Izan edo ez izan


Internet izango da gure belaunaldiak bere egin ahal izango duen iraultza bakarra. Gauzak gehiegi aldatzen ez badira behintzat, gure ondorengoei harrotasunez kontatu ahal izango diegun aldaketa gogoangarri bakarra teknologia berriek jendartearen bizi ohituretan eragindakoa izango baita. Ez gillotinarik, ez 68ko maiatzik, ezta tiragoma eskuetan langileon eskubideak defendatzera kalera aterako garen Euskalduna berririk ere. Onar dezagun, berandu baino lehen.
Komunikazioaren mundua hankaz gora jarri duten berrikuntzekin batera etorri da, halaber, komunikabideek historian sufritu duten krisirik latzena ere. Publizitate eredu tradizionala lehertu egin da plataforma berrien agerpenarekin. Lurrak mugitu ondorengo tsunamiak harrapatu ditu hedabide gehienak, nor bere txalupa gainean, olatupean ez desagertzeko ahaleginetan. Enpresa handien –ertainen– publizitateari esker bizi ziren medio handiak –ertainak– larri dabiltza itsaso zabalean orain, sarean harrapatuta geratu diren balea zaharrak nola, Facebook eta Google nagusi diren korronte sakonetan katramilatuta. Telefonoa bihurtu da azken hamarkadan informazioa maneiatzeko gailu definitiboa, definitiborik bada. Publikoak nahi eta behar duena bilatzen du, nahi eta behar duenean. Datuen aldean bideoa nagusitu da eskari-eskaintza harremanean. Medioek ere horretara moldatzen dute beraien emaria. Ez dago igorlearen eta hartzailearen arteko kausa-efektu jokorik. Ez da igorleak bihurtzen duela hartzailearen iritzia edo jokaera halako edo holako, prozesu ziklikoa da: alde bakoitzak hartu-emanaren jarraipenean bere aletxoa jartzen du. Hortik aurrera, katea koipetuta mantentzearekin nahikoa. Telebistako albistegiek emandako testuinguruan mugitzen da boto-emailearen iritzia, gero daude sare sozialak dekadentzia informatiboaren kontrako terapia kolektiboaz gozatzeko. Eta terapiarekin pasatzen denak, honezkero, badaki zer daukan.
Paradoxikoa bada ere, gutako bakoitza kazetari izatera jolas daitekeen sasoi berean, mundua mugitzen duten masa komunikabide nagusiak inoiz baino elite ekonomiko murritzagoaren eskuetan daude. Horregatik ez da harritzekoa “Panamako paperetan”, momentuz, hedabideen munduko izen-abizen ezagunik agertu ez izana. Azken urteotan publiko egindako filtrazioak –Wikileaksekin hasi, Snowdenen kasuarekin jarraitu eta Panaman bukatzeko– komunikabide handien bidez zabaldu baitira jendartean. Eskularru zuridun lapurren filtroa pasa eta gero ailegatzen zaizkigu berriak etxeko epeletara. Kezkagarriena kontu honetan ez delako pertsona famatu eta aberatsek zergak ez ordaintzearren zein trikimailu erabili duten. “Panamako paperekin” ipurdi bistan geratu dena, isiltzeko hainbeste duten medioen jabeek horrela aitortu ez arren, zera da: korporazio erraldoien azken urteotako finantza-tresna nagusia izan dena.
Watzlawick-en giza komunikazioaren inguruan proposatutako lehen axiomaren arabera: ez komunikatzea ezinezkoa da. Jokamolde bakoitzaren atzean komunikatzeko asmo bat baitago beti. Jarrera bakoitzak gauza bat adierazten du. Esaten dena ez da hain inportantea, nola esaten den baino. Jarrera bakoitzak gauza bat adierazten du. Esaten dena ez da hain inportantea, nola esaten den baino. Isiltzen garenean ere zerbait esaten ari gara. Irudiak hitzari partida irabazten dio, behin eta berriz. Eta horren guztiaren gainetik, dirua duenak erabakitzen du zer den albiste eta zer ez.
Azken filtrazioek eragindako zaparradaren erdian, Parisen, Nuit Debout izeneko suminduen mugimendua loratu da udaberriarekin. 15M mugimenduaren bertsio frantsesa, atrebentzia onartzen bazait. Errepublikaren plaza okupatu eta berehala, irrati bat jarri dute martxan bertaratuek haien aldarriak hiritarren artean hedatzeko. Komunikatzen ez dena ez baita existitzen. Edo beste modu batera esanda: izan nahi duenak komunikatu beharra dauka. Eta tsunamiari txalupa batekin aurre egin behar dionari, tamalez, arraun egitea tokatuko zaio momentuz. Olatuari etengabe aurre hartzeko ahaleginean bizitzea. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
