30 ABR. 2016 infraganti EñAUT IZAGIRRE Izotz puskak aurkitu eta aztertu. Horretan dihardu Eñaut Izagirre geografo eta glaziologoak. Txileko Punta Arenas hirian dagoen Magallanes Unibertsitatean master bat egiten ari da, eta doktoretza tesi bat egiteko proposamena jaso du Patagoniako Hoste uhartera egindako 45 eguneko espedizio batetik itzuli berritan. Aimar Etxeberria Korta Izotza nonahi, muturreko baldintza klimatologikoak eta bakardadea. Eñaut Izagirre (Elgoibar, 1990) geografo eta glaziologoaren jardunbidean oinarri diren hiru elementu dira. Edonor atzera botako luketen hiru elementu izanagatik, nolabaiteko erakarpen indar bat daukate Izagirrerekiko, are baldintza horietan lan egitea pasio bilakatzeraino. Glaziologoa da bera, baina geografiatik abiatuta egin du glaziarrak aztertzen dituen zientziarako bidea: «Txikitatik ibili izan naiz mendian eta, ondorioz, betidanik interesatu izan zaizkit lurraren gorabeherak, malkarrak, erliebeak. Interes hori Geografia ikastearekin lotu nuen eta bide horretan geografia fisikoan zentratzea erabaki nuen, alegia, erliebeak nondik datozen eta nola eratzen diren aztertzea erabaki nuen». Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Geografia ikasketak, eta ondoren abiatu zen Txilera, Punta Arenas hiriko Magallanes Unibertsitatera, glaziologiaren inguruko master bat egitera: «Ibilbide horrek guztiak eraman ninduen Patagoniako glaziarrei begira jartzera. Glaziarrak, baina, ezagutzen nituen aurrez ere, Pirinioetakoak batez ere. Unibertsitatean ezagutu nuen Ibai Ricoren eskutik ezagutu nituen, eta berarekin egin nituen lehenengo landa-lanak glaziar batean». Bere jarduna batik bat Patagonian zentratzearen arrazoia logistikoki beste eremu batzuk baino errazagoa delako da –Antartikoa, adibidez–. «Oso gustura ibiltzen naiz bertan. Nahiko ongi ezagutzen dudan eremua da eta oraindik lan pila bat dago egiteko bertan», azaldu du. Izotz puskak aztertzen Zein da, baina, glaziologo baten egitekoa? Honela azaltzen du Izagirrek: «Kriosferari –izotzari– lotutako lan guztiak barnebiltzen dira glaziologo baten jardunean, nola glaziarrak hala itsas izotza –icebergak– ere. Finean, baina, zientzia puruen arteko ‘zientziatxo’ bat da; Geologia, Klimatologia, Geografia eta Geomorfologia batu eta horren ondorioa da, glaziarretara enfokatuta». Dioenez, Ameriketako Estatu Batuetatik datorren izendapena da glaziologoarena, eta nahiz eta ez izan oso jardunbide ezaguna gure artean gaineratu du nazioartean oso erabilia dela. Garatu nahi duen jarduna ere modu ezberdinetan enfoka dezake glaziologo batek. «Klimari lotuta, aztertu daiteke glaziarrak aurreratzen edo atzeratzen ari diren, alegia, azter daiteke nola ari den aldatzen glaziar baten masa-balantzea. Erliebeari dagokionez, glaziar batek inguru horretako erliebean izan duen eragina azter daiteke. Adibidez, Aralarren izan ziren glaziarrak iraganean, eta nahiko erliebe mota esanguratsuak daude egun. Pirinioak ere aipaturikoaren adibide dira; Belaguako harana, adibidez. Haran glaziar bat da, nahiz eta gaur egun jendeak ez duen pentsatzen hor glaziar bat egon zenik. Giza ikuspuntu batetik, azter daiteke glaziarrek ur-errekurtso bezala daukaten garrantzia, Peru eta Txileko hainbat eremutan gertatzen den bezala», adierazi du Izagirrek. Glaziarren aurrera edo atzera egiteaz hitz egitean, aldaketa klimatikoaren gaia mahaigaineratu da. Gaiaren inguruko iritzi pertsonala dauka Izagirrek, oinarri zientifiko batekin osatzen duena. Haren hitzetan, eratu eta desagertu egin dira glaziarrak historian zehar: «Gaur egungo egoerari erreparatuta, pairatzen ari garen beroketa klimatikoak desagertze bidean jarri ditu glaziarrak, nahiz eta ez dakigun guztiz desagertuko diren edo ez. Baina desagertzen badira ere, planetak jarraituko du bere bidea egiten, gizakiaren esku hartzearekin edo gabe. Horrek esan nahi du glaziar batzuk desagertuko badira ere beste batzuk eratuko direla etorkizunean, baldintza klimatikoen arabera betiere». Patagoniako kasu espezifikoan erreparatuta, argi ikusten du Izagirrek bertako glaziarren atzeratze tasa oso-oso handia dela, «azken 50 urteotan batez ere. Hori gertatzen da –jarraitu du– klima berotzen ari delako, eta horrek eragin zuzena dauka glaziarren urtze prozesuan. Glaziar batek bizitzeko behar duena da neguan erortzen den elur kopurua udan ez desagertzea, eta alderantzizkoa ari da gertatzen egun». 45 egunez ezezaguna esploratzen Glaziologo baten jardunaren oinarria, bada, landa-lana da, glaziarrak zapaldu eta hauek aztertzea. Txileko Patagoniatik itzuli berria da Izagirre, Hoste uhartetik hain zuzen ere. 45 egun igaro ditu bertan, ezezaguna zen uharte batean. Bost laguneko espedizio bat izan da: Ibai Rico, Evan Miles eta Izagirre bera esploratzaile moduan eta beste bi lagun oinarrizko kanpaleku izan duten belaontzian. «Hirurok lagunak gara eta bada denbora bat ezagutzen garela. Patagonian zerbait egiteko gogoz ginen, eta hala hasi ginen begiratzen zertan egin genezakeen ekarpena. Horretan ginela, ezezaguna zen izotz eremu batekin egin genuen topo, eta hara joatea erabaki genuen», azaldu du. Prestaketa lanetan zenbiltzala, gainera, hainbat beka eskuratu zituzten: Azpeitiko Udalaren Joxe Takolo bekarekin egin ziren, National Geographic-en esploratzaile gazteentzako beka eskuratu zuten eta Londresko Royal Geographical Society entzutetsuaren azken bultzada ere izan zuten. «National Geographic-ek kontratu bat sinatzea eskatu zigun, baita espedizioaren dibulgazio lana euren eskuetan uztea ere. Londresko Royal Geographical Society-rekin daukagun betebehar bakarra erreportaje bat bidaltzea da, espedizioko argazki batzuekin, ondoren eurek publika dezaten», nabarmendu du. Bekez gain, mikrolaguntza ezberdinak jaso zituzten, eta crowdfunding kanpaina bat ere abiatu zuten. Hasierako plana izotz eremu ezezagun batera joan eta esplorazio lana egitea zuten, bide batez lan zientifikoa eginez: «Horretarako, beti egiten dugun bezala, galdera batzuk planteatu genizkion geure buruari, eta horiek erantzuten ahalegindu gara. Sarri gertatzen da egin dituzun galderen erantzunak esperotako erantzunetatik oso ezberdinak izatea, baina horrek badu positibotik ere, aurrez dauden hipotesi batzuei erantzun bat eman diezaiekezulako oinarri zientifiko batekin». Izagirrek dio gisa honetako espedizioek norberaren konfort eremutik ateratzen laguntzen dutela, baita 45 egunez bost lagunekin soilik egote horrek talde lanari garrantzia berezia ematen laguntzen duela ere: «Norberaren egoak albo batera utzi behar dira eta taldean pentsatu behar da une oro. Berez baldintzak samurrak ez badira, horri 10 eta -10 graduko tenperaturak gehitu behar zaizkio». Orain arte egin duen espedizio luzeena izan da iragan martxotik apirilera bitartean egindakoa eta, nahiz eta oraino ez den honen ondorioak aztertzen jarri, pertsona bezala hasteko eta talde lanean nola moldatzen den jakiteko balio izan diola aipatu du: «Espedizio-buru antzeko zerbait izatea tokatu zait. Ni nintzen ingurua hobekien ezagutzen zuena eta belaontziko kapitainarekin ere nik egin nuen harremana. Taldea eramatea tokatu zait, beraz, eta horiek esperientziak dira, pertsona bezala hazteko balio dutenak. Horrek guztiak egoera berriak bizitzeko motibazioa pizten dizu, plan berriak egitekoa». Eta horretara jarri da Izagirre lurra hartu bezain pronto. Txile eta Britainia Handiko ikertzaileek osatzen duten proiektu bat abiatu berri da Txilen bertan, glaziarren aurrealdean eratzen diren lakuak aztertzeari begira: «Kontua da zenbat momentutan arriskutsuak suerta daitezkeela laku hauek, izotz puska bat edo harri handiren bat gainera erotzen bazaie batik bat. Lakua apur daiteke eta, ondorioz, uholdeak eragin. Txilen arrisku handia dira mota honetako lakuak, pila bat daudelako». Hori hala, bere masterreko tesian kotutore lanak egin dizkion Gino Casassa glaziologoak proiektuan parte hartzera gonbidatu du eta, nahi izanez gero, doktoretza tesi bat egiteko aukera eman dio: «Gaia interesgarria da, gaur eguneko egoera bat aztertzen duelako. Proiektuan sartu edo ez pentsatzen ari naiz; laguntzeko, behintzat, prest nago». • Txileko Patagonian aurkitzen den Hoste uhartetik itzuli berri da Izagirre. Bertara egindako 45 eguneko espedizioak pertsona bezala hazten lagundu diola nabarmendu du Glaziarren aurrealdean eratzen diren lakuak aztertzera bideratua dagoen proiektu berri batean parte hartzeko eskaintza egin diote: «Pentsatzen ari naiz; lagundu, behintzat, egingo dut»