Iker Barandiaran

Datorrena datorrela

Azkenaldian hogeitaka urteko gazte batzuekin pasa behar izan ditut orduak eta harrituta naukate dituzten ohitura eta ardurek. Sakelako gailuaren inguruan bizi dira, guztiak jiratzen du horren inguruan. Sare sozialetan ikusgai jartzen dira une oro: dena da argazkiak egitea eta zabaltzea, beste edozer gauza egin bitartean mezuak irakurri eta bidaltzea... Apple etxeak zer berrikuntza aterako duen adi beti, hori eskuratu artean ez dute atsedenik hartzen, horrek kentzen die loa. Starbucks kafetegietan capuccino bat edateak pozarren jartzen ditu; eta, aldiz, edozer erosterakoan ez dute beraien burua saltoki batean produktua eskutan hartzen irudikatzen. Zertarako? Amazonen bidalketa gastuak hutsaren hurrengoak dira beraientzat eta produktua nahi beste alditan bueltan bidal dezakete.

Musika ere kontsumitzen dute, jakina, eta uste baino gehiago gainera, baina Spotifyk egindako aukeraketak dira beraien kuttunenak. Eta kontzertuak aukeratzerakoan, talde folk berriak edo indieak izan ezean –horiek dira pizgarri nagusiena–, jaialdien alde egiten dute. Parte hartzen duten taldeak bai, baina garrantzitsuagoa da bertan egon ahal den giro, parranda eta ligoteoa.

Niretzat oinarrizkoak diren zenbait gauzaz kontziente ez badira edo axolagabeki jokatzen badute ere, egunerokotasunean informatuta daude eta informatzen dira, ez dira halabeharrez burbuila batean bizi; ondo dakite zer aukera duten. Eta alor batzuetan oso kritikoak dira, gainera, batez ere marka edo produktu hype-ak ez diren produktuen prezioak aztertu edo albo batera uzterako orduan.

Gazte egiten dituen –eta gu jada ez– ezaugarri garrantzitsu bat ere betetzen dute askok eta askok: orain dela hamabost urte Euskal Herrian zein munduan gertatu ahal izan den edozerk ez duela beraiengan inongo interesik ezta jakin-minik pizten. Hurbilago sentitzen dituzte berriki AEBetan salgai jarri dituzten kolore beltzeko hanburgesak, orain dela hamarkada bat beraien herrian zutik iraun zuen gaztetxearen esperientzia baino.

Gazteak lehen, orain eta beti aurrera begira bizi dira eta nagusiagook egin eta kontatzen dugunari bizkarra ematen diote. Hori bizitza-legea da eta horren kontra ezer gutxi egin daiteke. Eta, bai, badakit gazte guztiak ez direla azaldu ditudan bezalakoak, baina nik ezagutu eta hemen jaso dudana nagusitzen ari den tendentzia bat da eta –niri behintzat– zer pentsa ematen dit. Hain berekoiak bihurtuko ote dira?

Duela gutxi, 70eko hamarkadan poliziak kalean eraildako mutil baten anaia elkarrizketatu nuen, dagoeneko nagusia adinez baina gazte pentsaeraz. Hura amorratuta zegoen gaur egungo gazteek iragan laburrean gurean gertatutako bidegabekeria eta eskubide urraketen gainean erakusten duten interes falta eta indiferentziarekin. Ez hori bakarrik; hark uste du beraien sakelako eta kapritxo puntualetatik at ez dutela begiratzen eta espabilatu ezean egur asko jasoko dutela.

Horrek gogora ekarri dit, esaterako, aurten 40 urte bete dituen Gasteizko Martxoaren 3ko gertaera, gazte askok eta askok ezagutu ez dutena, sarraskia izanagatik krudela izateaz gain, alde positibo handia –askotan gogoan izaten ez duguna– ere izan zuelako. Langileen eskubideen alde egiteko hiriko enpresa, denda eta ia zerbitzu guztiak gelditu zituzten eta herritarren babesa ere erabatekoa izan zen. Horregatik, hain zuzen ere, erabaki zuen Espainiako Gobernuak hain krudel jokatzea, langileen eta oro har herritarren halako batasuna betirako zapuzteko. Eta halako indar metaketa esperientzia, nahiz eta bukaera latza izan zuen, oso gogoan izateko modukoa da, batu eta ahaleginduz gero gauza asko lor daitezkeelako.

Badakit gazte guztiek ez dutela honetaz paso egiten, eta nagusiagook mundua salbatzen ari garenik ere ez dut uste. Gauzak ez dira beltzak edo zuriak, eta uste baino jende gehiago da bidegabekerien kontziente eta arduratsu. Gainontzekoentzat, horra hor, Gipuzkoako kostaldeko horma batean aspaldi egindako marrazkia: «Gaur borrokatzen ez duenak ez dezala bihar negar egin». •