Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

«Beltzak gara behelaino artean?»

Sarrionandiak amazig herriarekin alderatu gintuen saiakera sakon eta zabal hartan eta ez naiz ni zutabe arin eta estu honetan hitz joko batetik askoz haratago joango. Euskara nondik heldu ote den eta zein zabalera eta ahaidetasun izan dituen ziurgabetasunez minaturiko eremua dela birgogoratu dit asteon sare sozialetan bolo-bolo zabaldu den ikerlari kanadar batek egindako bideo laburrak. Eta berriz ikusi dut azalpen horietan Europa mendebaldeko eremu handi bat koloreztatua. Glaziazioek kontinente zaharrean eragindako giza mugimenduetara ere joaten ahal baikara gure hizkuntzaren erroen bila.

Hain zuzen, hil hasieran “Nature”-n argitaratu den goi paleolitikoko ikerketa genomiko zabalenean, argi geratu dena horixe izan da: Europa milurtekoetan zehar migrazio handi eta bortitzak jasan dituen lurraldea dela. Duela 45.000 urtetik 7.000 urtera bitarteko 51 gizakiren arrastoen DNA aztertu dute Harvardeko Unibertsitateko David Reichen taldean, orain arte gutxi batzuk soilik zeudenean aztertuta teknikon garapen faltaren ondorioz. Lehen ondorio argigarria; duela 45.000 urte Europara heldutako lehen homo sapiens haien arrasto genetikorik ez dugula gaur egungo europarrek, deus! Alegia, egun kontinente zaharrean bizi garen guztiak garela atzerritar. Egungo europarrek ahaidetasuna dugun lehenengo populazioa duela 37.000 urtekoa ei da, kultura auriñazienseari dagokiona (arte eta musikaren lehenengo aztarnak erakusten dituztenak), eta, era berean, populazio fundazional bakarretik zetozenak.

Garai honetan hasten da azken Izotz Aroa eta honek europar populazioa hegoalderantz migratzera edo desagertzera eramaten du. Glaziazioaren unerik bortitzena baino lehen, dena den, aurreko populazioa ia erabat ordezkatzen duen talde bat agertzen da duela 33.000 urte. Kultura gravatiensearekin lotzen dira hauek, Venusen eskulturek eta eskuekin egindako irudiek ezaugarritzen dutena. Ez da duela 19.000 urte arte izango berriz ere kultura auriñaziensearen ondorengoak azaltzen direla (Kantabriako aztarnekin loturikoak), antza Izotz Aroan Europa hegoaldeko gordeleku beroetan babestu zirenak (Iberiar penintsulan batez ere), klima epeltzean Europa iparraldeko eremuak berreskuratu eta populazioa berriz ere ordezkatuz.

Duela 14.000 urte berriz, Ekialde Hurbiletik Europan nagusi bilakatuko den populazio bat heltzen da, aurrekoak ia erabat suntsituz eta bere marka genetikoa milurtekoetan mantenduz, Italiako Villabrunan duela 7.000 urte bizi izan zen ehiztari/biltzaileak erakusten duen gisa. Gizaki honek azal iluna eta begi urdinak ditu, duela 14.000 urtera arte europar guztiak azal ilun eta begi marroikoak zirenean. Europara lehen gizaki zuriak duela 13.000 urte heltzen dira eta duela 8.000 urte Mesopotamiatik nekazariak heltzearekin Neolitikoa zabaltzen denean hasten da zuria Europan gailentzen. Alegia, europarrak beltzak izan garela homo sapiens-ak kontinente zaharrean eman duen denbora gehienean!

Beltza zen, besteak beste, ikerturiko 51 gizakietatik “Dama Gorria” bezala ezagutzen dena, duela 19.000 urte inguru egungo Kantabrian bizi izan zena eta garai horietan ezohikoa zen ehorzketa bat izan zuena, gorpua airean lehortzen utzi eta gero hezurrak gorriz margoturik lurperatu zutena. Garaian gorazarre egin zitzaion europar horrek, gogora ekarri dit irudira ekarri dudan aktibista suediarra, Tess Asplund, neonazien martxa baten aurrean, tinko ukabila jasota, faxismoaren aurkako duintasunaren irudi bilakatu dena.

Xelebrea da bizitzea egokitu zaigun garaia. Aste berean aipatu ikerketa, Asplunden ekimena, Berlingo guduaren urteurrena eta alta, Microsoften Tay robot xaloa Twitter bidez gizakiekin harremandu eta ikasteko sortua sare sozialek arrazista, antisemita eta matxista bilakatu dute ordu gutxitan. Inozokeria hegemoniko egiten ari den garaiotan, dagoeneko ez nau horrenbeste kezkatzen euskara nondik heldu ote zen Kantauriko hegi honetara, baizik eta nola demontre izan den gai historiako enbata guztien gainetik bizirik irteteko. Erresistentziatik bada zer ikertu, ikasi eta saiatu! •