Pazientzia krisian
Pazientzia ez dago modan eta aldiz badagoela krisian esango nuke. Pazientziak berekin dakartza, batez ere: patxada eta itxarotea. Eta gaur egun dena behar da izan atzorako, ez biharko eta ezta etzirako ere. Berehalakotasunaren gurpilean itota bizi gara, kapitalismoaren erritmo basatiaren eta kontsumoaren menera. Baina pazientzia ez dute supermerkatuetan saltzen, edo Interneten. Bestela honezkero telepazientzia kontsumitzaileak ginateke.
Antsietatea sortzen diguten hausnarketa prozesu kolektiboak egiten ditugu; hanka hautsi berritan sendagileak hiru hilabeteko errekuperazioa proposatzen digunean, zera galdetzen diogu: “eta ez dago ezer azkartzeko?”, edo jatetxe batean eseri eta bost minututan jasotzen ez bagaituzte zutitu eta alde egiten dugu haserre; auto pilaketa batean bai edo bai bertan egon beharra dugunetan kotxeetako bozinak lehertzen ditugu. Eta azken denboretako “garapenak” berehalakotasunaren errekorrak hautsi ditu: Whatsappeko mezu bat bidaltzen dugunean eta tick urdin bikoitza egin arren erantzuten ez digutenean, segundoetara, erantzuna pentsatu eta idazteko ia denborarik ematen ez duenetan ere, sentitzen dugun kontrol nahi eta antsietatea. Erabat gainean daramatzagun tick urdin bikoitzen inbasioa gauzak pazientziaz hartzea zailtzen ari zaigulakoan nago. Aldiz, pazientziaren ispiluak natur baliabideetan topa genitzake, milurteko haritzetan, kasu. Milurteko haritzez eta pagoz josia egon izan da gure herria, baina ingurugiroa ere pazientziaz hustu dugu. Pinu eta eukaliptoz edota abiadura handiko trenaz ordezkatuz, betiere, efizientziaren izenean.
Hezten gara erantzun gaitasun azkarretan eta denbora luzeak eta motzak bateratzeko zailtasunetan. Pauso motzen aldera noski, adierazpen argiena ya! izanik. Premisa honekin eraikitzen gara subjektu gisa jendartean.
Urgentziazko zapalkuntza egoerek erantzun azkarrak eskatzen badituzte ere, denboraren bizipen modernoaren deseraikuntza proposatu eta pazientziaren apologia egin nahiko nuke.
Patxada muskulu bat dela entzun nion behin Eider Iruretagoiena psikologoari eta landu egin litekeela; gustatu zitzaidan. Gorputzeko gure muskuluak eta giharrak gimnasioan, mendian edo korrika egitean lantzen ditugun moduan.
Badut hurrengo erronka, pazientzia lantzeko egingo dudan lehen ariketa izan liteke; hurrengoan autobusa berandu datorrenean, zigarro bat antsietatez piztu eta bide batez mugikorreko Whatsappen sartu beharrean, besterik gabe itxarotea. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
