Ion Salgado
TUBERKULOSIA

Munduan 2014an 1,5 milioi pertsona hil zituen gaixotasun kutsakorra aztergai

Tuberkulosiak 1,5 milioi heriotza eragin zituen 2014an. Gaixotasun kutsakor honen sekretuak ezagut daitezke Arabako EHUko campusean, Kepa Lizarraga eta Anton Erkorekak zuzendutako erakusketan. Lehen tisi kasuak azaldu eta etorkizuneko erronkak aipatzen dira bertan. Erronka nagusia: tuberkulosi multierresistenteei aurre egiteko tratamendu berriak garatzea.

Pasa den urtean euskal gizarteak arreta handiz jarraitu zituen ebolari buruzko berriak. Hitzaldiak, eztabaidak eta ekimen solidarioak burutu ziren Afrikan milaka lagun hiltzen ziren bitartean. Herritarrek jakin nahi zuten zer den ebola, nola kutsatzen den eta nola sendatzen den. Gaixotasun kutsakorrei buruz hitz egitean, hori bai, urrutiko arazoa izango balitz bezala egiten zuten herritarrek, garatzeko bidean diren herrialdeetako biztanleei soilik eragiten diena. Eta ez, gaixotasun kutsakorrak ez dira txiroei arazoa soilik. Europan, Euskal Herrian, oraindik ere sarri diagnostikatzen dira, adibidez, tuberkulosi kasuak. Hiesak eta malariak osatzen duten podium makabroaren gailurrean dagoen gaixotasuna da tuberkulosia, heriotza gehien eragiten dituen gaixotasun kutsakorra. 2014an 1,5 pertsona hil zituen birikei erasaten dien Kochen baziloa sorten duen gaixotasun honek.

Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak eta EHUk Gasteizko campusean jarritako “Tuberkulosia” erakusketan azaltzen da gaixotasunaren historia, animaliak etxekotzeko prozesuarekin batera hedatu zena. Tuberkulosiaren aztarnak neolitotik datozen giza hondarretan aurkitu dira, baita Egiptoko momietan, medikuntza klasikoko testuetan eta lekukotza historikoetan ere. Lehen kasuetako bat Armand Ruffere sirrak deskribatu zuen, 1910ean, Tebasetik heldutako momia batekin lotuta: behealdeko orno torazikoen zati bateko suntsipenaren ondorioz eragindako zifosi angeluarra zuen momiak.

Euskal Herriari dagokionez, tuberkulosia pairatu zuen gizonezko baten gorpua topatu dute Larrazubin, Arabako hegoaldean kokatutako San Martin Erdi Aroko nekropolian. Halaber, Acebedoko San Roque nekropolian emakume baten gorpua aurkitu dute, eta San Prudentzioko nekropolian tuberkulosia izan zuen gazte baten gorpua atera dute lurpetik. Hiru pertsona horiek hil ziren tuberkulosiak jota, haien hezurrek argi erakusten dutenez. Edo, hobe esanda, tisiak jota, horixe baita Herodotok (K.a. 481) erabilitako hitza Greziaren aurkako borrokara bertaratzerik izan ez zuen Xerxes Handiaren armadako jeneraletako baten gaixotasuna deskribatzeko.

XIX. mendean, gaixotasunaren ikuspegia erabat aldatu zen, Rene Theophile Hyacinthle Laennec medikuak gaixotasunak eragindako lesioak identifikatu zituenean. Pazienteak miatzeko perkusio torazikoa erabili zuen, antzinatetik ezaguna zen teknika, eta berehalako auskultazioa berreskuratu zuen. Horretarako tresna mediko berri bat asmatu zuen: estetoskopioa. Horren bidez, medikuak pazientearen toraxaren barrualdea “ikus” zezakeen. Auskultazioarekin eta perkusioarekin batera, Laennec gai izan zen biriketako tisiaren bilakaeraren jarraipena egiteko. Eta tisia tuberkuluen garapenaren ondorio zela frogatu zuen, horregatik hartu zuen gaixotasunak tuberkulosi izena.

Gainera, ikusi zuen gai morbosoa birikan zein beste organo batzuetan gara zitekeela. Halaber, prozesuaren hasierako faseetan eta amaierakoan zeuden lesioen inguruan egin zuen deskribapenaren bidez, ordura arte gaixotasun bakar gisa, tisia alegia, deskribatutako zenbait koadro identifikatu zituen. Hala, ere, Laennec berak pentsatzen zuen tisia ez zela kutsakorra, hirietako zoritxarreko bizitzaren ondorio baizik, eta ezin izan zuen gaixotasunaren azken kausa aurkitu.

Robert Koch mediku alemaniarrak lortu zuen tuberkulosiaren jatorri infekziosoa frogatzea. Lesio tuberkulosoetan makilatxo batzuk antzeman zituen, mikroorganismo ezagunak baino txikiagoak. Baziloa isolatzea lortu zuen, tuberkulosiaren eragile izan zitekeena, eta baziloa haztea ere lortu zuen. Ez zen lan erraza izan, tenperatura altua behar zuelako eta hazkuntza oso motela zelako. Ikerketa amaitzeko, gaixotasuna ugaltzea lortu zuen, gizakiaren material tuberkulosoa animalia espezieei inokulatuz. Horri esker, animaliaren eta gizakiaren tuberkulosiaren identitatea erakutsi zuen, bai maila klinikoan, bai anatomikoan, bai mikroskopikoan ere.

Tuberkulosia Bizkaian

Koch bere ikerketak egiten ari zen bitartean, milaka pertsona hil ziren Euskal Herrian tuberkulosiarengatik. Bizkaian, esaterako, hilkortasun tasa asko handitu zen XIX. mendean zehar. Tuberkulosiak gogor astindu zituen Bilbo ezkerraldea, hiriburuko Atxuri, San Frantzisko eta Bilbo Zaharra barrutiak eta Bermeoko, Lekeitioko eta Ondarroako arrantzale auzoak. Hilkortasun tasa txikienak bizi maila altueneko auzoetan eman zen.

Gasteizen ikusgai den erakusketan azaltzen den bezala, XIX. mendearen amaieran Bizkaian 12.000 pertsona inguru zeuden tuberkulosiak jota. Honakoak ziren gaixotasunaren agerpenik ohikoenak: meningitis tuberkulosoa haurtzaroko lehen fasean, hezurretako tuberkulosia eta peritoneo-tuberkulosia nerabezaroan eta birikietako tuberkulosia helduen artean.

1900. urtean Bizkaiko hiriburua tuberkulosiaren foku endemikoa zen. Hiriko prentsaren arabera, Parisek, Buenos Airesek, Madrilek edo Bartzelonak baino tuberkulosi tasa handiagoa zuen Bilbok. Garai hartako medikuek defentsarik gabeko etorkinekin lotu zuten epidemia, baita gaixotasuna oso erraz kutsatzea eragiten zuten bizi baldintza gogorrekin ere: herritarrak infraetxeetan metatuta bizi ziren eta nutrizio nahasmenduak ohikoak ziren elikadura eskasaren ondorioz.

Egoera horri aurre egiteko, erakundeek hainbat ekimen jarri zituzten martxan. Etxe berri merkeak eraiki ziren, kontsumo kooperatibak sortu ziren jakien prezioa merkatzeko eta familia txiroenek gizarte jantokietan bazkaltzen zuten. Eta zinegotziak, batez ere errepublikanoak eta sozialistak, oinarrizko elikagaien gaineko udal zergak jaisten ere saiatu ziren. Beste neurri batzuen artean, Matikoko hiltegi berria ere ireki zen, albaitaritza zerbitzua zuena.

Medikuek hiru baliabide martxan jartzea jotzen zuten beharrezkotzat tuberkulosiari aurre egiteko: biriketako tuberkulosia zuten gaixoak bakartzeko eta tratatzeko ospitaleak, haurren eta nerabeen hezur eta artikulazioetako tuberkulosia tratatzeko osasun etxeak, eta eritasunaren diagnostiko goiztiarrerako eta ospitaletik ateratako pazienteen jarraipena egiteko anbulatorioak. Bizkaian azpiegitura horiek sortzeko apustua egin zen, eta, horri esker, tuberkulosiaren eraginak nabarmen behera egin zuen XX. mendeko lehen hamarkadetan. Egoera asko hobetu zen hiesa agertu zen arte.

Gaixotasunaren gorakada

1983 eta 1992 artean 1.021 tuberkulosi paziente artatu zituzten medikuek Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, horietatik 270 seropositiboak. Tuberkulosiaren gorakadarik handiena hamarkadaren bigarren bosturtekoan eman zen, eta “Tuberkulosia” erakusketa antolatu dutenek azaldu dutenez, hiesaren hedapenaren ondorioz izan zen, paziente seropositiboetan gaixotasunak egonkor iraun baitzuen. Iraganean bezala, 80ko hamarkadan ere tuberkulosiak pobreziari, langabeziari, alkoholismoari, baztertutako gizataldeei lotuta jarraitzen zuen.

1993 eta 2002 artean hiesa kontrolatzea lortu zen, eta horrek tuberkulosiaren beherakada eragin zuen. Tuberkulosiaren Prebentzio eta Kontrol Programaren helburu nagusia 2006an gaixotasunak EAEn zuen eragin tasa 100.000 biztanleko 20 kasutik behera jaistea zen, baina ez zen bete, tuberkulosiaren aurkako botika batekiko edo gehiagorekiko erresistentziak agertu baitziren. Hurrengo hamarkadan Basurtuko Unibertsitate Ospitalean 526 tuberkulosi kasu artatu ziren, eta 2009an Bizkaiko Osasuneko Lurralde Zuzendaritzaren Zaintza Epidemiologikoaren Unitatean 199 kasu diagnostikatu ziren –horrek urteko tasa 100.000 biztanleko 17,5 kasukoa izan zela esan nahi du–. Hala, EAE «eragin gutxiko» tasa duten herrien artean sartu zen.

Etorkizunera begira tuberkulosi multierresistenteen bilakaerak baldintzatuko du gaixotasunaren geroa. XX. mendearen amaieran, batez ere Europako ekialdean, tuberkulosiaren forma erresistenteak agertzen hasi ziren, kasu batzuetan hiesaren aurkako medikamentuak hartzen zituztenek garatuak. Isoniazida eta Errifanpizina bidezko tratamenduek ez dute balio tuberkulosi erresistenteak pairatzen dituzten gaixoak sendatzeko, eta arazo larria izan daiteke hori etorkizunean. 2013an botika ugarirekiko erresistenteak diren 480.000 tuberkulosi sortu ziren, alegia, urte horretako tuberkulosi kasuen %5,3.

Herrialde batzuetan, tuberkulosi multierresistentearen tratamendua lortzea ez da erraza, aukera terapeutikoak mugatuak eta garestiak direlako. Eta gomendatuko medikamentuak ez daude beti eskuragarri. Kasu batzuetan, tuberkulosiaren forma erresistenteagoa gara daiteke, tuberkulosi ultraerresistentea, eta horri aurre egiteko botika kopurua are urriagoa da. Osasunaren Mundu Erakundeak dionez, munduko ehun estatutan izan da forma horren berri. Uste da tuberkulosi multierresistenteen %9 inguru tuberkulosi ultraerresistenteak direla. Tuberkulosi mota horri aurre egiteko tratamendu berriak garatzea da etorkizuneko erronka nagusia.