Ilarrak, udaberriko perlak

Puxtarri berde dirdiratsu eta gozo hauek udaberrian hazten dira gure baratzetan. Baba beltzarekin batera, urtean ematen diren lehenengo fruitudun barazkiak dira. Arro mediterraneoan dute beren jatorria, eta, uste denez, duela ia 10.000 urte (zerealak ereiten hasi baino zertxobait beranduago) jadanik ereiten ziren ilarrak, abereen elikadurarako.
Zaporez goxoak eta leunak, ahoa freskotasunez betetzen digute eta platerei bizitasuna ematen diete beraien kolorearekin. Udaberri hasierako bi lekariak, ilarra eta baba beltza, menestrak gertatzeko bikote aproposa dira. Nutrizionalki aztertuta, baba beltzek ilarrek baino kaloria gutxiago dituzten arren, gainontzeko nutrienteak antzeko kopurutan dauzkate. Bada hipertentsoek kontuan izan beharreko datu bat: baba beltzak sodioan aberatsagoak dira.
Ilarrak era intentsiboan asko ekoizten dira, batez ere kontserbarako eta izozteko. Gure baratzetan hazten diren ilar ekologikoek ez dute zerikusirik hauekin. Agerikoa denez, zaporez eta kolorez ezberdinak dira (askoz biziagoak), eta nutrizionalki, freskoak (bereziki ekologikoak) askoz aberatsagoak dira.
Ilarrek karbohidrato, proteina eta zuntz kopuru handia dute, horregatik, oso gomendagarriak dira azukre arazoak dituztenentzat: odoleko azukre maila erregulatzen dute. Era berean, kolesterol maila ere kontrolatzen dute; arazo kardiobaskularrei aurre egiteko primerako baliabidea dira. Zuntzari esker ere idorreria arazoak saihesten laguntzen dute.
Mineral eta oligoelementuak ere ugariak dira ilarretan, eguneroko nekeari aurre egiteko aproposak dira hortaz. Gainera, B1 bitaminari esker animoa altxatzen laguntzen digute, nerbio sistemaren oreka mantenduz.
Haurrentzat aproposak dira oso: magnesio ugari dute ilarrek. Mineral hau garrantzitsua da gaztetxoen hazkundean, proteinak osatzeko beharrezkoa baita. Ilarrak zerealekin konbinatuz gero, adibidez arrozarekin, proteinak osatzeko beharrezkoak diren aminoazido guztiak lortzen dira. Aipatu beharra dago hazkundearentzat hain garrantzitsuak diren kaltzio, burdin eta fosforo ugari ere badutela ilarrek.
Ilar freskoak erosi behar baditugu, lekari erreparatu behar zaio: lekak berde dirdiratsu eta leun egon behar dira, horiek baitira freskotasunaren seinaleak. Ilarra batu eta 1-3 egunen buruan kontsumitzea da zuzenena, ahalik eta propietate gehien mantentzen dituztela ziurtatzeko. Prestatu aurretik, zuritzea da gomendagarriena, eta, kontserbatu nahi badira, izoztea aukera bikaina da.
Prestaketan, etxeko txikiek (baita nagusiek ere!) ilarrak urkultzen lagun dezakete. Bitartean, baratxuria txikitzen joango gara, olio berotan bota urdaiazpiko zatitxoekin, eta, azkenik, ilarrak gehituko ditugu. Su motelean egin, ilarrak bigundu arte. Platera osatzeko, arrautza parea jar daiteke ilarren gainean. Hau da ilarrak prestatzeko era tradizionala, baita ilarren zapore goxoaz gozatzeko modu egokia ere!
Arroza laguntzeko, haragi gisatuarekin edota legatza saltsa berdean prestatzeko erabili ohi dira. Oraingoan, baina, kroketa batzuk egiteko errezeta aurkezten dizuegu.

