinak izanik ere, oinarrian badela mantentzen den ideia egoskorra: bere konpromisoarengatik espetxean daudenak preso politikoak dira eta horrela aitortuak izan behar dute. Ukatzeak ez du ezer konpontzen. Gatazkaren parte eta ondorio izanik, euren aitortza egitea eta euren ahotsa entzutea ezinbestekoa da gatazka bera gainditu nahi bada. Existitzen ez diren plantak egiteak ez du existitzen ez direla aitortzen, aldarrikapen herrikoi batetik abiatutako ekimen batean ziega bat jartzea debekatzeak ziega horren existentzia bera ezabatzen ez duen bezala.

Inoiz baino egunerokotasun handiagoarekin mantentzen da data. Aldarrikapen eta borroka ereduak aldatu dira, baina sentimendua berdina da. Beharra argi daukagu, bihar Bilboko kaleetan egongo garela argi dugun bezala, preso politikoak egon badirela salatzen, hemen eta han, denak gogoan eta euren borroka aldarrikatzen. •