Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB
Arkitektoa

Garberaren handipena

Sakonki aztertzeko moduko kasua da Donostiako Garbera merkataritza-zentroaren handipenarena. Kasuak ondo baino hobeto frogatu baitu lurralde-antolakuntza eta hirigintza, teknika zientifiko hutsak izatetik urrun, sarritan hala mozorrotu dizkiguten arren, ideologiaz blai egindako jakintza-arloak direla, eta, horren ondorioz, botereak dituen tresnetako bi. Eta, gurean, kapitalismoak eta haren morroiek agintzen dutenez, ekonomiaren hazkunde amaigabea sustatzea du helburu hirigintza-ildo ofizialak. Besteak beste, merkataritza-zentro erraldoiei oztopo urbanistikoak ezabatuz.

Horixe agindu baitu 2015eko irailean Espainiako Auzitegi Gorenak: EAEn merkataritza-gune handiak eraikitzea eta zabaltzea mugatzen zituen 2004ko Lurralde Plan Sektoriala (LPS) ez dela nor zerbitzu-sektore ahalguztidunari oztopo gutxienekorik ezartzeko. Europako Batasunak agindu omen baitzuen, 2006ko 123 Zerbitzu Zuzentarauaren bidez, ezin zitzaiola inolako hesirik jarri saleroste askeari, eta, horrenbestez, merkataritza-guneen ezartzeari. Ikuspegi ekonomiko hertsia soilik aplikatuta, bederen.

Gorenaren epaiak gardenki baitio, bitxia bada ere, arrazoi ekonomiko hutsez haragoko interes orokorreko beste argudio batzuk jartzea ere bazegoela, besteak beste lurralde-antolakuntzakoak edo ingurumenekoak. Hortaz, Gorenak ate argi bat ireki dio Eusko Jaurlaritzari, LPSren legezko aldaketa bat egin ahal izateko, 25.000 metro koadro baino handiagoko merkataritza-zentroak orain arte bezala debekatzen jarraituz. Debeku hori oraingo honetan ingurumenaren ikuspegitik arrazoitzea ez bailitzateke batere zaila, besteak beste komertzio-edukiontzi erraldoi horiek eragiten duten mugikortasun pribatu kutsakor ikaragarria kontuan hartuz.

Horretarako, hala ere, asmo politikoa da beharrezko, beti bezala. Eta Eusko Jaurlaritzako zein Donostiako Udaleko aginteetan dagoen EAJk ez du batere gogorik erakutsi orain arte. Eta dagoeneko urte erdi pasa da esandako epaia kaleratu zenetik. Iragan martxoaren 17ko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran aukera paregabea eduki zuen arren.

Bertan, EH Bildu legebiltzar-taldeko Iker Casanovak aurkeztutako legez besteko proposamenari, non arestian esandako aldaketa egiteko eskatu baitzen, bitartean merkataritza-gune erraldoi gehiago egiteko lizentziak izoztuz, ezezko borobila eman zion ardatz neoliberal osoak: EAJ, PSE, PP eta UPyD alderdiek. Horren ordez, gainera, denbora alferrik galtzeko kontraproposamen kontserbadore baten alde ere egin zuten alderdiok, lantalde gehiago sortzea eta bilerak biderkatzea adostuz, berandutze horren bidez Garberaren handipenari ateak nahita zabalduz.

Aski esanguratsuak izan ziren Legebiltzarreko eztabaidan Norberto Aldaiturriaga jelkide legalistaren azken hitzak: «Europarra izateak badakar klub batean parte hartzea. Klub bat, zeinetan joko arau batzuk onartu behar diren, gustatu ala ez». Antza, klub horretan ezin zaizkie hesiak erraz eraiki enpresari handiei. Soilik errefuxiatuei. •