Joxean Agirre

Zuhaitz bat, liburu bat...

Udaberriko kolore berdeetatik (Raimonen “Tots els colors del vert” haietatik) miresgarriena pagoaren hostoena da. Bizitzan gutxienez zuhaitz bat sartu behar dela-eta, nik mila pago pasa sartu nituen orain dozena bat urte (pasatu egin nintzen) eta maiatzean zehar tarte luzeak ematen ditut hosto delikatu horiei begira, japoniarrak gerezi loreei bezalaxe, edertasunaren laburraz gogoeta egiten, sakerik edan gabe nire kasuan, dena esan behar bada.

Seme-alaben kasua ezberdina da. Haiei begira zaudela batzuetan izuak hartzen zaitu, hain zeureak diruditen imintzio bat edo keinu bat edo tonu edo esamolde bat atzeman diezulako, ezaugarri fisikoekin batean, noski, eta, beste batzuetan, arbasoren baten errainuak asaldatzen baitzaitu haien aurpegiko tankeran edo begiradan edo ibiltzeko moduan, dagoeneko ahaztua dugun gau urrun hartan haien mamuak oharkabean gure ohetik igaro bailiran. Ribeyrok gure artean hain aipatua den “Prosas apátridas” delakoan esaten du ume baten jaiotza bandaloen etorrera bezalakoa dela, bikote baten bizimodua hankaz gora jartzen duelako. Ondoren umeari ateratzen zaion hortza zuri erortzen zaizuna da, hazten den zentimetro bakoitzeko egiten duzu zuk behera eta, gero eta beranduago bada ere, beren trepetak motxila batean gorde eta mundura ateratzen direnean zu etxetik alde egin zenuen egunarekin gogoratzen zara eta urruntzen ari diren bitartean bizitzaren arrarotasunaz egiten duzu gogoeta.

Liburu baten kasua ere ez da lasai gelditzekoa. Horrek ere berarekin daramatza arbasoen arrastoak. Arretaz irakurtzen jarriko baldin bagina, berehala ohartuko ginateke ideia bat halakori edo esamolde bat besteari nola hartu zenizkion, baina aldi berean zurea sentitzen duzu, agerian baititu zure mania, neura eta gabeziak.

Egunotan nobela bat kaleratzea egokitu zait eta bihotza uzkurtu egin zait pixka bat, ume bat lehen aldiz ikastolara eramatea bezalatsu delako, hain iruditu baitzait dohakabea, badakidalako salmahaietan, erakusleihoetan eta dabilen lekuan beste batzuek hartuko diotela aurrea, bultza egingo diotela eta irakurle listoren batek akatsak ateratzen badizkio edo kritikoren batek kilimak egin, ez duela erantzuteko adorerik izango eta lurrera begira geratuko dela bekozkoarekin. Eta pena pixka bat eman dit. •