Otoitz antzuak
Palestinako bidaia batean Victor Bartasherekin solas egiteko aukera izan nuen. Topaketan Betleemeko alkatea zenak orduko aita santuarekin bizitako pasadizo bat kontatu zuen. Sineskeria kristauaren arabera, eta Jesukristo jaio omen zeneko hiriko udalburua izanik, politikari ezkertiarrak Eliza Katolikoaren nagusiari harrera egin behar izan zion. Bere karguaren betebeharrari men eginez, beraz, Joan Paulo II.arekin batzartu zen. Elkarrizketa Vatikanoko agintariaren esku hartzea eskatzeko baliatu zuen Bartashek. Azaldu zion zein bizi baldintza latzak pairatzen dituzten Betleemen, harresiz eta koloniaz inguratuta, okupazio militar bortitz baten menpe, bizi baldintza duinak bermatzeko gutxieneko baliabideak murriztuta... eta erregutu zion bere karguari dagokion boterea balia zezala egoera hori nolabait arintzeko. Wojtylaren erantzuna argigarria bezain antzua izan zen: «Ez kezkatu, egingo dut otoitz zuengatik».
Formak aldatu omen dira geroztik. Zenbaitek uste du hierarkia katolikoaren zuzendaritzan izandako erreleboak haize berriak ekarri dizkiola erakundeari, Francisco aita santuak egindako hainbat keinuk bultzada ematen diotela Elizaren egitura herdoilduak behar duen eraldaketari. Baina keinuak, harago joan ezean, bere horretan geratzen dira, keinu hutsaletan. Azkena Lesbos irlara egindako bisitarena. Bergogliok hamabi errefuxiatu salbatu ditu erbestearen infernutik Egoitza Santuan ostatua emateko, gainontzeko milioiak lokatzetan murgilduta utzita. Hori bai, horien alde otoitz egingo du, segur aski, oso gogotsu gainera, bere aurrekariak palestinarren alde egin zuen bezala. Itxurakeria.
Auzo lotsa ematen du munduko botere faktiko dirudunenetako baten buruzagiak, hamabi gizajori ogi apurrak emanez bere erantzukizuna zuritu nahian. Neuk ere egingo dut keinu antzu bat Eliza salbatu daitekeela sinesten duzuen horiekiko begirunez: egingo dut otoitz zuengatik. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
