Juantxo EGAÑA

«En casa de Zaragüeta con un puro se ha retratau»

Argazkian txirrindulari kuadrilla ageri da, Berriozartik pasatzen, Ezkaba mendiaren magalean, XX. mendearen hasieran. 1910. urtean Berriozarrek 160 biztanle zituen eta nekazaritza eta artzaintza zituen ardatz. Argazkia Agustin Zaragüetak egina da, 1885. urteaz geroztik Iruñean bizi zen donostiarra. Zaragüetaren lanak izaera dokumentala dauka, bere argazkietan jaso baitzituen Iruñeko gertaerak, espektakuluak, irteerak eta mitinak, besteren artean. Baina hiriaren garapena eta aldaketak ere jaso zituen, egun desagertutako eraikin askoren lekuko bihurtuz. Bere lanak Nafarroako Museoan daude jasoak eta garrantzia berezia dute garaiko sanferminen ingurukoek. Horrez gain, erretratuak egiten ere lan bikaina egin zuen. Horren adibide dira Ignacio Baleztenak eginiko bertso hauek: «Joshe Miel de Zabaleta a Pamplona vino soldau/ y en la casa de Zaragüeta con un puro se ha retratau».