Antiguako tunela, Ondarretako kartzela eta Igeldoko dorrea

Gaur egun Donostiako Miramar jauregia dagoen lekuan, San Sebastian Martiriaren monasterio eta eliza zegoen, 1836an suntsitu zuten arte. Lehen Karlistaldiaren ondoren eliza berreraikita, berriro eraitsi zuten Miramar jauregia eraikitzeko, 1889 eta 1893 bitartean, Selden Wornun arkitekto ingelesak eta Benito Olasagasti kontratistak diseinatutako planoak baliatuta. Olasagastik Ondarretako kartzela ere eraiki zuen. 1889an egile ezezagun batek ateratako argazkian, Antiguako tunelaren eraikitze lanak ikusten dira; baita, atzealdean, Ondarretako kartzela ere. Kartzela eraikitzeko, okupatu behar izan zituzten 1875ean Gerra Ministerioak hiriari kendu zizkion eremu militarreko zenbait lursail. Igeldoko mendi-hegalean “Satrustegi dorrea” ere ikusten da. Hura eraiki zuena, Joaquin Satrustegi donostiar diplomazialaria, alde liberalaren ordezkarietako bat izan zen “Bergarako besarkadan”, 1839an. Igeldoko gainean, 1854 arte itsasargi gisa eta 1875an, Bigarren Karlistaldian, gotorleku gisa erabili zuten dorrea ageri da.


