Garazi Goia

Kointzidentziak. Kasualitateak

Kointzidentziak. Planeatu gabeko gertaerak eta bizitzako istorioak pertsona berdinaren inguruan, Ernest Hemingway. Hadley Richardson. Pauline Pfeiffer (Fife). Martha Gellhorn. Mary Welsh. Ordena horretan hartu zituen Hemingwayk emaztetzat. Ordena horretan, baita ere, utzi zituen: hurrengoaren presentziak eta afera baten hasierak zikindutako harremanari amaiera eman zion. Ahateak ehizatzera zihoala esan zuen eta Mary etxean gelditu zen. Eskopeta tiro bat. Ez zen hurrengorik egon.

Kointzidentziak edo kasualitateak?

Hadley, Fife eta Martha, hirurak, Ameriketako Estatu Batuetako Missouri estatuan jaio ziren, St Louis hirian. Kasualitatea, ziurrenik. Izan ere, Hemingwayk Hadley Chicagon ezagutu zuen, Fife Parisen eta Martha Key Westen. Hirurak ideologia liberaletako familietan hezi ziren. Hori ere kasualitatea izan zen, baina Ernest erakarri zuen ezaugarrietako bat izan zen.

Haurrak zireneko kapitulu kointzidentzia (edo kasualitate) interesgarri bat. Hadley St Louiseko eskola bateko ikuskizun bat ikustera joan zen. Martha oraindik neska txikia zela, antzezle nagusia zen. Nork esango zuen une hartan bertan, etorkizunean gizon berdina partekatu zutela ohean. Eta, bi emakume hauen arteko istorioak pixka bat gehiago korapilatuz: Martharen aita Hadleyren ginekologoa izan zen urte batzuk aurrerago.

Ernestek eta Martak elkar ezagutu zuten egunean, Martha Hemingwaytarren etxe aurretik pasatu zen pasieran eta Fife ikusi zuen lorategian lanean. Udako opor egun batzuk pasatzen zegoen Key Westen. Gau hartan Hemingwayk etxera gonbidatu zuen afaltzera. Biak mozkortuta iritsi ziren etxera, Fife zain zeukaten. Lorategi hartan eman zituen Marthak egun batzuk, Ernesten lanak irakurtzen eta eguzkia hartzen. 1937. urtea zen. Hamaika urte aurrerago, 1926. urtean, Fifek Hadley eta Ernestekin pasatu zituen udako egun beroak, eguzkia hartzen, Frantziako kostan.

Emazteek elkarri eskutitz asko idatzi zizkioten. 1937ko uda hartan, egun haiek Hemingwaytarren etxean pasatu ostean Fiferi idatzi zion Marthak; haien etxean eskainitako harrera ona eskertu nahi zion. Bi hilabete beranduago, Martha eta Ernestek afera bat hasi zuten. Hiru urteren buruan, 1940. urtean, Fiferen dibortzio paperak jaso eta hamabost egunera, Martharekin ezkondu zen. Ezkon bidaian zeudela, Ernestek ehizatutako hegazti batzuk bidali zizkion Fiferi. Opari ederra.

Martha Ernesten bizitzan azaldu zenetik, Hadley eta Fiferen arteko harremana asko estutu zen. Fifek aholkua eskatzen zion Hadleyri: zer egin zezakeen Ernest ez galtzeko. Urte batzuk aurrerago, Fife izan zen Hadleyri senarra lapurtu ziona.

Mary kazetari moduan ibili zen lanean. Egunkari batean bere nagusia izan zena, Hadleyrekin ezkondu zen. Hadleyren bigarren senarra izan zen, Hemingwayrengandik banandu ostean.

Martha ere kazetaria izan zen. Gerra erreportaria hain zuen. Egun hartan, Parisera iritsi zenean, Ritz hotelera joan zen. Mary Welsh aurkitu zuen. Bezperan, Ernesten ohean lo egina zen. Ritz hoteleko logela hartan. Poesia bat idatzi zuen Ernestek. Hura izan zen afera argitara eman zuena.

Mary Welshek esaten zuen laurak “Hemingway unibertsitateko” ikasleak izan zirela. Fifek eta Maryk uda asko eman zituzten elkarrekin Kuban 40ko hamarkadan. Aparteko inteligentzia eta Heminwayrengan kartsuki sinetsi izana izan zuten denek komunean. Hemingwayren lanak irakurtzen eta aholkuak ematen denbora hura guztia pasatu ez bazuten, nor daki arrakasta bera izango ote zuen Hemingwayk? Istorio korapilatsuak. Denen artean lotuta. Kointzidentzia ederrak. Edo kasualitateak. Baina bizitza interesgarriak egiten duten horietakoak. •