Maider Uriarte
Arkitektoa eta irakaslea

«Vending»

Etxebizitza bernakuluak, elementu domestiko arruntak eta eguneroko errutinak baliatuz, eskala handiagoan hau da lurralde eta paisaia mailan hausnartzea posible da. Antzeko ariketa egin daiteke bestelako arkitektura edo elementu eraikiekin; esaterako, Japonian nonahi topatu daitezkeen «vending» makinekin. Hasteko, esan dezagun vendingak pertsonen arteko harreman hierarkikoetako formak eta hain ezarriak dituzten protokoloak ia deuseztatzen dituela. Japoniako teknologia berritzaileak gain-sortzeko tradizio luzeari esker autosalmenta makinek erosketa errazten dute.

Japoniako espazio urbanizatuan zoladura bezain oinarrizkoak dira toki orotan jarrita dauden makinak eta horien (gehienetan) edari eskaintza zabal bezain errepikakorra, hotz zein bero. Europar hirietako kale eta espazio publikoaren jarraitutasun formalarekin eta itxura ordenatuarekin ohituta dagoenarentzat erakargarria da hiri japoniarretako aniztasuna edo zenbaiten iritziz, anabasa: eraikinen altuerak nekez izaten dira berdinak, are gutxiago fatxadetako formak eta materialak, eta barne zein kanpo erabilerek ere ez dute itxurazko logikarik. Hain modu indibidual eta pribatuan, antolamendu formal arauturik gabe garatu diren hiriak ustez amorfoak diren zokoz osatuta daude. Alabaina, probetxua ateratzen diete, tamaina badute lauzpabost makinatxo kokatzeko, bestela landare-ontzi bat jartzeko. Nonahikotasun hori japoniarrek hain maite duten praktikotasunaren ondorio da: benri kontzeptuaren ondorio, alegia. Vending makinak egarria asetzeko oso benri dira.

Antzeko egoera topatzen dugu hiri dentsoetatik kanpo barreiatzen den lurralde suburbano edo landa-urbanoetan. Herrialdearen ehuneko handi bat horrela okupatua baitago, erabilera eta elementu hiritarrak nahiz ez hiritarrak nahasten dituen aldiri ia amaiezin batek estalia. Hemen ere jarraitutasun gabezia, zatikako egitura, eta nahasketa izugarria da: baratzeak, gasolindegiak, arroz sailak, aparkalekuak, etxebizitzak, gurtze-toki sintoistak, errepideak, banbu basoak, semaforoak… bata bestearen alboan paratuta daude, (europar) konplexurik gabe. Eta, hemen ere, vendingak.

Suburbia japoniarrean, ordea, gailuok bestelakoak dira. Adibidez, arroza bosna eta hamarna kiloka eskuragarri jartzen duen pabilioi itxurako makina bat egon daiteke bide-bazterreko partzela txiki batean: 24 orduz arroza salgai. Errepide nagusitik aldenduta, berriz, saltzailerik gabeko postutxoetan barazki eta fruituak bezeroen zain daude. Esan dezagun landa eremuko vendingak direla, auzoko nekazarien uztako soberakina salgai jarrita etxola itxura duten mikroeraikinetan, denda irudikatzen duen gortinatxo eta guzti. Barazkiak ondo bilduta, prezioa argi eta itsulapikoa alboan dutela –lapurren beldurrik gabe– landa-vending hauek etxeko hesian edo bide ertzeko arekan kokatzen dituzte. Hemen ere saltzailearekin interakziorik ez dago, freskagarrien eta litxarrerien ordez, baratzekoak, eta itsulapiko analogikoa, billeteak jaten dituen gailu digitalaren lekuan; hirietako zokoak zein nekazaritza aldirietako bide-ertzak saltoki eta paisaia arrunten parte dira Japonian. •