Zakila du eta neska da


Zalantza izan zuten denbora luzean. Eta azkenik, haurra esan eta esan ari zitzaiena entzun zutenean, argitu zen zalantza: mundura zakila zuela sortu zuten beren haurra neska da. Amari lehen ekografia egin ziotenean esan zieten mutila zela. Gero, jaio zenean, sendagileak ezaugarri genitalei begira berretsi zuen. Hortaz, gorputzari soilik eginiko begiradak erabaki zuen mutila zela. Eta halaxe izan zen aurkeztua jendartean, mutil gisa. Hala, munduaren alde batean izan zen kokatua: mutilen aldean.
Hazten hasi zen heinean, ordea, beste mutilengandik bereizten hasi zen. Munduan nesken aldean kokatuta dauden gauzak eskatzen hasi zen. Geroago, ikastolara soinekoa jantzita joan nahi zuela esan zien gurasoei. Haiek hasieratik onartu zuten haurraren nahia. Ez zen egoera erraza, baina nahi hura errespetatzen eta asetzen saiatu ziren, barru-barruan bolada pasako zitzaion itxaropenarekin, seguruenik.
Neskaz jantzitako mutila bihurtuz joan zen jendartearen begietara. Eta orduan eta nesken elementu gehiagoren beharra izan zuen: soinekoa, diadema, arrosa kolore distiratsuak... dena ere ez zitzaion nahikoa, hala ere. Nolabaiteko onarpena jaso zuen, definizio berri bat lortu zuen. Jada ez zen mutila, neskaz jantzitako mutila bihurtuz joan zen.
Etxekoentzat, luzatzen ari zen egoera deserosoa bihurtu zen. Inguratzen hasi ziren «adituen» liburuetan irakurri zutenez, genero identitatea ez omen da finkatzen 6 edo 7 urte arte. Eta haurrak adin hori izan arte itxaron beharko zutela onartu zuten.
Baina tarte horretan egoera eztandarazi zuen gertaera jazo zen. Ikastolako mutil zaharrago batek jende guztia bere baitan pentsatzen ari zenari ahotsa jarri eta «baina zuk zer uste duzu, neskaz jantzitako mutila besterik ez zara» esan zion.
Imajina dezakezue zer etorri zen ondoren. Mutikoa zigortua izan zen, noski. Bilerak egin ziren haren gurasoekin egoera labain hartan iraina ez baitzen nolanahikoa. Eta azken finean, mutikoak, denek pentsatzen zutena besterik ez zuen esan.
Haurrak, nahasmenaren erdian, berriro errepikatu zuen asperdura arte esaten ari zena: «Ni neska naiz». Gurasoek, haurra ondoan, beren egunerokoan, bere inguruan, zabaldu zuten mezua: «Zalantza genuen baina orain badakigu: neska da».
Pentsatzekoa da haurrarentzat gurasoen jokaera hori mundura berriro sortzea bezala izan zela. Azkenean, neska zela onartu zuen jendarteak.
Handik aurrera neska horrek batzuetan soilik janzten ditu soinekoak, futbolean jokatzen du lagunekin, txandalarekin ibiltzen da, nesken aldagelan aldatzen da, eta zenbaitetan apain-apain jartzea du gustuko. Gainerako neska guztiek bezala hartu du bere bidea.
Ukapen historia luze hori guretik ez oso urrun gertatu da. Izan ere, estatistikek diotenez, jaiotzen diren 1.000 haurreko bati ez datozkio bat genitalak generoarekin.
Guri, orain gutxi tokatu zaigu gelan gorputza lantzea. Urtero legez, nesken ala mutilen ezaugarri genitalak dituzten bi panpina handi atera ditugu.
Aurten, ordea, neskatxa haren historia ezagutu ondoren, erreparoa izan dut nirekin ditudan neska-mutilei esateko «hau neska da eta hau mutila». Eta aitortu behar dut egoera ez zaidala erosoa egin, nik nesken edo mutilen multzoan sailkatu dudan haurren bat bere itxura fisikoaz soilik sailkatu eta asmatuko ez ote dudan beldurrez.
Chrysallys Euskal Herria, Adingabe Transexualen Familien elkarteaz hitz egin dit lagunak. Eta haretxek esan dit zakila duten gehienak mutilak direla, baina ez denak; eta alua duten gehienak neskak direla, baina ez denak. Eta ohartu naiz mundua pixka bat egokiago sailkatua egoteko formula eman didala.
Multzo teoriaren bidez esanda, bi multzoen ebakiduran ezaugarri genitalak ipini behar ditugu, mototsarekin, belarritakoekin, begiak margotzearekin-eta batera, neskenak izan daitezke edo mutilenak. •

