Eusko Alderdi Geltzalearen Marmotaren Egunean
Euskal alderdi nagusien artean, zinez zaila izaten da ohiko jokamoldeak apurtzen dituen gobernaririk topatzea. Lider ausart gisa jokatu baino, arriskuak murriztu eta segurola samar agertzen dira gehienak. Juan Jose Ibarretxek bazuen aipatutako ideia barnebiltzen zuen gustuko esaldi bat: «Idiak zapaldu duen tokitik ibili behar da». Baina nor eta bere ondorengo den Iñigo Urkulluk ireki dio atea aurretik inortxok ere asma ezin zezakeen aukerari: EAEko hauteskundeak espainiarrekin batera egitea. Bere burua abertzaletzat duen alderdi batetik etorrita, edonor zur eta lur uzteko modukoa da asmoa, eta froga gisa hor da Joseba Egibar alderdikideak (EAJren esentzia historikoen zaindari gisa-edo) agertu duen harridura edota hiritar arrunt askoren ulertezintasuna. Baina adi, Urkullu ez da erotu, eta ez dago txantxetan. Eta pentsaezina dirudien hori, tradizio jeltzaletik bertatik ikusita onartezina ere badena, gaur egungo nahaste-borrastean erraz egin dezake onargarri, edo toleragarri behintzat, EAEko lehendakariak. Batetik politikoki horretan interesaturik diren indarren laguntzarik ez zaiolako faltako (PP, PSOE, Podemos eta C’s) eta EH Bilduri zaila jarriko liokeelako aurka jotzea, ahulezia seinaletzat hartua izango bailitzateke. Eta bestetik, gizarteari begira, hauteskunde kanpaina bakarra egiteak aurreztuko lituzkeen diru eta ajeak aipatuz jende asko konbentzituko lukeelako tamalez EAEko lehendakariak.
Eta, hala ere, eskandalagarria bada. Eta EAJren bilakaeraren adierazgarria ere bai.
Mozorroa kenduta, proposamen hutsarekin bere burua biluztu du Urkulluk, bere beldurrak azaleratu ditu. Espainiarren bultzadak ondorio nagusia lukeelako: espainiar alderdiek gora egitea hautestontzietan, eta, hemengoek, aldiz, behera. Eta bigarren bat: euskal auzien oihartzuna Estatukoen azpitik jartzea. Bi kontu horiei esker berak Ajuria Enean segitzeko indar harremana hobetzen dela aurreikusten du Urkulluk, dudarik ez da. Honen azpian ezkutatzen den kalkulua ez da, noski, EAJk gora ala behera egingo ote duen, baizik eta EAJ-PP-PSOE-C’s bloke berriak Gasteizko Legebiltzarreko gehiengoa ahalbidetuko duen ala ez. Jakin badaki Urkulluk: EH Bildu eta Ahal Duguren artean 38 legebiltzarkide pilatuz gero, EAJren boteregune nagusia arrisku larrian egongo da.
Bi sailkapen klasikoak urratzen ditu eskema berri horrek. Bloke banaketa berria ez dagokio, bistan da, abertzale/ez-abertzaleen arteko azken hamarkadetako talkari, eta ezker/eskuin dialektika historikoarekin ere ez da guztiz egokitzen. Zuzenagoa da esatea marraren alde batean aldaketaren aldeko indarrak lerrokatzen dituela, eta, beste aldean, berriz, aldaketa txikiena ere nahi ez dutenak. Urkulluren eguneroko praxi politikoaren bitartez Partido Nacionalista Vasco zena Partido Conservador Vasco bilakatzeko bidean da; Euzko Alderdi Jeltzalea zena, Eusko Alderdi Geltzalea. Eta legealdi honetan zehar arrakasta ezin zaio ukatu: duela bost urte EAEn abiadura oso lasterrean zetorren aldaketa politiko eta sozialari galga jartzen lortu du. Gero eta bortitzago: hor da, bidea markatuz, Gipuzkoan ehunka lagunek zaborrontzietan janaria bilatu behar ez izatea bermatzen zuen AGI diru laguntza kentzeko erabaki krudela. Kontserbadorea dela esatea motz gelditzen da, Thatcherrek berak ere txalotu egingo luke.
Behin lozorroa hedatuta, aurreikus daiteke, Marmotaren Egunean bezala, konpromiso berdin-berdinak ekarriko dituela besapean Urkulluk lehiarako: arlo ekonomikoan, langabezi tasa %10era jaistea; arlo post-armatuan, elkarbizitza eta bakea bururaino eramatea; eta arlo politikoan, estatus berria lortzea. Duela lau urte agindutakoa eta bete gabe utzitako berbera. Marka da gero!
Gauzak horrela, EAJren nagusitasuna baino zerbait mamitsuagoa dago jokoan hauteskundeotan, bai espainiarrekin batera egin ala ez, bai ekainean ala uda pasata egin: aldaketarako 2011ko grina hura guztia indar osoz berpizten ote den ala ez. Lau urteko lozorroa gehiegizkoa da, zortzi urtekoa tragikoa litzateke. •
